I. Kapitulua. Izena ematea, hautaketa eta matrikula

Master Ofizialen Kudeaketa Arauak

I. Atala. Sarbidea, izena ematea eta hautaketa

1. artikulua.- Sarrera.

  1. Unibertsitateko master ofizialetako ikasketetara sartzeko, unibertsitateko titulu ofizialen bat izan behar da. Titulu hori Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntzako erakunderen batek emana izan behar da eta masterreko ikasketetarako sarbidea eman behar du titulua eman duen herrialdean.
  2. Bestalde, Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko tituludunak ere sartu ahal izango dira titulua homologatu barik, baldin eta unibertsitateak egiaztatzen badu titulu horren bidez lortutako prestakuntza eta Espainiako unibertsitateetan pareko titulu ofizialean eskuratutako maila berekoak direla, eta herrialde hartan titulu horrek graduondoko ikasketetara sartzeko aukera ematen duela.  Modu horretan sartzeak ez du esan nahi titulua homologatzen denik: unibertsitateko masterra egiteko baino ez zaio onartuko, hau da, ez du bestelako ondoriorik izango.

2. artikulua.- Master ofizialean onartua izateko baldintzak

UPV/EHUko unibertsitate masterretan onartua izateko, ondoko baldintzak bete behar dira:

  1. Graduatua, lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa, diplomatua, arkitekto teknikoa edo ingeniari teknikoa izatea.
  2. Master ofizialaren proposamenean ezarritako baldintza bereziak betetzea.
  3. Unibertsitateko masterrean onartua izatea arautegi honetako 3-5 artikuluetan zehazttako prozedurari jarraituz.

3. artikulua.- Izena ematea: ikasleak hautatzea eta dokumentuak aurkeztea

  1. Master ofizialetan matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Izena emateko prozesuan ikasleak hautatzeko ezarriko diren irizpideak master ofizial bakoitzerako zehaztutakoak izango dira, arautegi honetako 5.1 artikuluan jasotakoari jarraituz.
  2. Masterraren arduradunak emango ditu argitara irizpideok web orrian eta masterra irakatsiko duen ikastegiaren, sailaren edo institutuaren iragarki oholean, eta bertan egongo dira jarrita eskariak aurkezteko epea amaitu artean. Masterraren arduradunak, era berean, ikastaroak noiz eta non emango diren argitaratuko du, bai eta eskolen ordutegia ere.
  3. Izena emateko epea, prozedura eta aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian argitaratuko dira, bai eta ikastegietako idazkaritzetan ere.

4.artikulua.-

Titulu homologatu gabea daukaten ikasleek ez dute zertan homologatu titulua master ofizialetako ikasketetara sartzeko. Halakoetan, titulua legeztatuta egon beharko da eta titulua bera eta gainerako dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetako batera itzulita aurkeztu (itzulpena ofiziala izan behar da) Masterra ingelesez ematen bada, ez da eskatuko dokumentazioa itzultzea, baldin eta ingelesez badago.

Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian argitaratuko da, bai eta ikastegiek zehaztutako idazkaritzetan ere.

Europako Unibertsitate Eremutik (EUE) kanpoko atzerriko titulu homologatu gabea daukaten ikasleak onartzeko, beharrezkoa izango da Graduondoko Batzordearen onespena.

Master bakoitzaren arduradunak Graduondoko Batzordera bidali beharko du EUEtik kanpoko atzerriko titulu homologatu gabea daukaten eta masterreko Batzorde Akademikoak onartu dituen ikasleen dokumentazioa, eta horrekin batera ikasleok onartzeko arrazoiei buruzko txostena. Izena emateko epea bukatu eta 10 eguneko epean bidali beharko da dokumentazioa.

5. artikulua.- Merituak baloratzea eta hautatutako ikasleen zerrendak argitaratzea

  1. Master bakoitzeko batzorde akademikoak hautatuko ditu ikasleak, unibertsitateko masterra arrazoitzeko memorian merituak ebaluatzeko zehaztuta dauden irizpideak kontuan hartuta, eta Unibertsitateko masterrak osatu eta onartzeko prozedurari buruzko arautegiaren babesean.
  2. Hautatutako ikasleen zerrendak argitaratzea.

Ikasleak hautatzeko prozesua behin bukatuta, master ofizialaren arduradunak gestio hauek egin beharko ditu:

  • Ikasle onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu, ikasleak onartzeko epea bukatu eta, gehienez ere, 5 lan eguneko epean.
  • Erreklamazioak aurkezteko epea ezarri (gehienez ere hurrengo 4 lan egunetan).
  • Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei lan egunen barruan, ikasle onartuen behin betiko zerrenda argitaratu. Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari behin betiko zerrenden kontra, zerrendak argitaratu eta biharamunean hasiko den hilabeteko epearen barruan.
  • Onartutako ikasle bakoitzari tutore bat jarriko zaio, masterreko irakasleen artetik aukeratua. Tutore horrek zehaztuko du ikasle bakoitzak egin beharreko ikasketa plana. Horrez gain, jarraibideak eta aholkuak emango dizkio, bai ikasketetarako, bai lanerako.

Masterrean onartua izateko, dena dela, ezinbestekoa izango da matrikula egitea.

II. Atala. Matrikula eta prezio publikoak

Unibertsitateko masterrean onartutako ikasleek matrikula egin beharko dute Graduondoko Batzordeak ikasturte bakoitzerako onartutako egutegiari jarraituz, eta ikasturte osoan egin nahi dituzten irakasgai guztiak sartu beharko dituzte. Master bakoitzaren memorian egongo da zehaztuta ikasle bakoitza gutxienez zenbat kreditutan matrikulatu behar den.

6. artikulua.- Matrikula egiteko prozedura

Master eta Doktoregoko Atalak ezarritako prozedurari jarriki egingo da matrikula. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian argitaratuko da, eta ikastegi arduradunek zehaztutako idazkaritzetan.

28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie. 28 urtetik gorako ikasleek, berriz, asegurua egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo behar dute kasuan kasuko aseguru etxera.

Matrikula aldatu nahi izanez gero, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta masterreko tutoreak eta arduradunak baimendu beharko dute. Baimena lortu ezean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio masterreko batzorde akademikoari, eta hark ere baimena ukatuz gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari. Aldaketak ikasturte bakoitzeko abenduaren 31a baino lehen egin behar dira eta aldatu nahi den irakasgaiko eskolak ezin izango dira hasita egon.

7. artikulua.- Matrikula egiteko egunak.

Batzorde akademikoak hala proposatzen badu, bi epe egongo dira matrikula egiteko. Graduondoko Batzordeak onartu beharko ditu haien egutegiak. Lehenengo epea ikasturtea hasi aurretik irekiko da, eta bigarrena, berriz, bigarren lauhilekoa hasi baino lehen. Bigarren epea matrikula berrietarako baino ez da izango, eta ezin izango da inolaz ere erabili irakasgai gehiagotan matrikulatzeko edo matrikulan aldaketak egiteko.

Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, baimena eman ahal izango zaio ikasleren bati epez kanpo egiteko matrikula.

Onartutako ikasleak berresteko epea behin amaituta, Master eta Doktoregoko Atalak zenbat ikasle berretsi diren jakinaraziko dio Graduondoko Batzordeari. Doktoregoko Azpibatzordeak berretsitako gutxieneko kopurua ezarri ahal izango du matrikulako epea ireki eta masterra emateko baimena eman ahal izateko.

Azken bi ikasturteetan 10 ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak UPV/EHUren eskaintzatik kanpo gera daitezke. Unibertsitate arteko masterretan, sare osoko ikasleak hartuko dira kontuan.

Jarduera akademikoa ez da hasiko matrikula egiteko epea bukatu arte.

8. artikulua.- Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko era

  1. Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.
  2. Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo prezioak ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.
  3. Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak errespetatu beharko ditu.
  4. Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.
  5. Beka eskatuta izateagatik matrikula ordaindu ez dutenek, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko goi mailako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak zehazteko xedez Eusko Jaurlaritzak emandako aginduari jarraitu beharko diote.
  6. Eskola asegurua, ikaslearen txartela eta gainerako administrazio tasak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egiterakoan)
  7. Kredituak onartzeko, kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako ezarrikoari jarraituz.
  8. Matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaro eta ez bada hartu Master eta Doktoregoko Atalak matrikularen kontra egindako erabaki edo jakinarazpenik, matrikula onartu egin dela ulertuko da.
  9. Matrikula ordaindu ez duten ikasleak unibertsitatearen zordun izango dira. Halaxe jasoko da erabaki batean, eta horren berri emango zaie interesatuei jakinarazpen baten bidez. UPV/EHUrekin zorrak dituztenek ezingo dituzte erabili unibertsitatearen zerbitzuak, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ezta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere, eta ezingo dute egin beste matrikularik. UPV/EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok.

9. artikulua.- Matrikula motak eta prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

Matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa ikasle bakoitzaren baldintzen araberakoa izango da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prezio publikoak ezartzeko ikasturte bakoitzean emandako aginduari jarraituz.

Graduko azken urtean ohorezko matrikularen bat atera duten UPV/EHUko ikasleek, hurrengo urtean UPV/EHUko master ofizial batean matrikulatzen badira, deskontua izango dute matrikulan, hain zuzen ere, ohorezko matrikula atera duten kreditu kopurua ez zaie kobratuko.  Prezioaren murrizpen bera aplikatuko zaie maila bat baino gehiago dauzkan master ofiziala egiten duten ikasleei.

10. artikulua. Matrikula baliogabetzea

  1. Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat, eta behin hiru hilabete igarota Master eta Doktoregoko Batzordeak matrikularen kontrako erabakirik edo jakinarazpenik eman barik, matrikula behin betikoa izango da eta irmoa ondorio guztietarako.
  2. Maiatzaren 29ko 13/1998 Legeak, EAEko Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoak, zehaztutakoaren arabera, nahiz eta ikasleek legeak agindutako epe eta moduan eskatu matrikula baliogabetzea, ez dituzte, inolaz ere, ordaindutako prezio publikoak berreskuratuko, 11. artikuluan adierazitako kasuetan izan ezik.
  3. Unibertsitateak matrikula onartzen ez badu, erabaki arrazoitua eman beharko du, eta kasu horretan baino ez da itzuliko ordaindutakoa. Matrikula ez onartzeko erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo errektorearen eskumenak eskuordetuta dituen aginteari.

Kasu hauetan baliogabetuko da matrikula:

  • Ikasleak matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat betetzen ez duenean: eskakizuna egingo zaio interesatuari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 71.1 artikuluan jasotakoari jarraituz.
  • Interesatuak horrela eskatzen badu abenduaren 31 baino lehen, baina ordaindutako dirua 11. artikuluan jasotako kasuetan baino ez zaio itzuliko.

Matrikula baliogabetzeko eskaria egin duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena ikasketa horiek egin nahi izanez gero.

Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, bekaren deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak, eta aurretik beka-eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka-eskaeraren agiria aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren beste dokumentuekin batera. Bestela, ordaindu egin beharko ditu matrikulako irakasgaien prezioak, nahiz eta horrek ez duen eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu egin bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

11. artikulua.- Tasa eta prezio publikoak itzultzea

Salbuespen hauetan itzuliko dira prezio publikoak:

  1. Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren bat betetzen ez duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.
  2. Ordaindutako zenbatekoa handiagoa denean indarreko prezioa baino, kalkulu errore bategatik edo behar ez den kobrantza egin delako, ikasleak horren erantzukizunik ez duela.
  3. Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo diru laguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egi badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraiki.
  4. Ikasleari onesten zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.
  5. Ikasleak eskatzen duenean matrikula baliogabetzeko eta dirua itzultzeko ikasturtea hasi aurretik; kasu horretan itzuliko zaizkio matrikulatutako, aitortutako edo baliozkotutako kredituen zenbatekoak.
  6. Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu  ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera.Kasu honetan ebaluatu ez diren irakasgaiak baino ez dira baliogabetuko.

12. artikulua. Eskola asegurua

  1. UPV/EHUko graduondoko ikasketa ofizialetan matrikulatuko diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola asegurua. Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak.
  2. Eskola aseguruak atzerriko ikasleak ere babesten ditu, baldin eta kasuan kasuko herrialdearekin elkarrekikotasun hitzarmena eginda badago, adierazi gabe edo beren-beregikoa.

13. artikulua. Borondatezko asegurua

Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo behar dute kasuan kasuko aseguru etxera.