III. Kapitulua. Irakaskuntza eta kalifikazioak

Master Ofizialen Kudeaketa Arauak

Irakaskuntza eta kalifikazioak

19. artikulua.- Ebaluazioa eta kalifikazio sistema

1.- Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko, zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

  • a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S)
  • b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N)
  • c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O)
  • d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B)

Ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, irakasgai bakoitzean hogei ikasleko edo hogeiko zatiki bakoitzeko bat; akta bakartzat hartuko da irakasgaiko ikasle guztiena, talde kopurua gorabehera.

Irakasgaiak ebaluatzeko irizpideak masterren justifikazio memorian azaltzen direnak izango dira, hau da, masterra egiaztatzeko onartu zirenak.

Masterreko batzorde akademikoak master amaierako ikaslerik onena aukeratu ahal izango du eta, aukeratuz gero, horren berri emango dio Master eta Doktoregoko Atalari.

2.- Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak sinatu egin beharko dituzte, nahitaez, irakasle arduradunak eta masterraren zuzendaritza akademikoa izan duen arduradunak. Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuak.

3.- Kalifikazioak GAUR aplikazioaren bidez argitaratuko dira, bai eta master ofizial bakoitzak adierazitako tokietan ere, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 19. artikuluan aipatutako epeak zehazte aldera.

4.- Deialdi kopurua eta uko egiteko aukerak:

Lanbide arautuetan jarduteko bidea ematen duten masterretan baldintza hauek aplikatuko dira:

  • Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi, ikasturteko).
  • "Aurkezteke" kalifikazioa duten ebaluazioak gastatutako deialditzat joko dira.
  • Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.
  • Masterreko batzorde akademikoak zehaztu beharko du nola egin behar zaien uko ebaluazio deialdiei.
  • Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, Gobernu Kontseiluak ezartzen dituen arauei jarraituz.
  • Ikastegian ikasleren bat badago bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.
  • Edozein irakasgairen sei deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdia eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.
  • Irakasgai baterako deialdiak agortuz gero, ikasleak ezingo du unibertsitatean ordura arte egiten ari zen ikasketekin jarraitu.

Gainerako masterretan hauek izango dira gaiak gainditzeko baldintzak: 

  • Ikasleak lau ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi, ikasturteko).
  • "Aurkezteke" kalifikazioa duten ebaluazioak gastatutako deialditzat joko dira.
  • Ikasleak uko egin ahal izango dio ebaluazio deialdiari, eta deialdi hori ez zaio kontuan hartuko.
  • Masterreko batzorde akademikoak zehaztu beharko du nola egin diezaieketen uko ikasleek ebaluazio deialdiei.
  • Hirugarren, laugarren eta salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, horretarako ezarriko diren arauei jarraituz.
  • Master guztietan, ikasleren bat hirugarren, laugarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen-abizenekin. Epaimahaiak osatzean ahalegina egingo da epaimahaikideak aurreko deialdietan arituak ez izateko.
  • Irakasgai baten lau deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake, UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

Hala ere, ez zaio arau hori ezarriko ondoko egoeraren batean dagoen ikasleari:

  • Eskola aldian ikaslea gaixorik egon bada hiruhileko batean baino luzaroagoan. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko du.
  • Beste egoera larri batzuk.

Master guztietan, edozein izanda ere master mota (ikasgelakoa, irakaskuntza mistokoa edo urrutikoa) ikasleek denbora muga bat izango dute masterra amaitzeko. Kasu guztietan epe hori izango da masterra gainditzeko behar den ikasturte kopurua gehi bi gehiago, betiere arduraldiaren arabera (partziala/osoa), masterrean araututa dagoenari jarraituz. Kontuan hartuko da 60 kredituko edo 60 kreditutik beherako multzo bakoitza ikasturte baten parekoa dela.

5.- Ikasleak, lehenengo ikasturtean, matrikulatuta dituen kredituen %15 gainditu behar ditu, gutxienez. Ez badu baldintza hori bete edo bi deialdiak agortu baditu irakasgaia gainditzeke, ezin izango du ikasketa horietan jarraitu titulazio horretan bi ikasturte matrikulatu gabe egon arte.

Aktak bete eta gero, masterraren ardura daukan ikastegiko idazkaritzara bidaliko dira hilabeteko epean.

20. artikulua.- Kalifikazioak berraztertzea

Kalifikazioak berrikustea eskatzeko, erreklamazioa aurkeztuko zaio irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari. Ondoren, beharrezkoa bada, masterreko batzorde akademikoak jardungo du.

Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Ikasleak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari masterreko batzorde akademikoak hartutako erabakiaren kontra, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak txostena eskatuko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari, erreklamazioa ebazteko.

Errektorearen erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.