V. Kapitulua. Gestio ekonomikoa

Master Ofizialen Kudeaketa Arauak

25. artikulua.- ORGANIKOAK irekitzeko tramiteak

1.- Master eta Doktoregoko Atalak, jakinda master ofiziala irakatsi egingo dela, ORGANIKOA irekitzeko eskatuko dio Kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko masterraren gastuak gestionatzeko.

ORGANIKO hori titulazioaren ardura daukan organoak daukan ORGANIKOAREN menpe egongo da. Organo arduradun bat baino gehiago egonez gero, antolatzaileek erabakiko dute zein ORGANIKOREN menpe egongo den.

2.- ORGANIKOAREN lehen arduraduna master ofizialaren irakasle arduraduna izango da. Bigarren arduraduna masterraren ardura daukan saileko, ikastegiko edo institutuko zuzendaria izango da. Irakasle berberak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna graduondokoaren ardura duen organoko idazkaria izango da.

I. Atala. Diru sarreren gestioa

26. artikulua.- Diru sarreren aurrekontua gestionatzea

Master ofizialen BGGei dirua emango zaie aurrekontutik, ezarriko diren parametroen arabera, masterraren gastu guztiei aurre egiteko. Ekitaldi ekonomikoan zehar kanpoko deialdietatik etor daitezkeen diru laguntzak masterretako diru sarreren aurrekontuan sartuko dira.

27. artikulua.- Diru laguntzen gestioa

Masterraren irakasle arduradunak hitzarmena egiten badu erakunde publiko edo pribaturen batekin diru laguntzak lortzeko, diru hori UPV/EHUren aurrekontuen kontuan sartzeko eskatuko dio. Ondoren, jakinaren gainean jarriko du masterraren ardura duen ikastegia, eta diru laguntza jasoko duela egiaztatzen dituen dokumentuak aurkeztuko dizkio. Masterraren ardura duen ikastegiak, dokumentuak aztertu ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bidaliko ditu, diru laguntza kontabiliza dezaten eta esleipena egin dezaten.

II. Atala. Gastuen gestioa

28. artikulua.- Gastuen aurrekontua gestionatzea

Master ofizialaren BGGaren aurrekontua masterreko arduradunek gestionatuko dute.

Master ofizialen irakaskuntzako gastuak guztiz ordaindu beharko dira master bakoitzak bere aurrekontuan jasoko duen diru kopuruarekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta ondoko hauek:

  • a.- Gastuak kasuan kasuko kontzeptura atxikiko dira, unibertsitatearen kontuen planaren arabera.
  • b.- Ordainduko diren gehieneko kopuruak honako hauek izango dira:
    1. UPV/EHUtik kanpoko pertsonei masterrean eskolak emateagatik: gehienez 125 € orduko.
    2. Bidaiak, joan-etorriak eta mantenua justifikatzeko, berriz, aurrekontua gestionatzeko UPV/EHUn indarrean egongo den arautegiak dioena beteko da.
    3. Erositako material inbentariagarria gastuen kasuan kasuko kontzeptuan kontabilizatu eta unibertsitatearen ondarean sartukoa da. Horrexegatik, inbentario ofizialean agertu beharko da, arlo horretako arautegiak dioenaz bat.