II. Kapitulua. Kredituak aitortzea eta kredituen transferentzia

Master Ofizialen Kudeaketa Arauak

Kredituak aitortzea eta kredituen transferentzia

14. artikulua.- Definizioa.

Kredituak aitortzea da unibertsitateak ontzat hartzea unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez lortutako kredituak, kontuan har daitezen beste ikasketa batzuetako titulu ofiziala lortze aldera. Era berean, lizentziatura, ingeniaritza, arkitektura, diplomatura, ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoetan lortutako kredituak ere aitortu ahal izango dira.

15. artikulua.- Eragina.

Kredituak aitortuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

16. artikulua.- Irizpide orokorrak.

Aitortuko den unitatea irakasgaia izango da, gainditutako kredituei dagozkien gaitasunen arabera. Horretarako, ezinbestekoa da ikasleak behar besteko informazioa aurkeztea eskatuko dituen kredituen ikasketa planeko gaitasunen inguruan, arautegi honetako 16. artikuluari jarraiki. Halaber, masterretako batzorde akademikoek kredituen aitorpen eskaerei buruzko txostenetan, gaitasun eta edukien arteko antzekotasuna hartuko dute aintzat, eta ez irakasgaien edukien eta kreditu balioaren arteko parekotasuna. Ezin izango dira irakasgai zatiak aitortu. Nahitaezko eta hautazko irakasgaien bidez edo kanpoko praktiken bidez lortutako kredituak aitortu ahal izango dira, betiere, izaera, helburu eta gaitasunak antzekoak badira. Ez dira aitortuko master amaierako lanengatik lortutako kredituak.

Hitzarmen espezifikoen bitartez araututako unibertsitate arteko ikasketa bateratuei dagokienez (mugikortasuna edo titulazio bateratuak), hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, betiere, UPV/EHUko arautegiaren kontrakoa ez bada.

Irakasgaien aitorpenerako jarraibide propioak dauzkaten masterretan jarraibide horiek aplikatuko dira.

Irakasgaiak bere osotasunean aitortzeaz gain, egiaztatutako lan esperientzia eta esperientzia profesionala ere aitortu ahal izango dira titulu ofiziala lortzeko, betiere, esperientzia horrek zerikusia badauka lortu nahi den tituluari dagozkion gaitasunekin.

Lan esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko ikasketa ez ofizialengatik gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira guztira. Kreditu horiek ez dute kalifikaziorik izango, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko espedientea barematzerakoan.

Horiek gorabehera, aparteko kasuetan, berezko tituluetan lortutako kredituak aitortu ahal izango dira goiko paragrafoan adierazitako ehunekoan baino kopuru handiagoan, edo baita osotasunean ere (hau da, kreditu guztiak), baldin eta berezko titulua desagertu egin bada eta haren ordez titulu ofizial bat ezarri.

Masterreko batzorde akademikoak kreditu kopuru bat emango dio ikasleek aurkeztutako unibertsitatetik kanpoko prestakuntzari, kontuan hartuta prestakuntzaren edukiak eta lortutako gaitasunak. Kreditu horiek ikaslearen espedientean agertuko dira, aitortutako kreditu moduan. Prozedura honi jarraituz gehienez ere titulazioko kredituen %15 aitortu ahal izango dira.

17. artikulua.- Kredituak aitortzeko prozedura.

1.- Kredituak aitortzeko prozedura hasteko, ikaslea masterrean matrikulatuta egon behar da eta master horretarako baino ez zaizkio aitortuko kredituak, aitortzekotan. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu erakunde ofizialetan edo izen handikoetan egindako ikastaro edo lanen aitorpena lortzeko:

Tramitazioa:

  • Ikasleak masterreko batzorde akademikoari zuzenduko dio kredituak aitortzeko eskaria. Horretarako epea hilabetekoa izango da eskolak hasten direnetik, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:
  • Eskaria, behar bezala beteta.
  • Ziurtagiri akademiko pertsonala, edo kopia eta jatorrizkoa, erkatzeko.
  • Egindako ikastaroaren edo irakasgaiaren programa, edo graduondoko jardueraren xehetasunak.

Kredituak aitortzeko eskaerak ikusita, masterreko batzorde akademikoak aitorpen proposamena aurkeztuko dio masterraren ardura duen ikastegiko aitorpen batzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko dizkio batzordeari.

Ikastegiko aitorpen batzordeak eskariei buruzko erabakia hartu, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa eta bai ikaslea. Erabaki horretan jasota ageri beharko da zein kreditu aitortu den eta zein ez. Aitortu ez diren kredituen kasuan, arrazoiak azaldu beharko dira.

Ikastegi bakoitzeko aitorpen batzordearen erabakien aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Kredituak aitortzeko eskaerari buruzko erabakian honakoak jaso behar dira:

  • Aitortuko diren kredituen kopurua, eta zein irakasgaitatik datozen.
  • Ikasketa planeko zein irakasgai aitortuko zaizkion ikasleari.
  • Lan arloko esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko berezko tituluengatik aitortuko den kreditu kopurua.
  • Kredituak aitortzeko eskaria ukatuz gero, azaldu egin beharko dira arrazoiak
  • Ikasleak aitorpen bidez gainditzen dituen kredituak aitortu gisa azalduko dira espedientean. Bertan zehaztuko da ikasketa planeko zein irakasgai jotzen diren egindakotzat, eta zein diren aitortutako kredituei dagozkien jatorrizko irakasgaiak, honako xehetasun hauekin: haien tipologia eta kreditu kopurua, ikasleak zein kalifikaziorekin gainditu zituen, eta zein erakundetan egin zituen ikasketok.

Aitortutako kredituen tasak:

Baliozkotutako kredituen tasengatik ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

18. artikulua.- Kredituen transferentzia.

Kredituak transferitzea da UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak ikasleen espedientean sartzea, baldin eta ikasleak titulu ofizialik lortu ez badu.

1.- Eraginak

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak, baldin eta ikasleak  haien bidez titulu ofizial bat lortu ez badu.

2.- Helburua

Unibertsitateko titulazio bateko ikasketak bukatu gabe izanik beste titulazio bat hasi nahi duten ikasleei transferituko zaizkie.

3.- Tramitea

Ikasleak espedientearen lekualdaketaren bidez matrikula egiten duenean  transferituko dira, ofizioz, eta espedientean jasoko dira unibertsitate berean edo beste batean ikasketa ofizialen bidez ikasleak lortu dituen kreditu guztiak, betiere, ikasketa horien bidez ikasleak ez badu titulu ofizialik lortu.

Transferituriko kredituak 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz jasoko dira ikaslearen espedientean.