IV. Kapitulua. Doktorego tesiaren aurkezpena eta defentsa

Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arauak

13. artikulua. Doktorego tesia aurkeztea.

Doktorego tesia amaitu ondoren, doktoregaiak  UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari aurkeztuko dio, hark  baimen dezan. Horretarako, zuzendariaren, tutorearen, doktorego programaren Batzorde Akademikoaren, eta doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena beharko du.

Tesia bere jakintza arloan komunikazio zientifikorako erabili ohi diren hizkuntzetan egin daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetakoren batean egin edo defendatzen ez bada, laburpen bat aurkeztu beharko da, bost orrialdekoa gutxienez, bi hizkuntza horietako batean.

Tesia hizkuntza jakin batean aurkeztu izanaren egiaztagiria lortzeko, gutxienez tesiaren %45 hizkuntza horretan idatzita egon beharko da, bibliografia alde batera utzita.

Tesiaren bi ale aurkeztu beharko dira koadernatuta, eta beste bat formatu digitalean. Horrez gain,  jardueren dokumentua ere aurkeztu beharko da, aparteko dokumentu batean.

Azalean honakoak agertuko dira, gutxienez:

  1. UPV/EHUren sinboloa
  2. Doktorego tesiaren izenburua
  3. Egilearen izena
  4. Urtea

Azalean jar daitezke, UPV/EHUren sinboloarekin batera, Master eta Doktorego Eskolako sinboloa, tesi zuzendarien izenak eta, tutorekidetzan egindako tesien kasuan, bi unibertsitateen sinboloak. Kontrazalean edo barruko aldean jar daitezke UPV/EHUkoak ez diren erakunde eta enpresenak, ez azalean, ordea. Horrela ez egiteak gordailuan uzteko epea abiatzea eragotziko du.

Hauek dira koadernatuta joango diren dokumentuak:

  1. Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarien baimena doktorego tesia aurkezteko, jatorrizko sinadurekin.
  2. Doktorego programaren Batzorde Akademikoaren baimena, arduradunaren jatorrizko sinadurarekin.
  3. Doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena.
  4. Doktorearen graduko akta

Doktoregaiak UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari igorriko dio aurreko dokumentazioa, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bitartez.

14. artikulua. Doktorego tesiko epaimahaia proposatzea.

Doktorego tesiko epaimahaia osatzeko bi aukera egongo dira: bata, bost kide titular eta hiru ordezko egotea, eta, bestea, hiru kide titular eta hiru ordezko egotea. Doktorego programaren Batzorde Akademikoak erabakiko du zeinen alde egin kasu bakoitzean. Bost kideko epaimahaietarako 10 doktoreko proposamena aurkeztuko da eta hiru kideko epaimahaietarako, zortzikoa. Proposamenetan jasotako doktoreek ikerketa esperientzia egiaztatua izan beharko dute doktorego tesiaren gaian edo gai horrekin lotutako beste batean.

Doktoregaia atxikita dagoen saileko idazkaritzak, baimena eman eta 30 eguneko gehienezko epean bidali beharko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bitartez, doktorego tesia epaitu behar duen epaimahaia osa dezaketen kideen proposamena (10 kidekoa edo zortzikoa), aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori doktoregaia atxikita dagoen sailak onartuta egon beharko da, doktorego tesien zuzendariei eta doktorego programaren Batzorde Akademikoari entzun ondoren. 185/1985 EDk eta 778/1998 EDk araututako doktorego programen kasuan, ez da beharrezkoa izango doktorego programaren Batzorde Akademikoaren txostena.

Ezin dira inola ere proposatu epaimahaiko kide izateko gaixotasunagatik bajan dauden doktoreak. Epaimahairako proposatutako doktoreetako bat egoera horretan badago proposamena bidali ondoren, doktoregaia atxikita dagoen saileko zuzendariak Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, eta epaimahairako beste kide bat proposatuko du.

Proposamenean kontuan hartu beharko dira, ahal den neurrian, genero berdintasuneko irizpideak.

  1. Honako hauek proposatu ahal izango dira:
    • a) CNEAIk edo ikerketaren ebaluazio eta akreditaziorako pareko agentzia batek aitortutako seiurteko edo pareko tarte bat edo gehiago duten irakasleak.
    • b) CNEAIk jakintza arlo bakoitzerako ezarrita dituen irizpideak aintzat hartuta, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak aitortutako bost ekarpen garrantzitsu egin dituzten estatuko edo atzerriko irakasleak.
    • c) CNEAIk jakintza arlo bakoitzerako ezarrita dituen irizpideak aintzat hartuta, Graduondoko Batzordeak aitortutako bost ekarpen garrantzitsu egin dituzten era guztietako erakunde publiko eta pribatuetako ikertzaileak.
    • d) Proposa daitezke eszedentzian edo erretiroan egon eta unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen kidegoetakoak diren irakasleak, baldin eta a), b) edo c) ataletako irizpideak betetzen badituzte.
    • e) Unibertsitateak dituzten institutu mistoetako ikertzaileak, institutu misto horiek kontratatutakoak, unibertsitatekotzat joko dira. Era berean, UPV/EHUkotzat hartuko dira UPV/EHUri atxikitako Ramón y Cajal-eko, Ikerbasque-ko, eta abarreko ikertzaileak, baita UPV/EHUko irakasle erretiratuak ere.
  2. Ezingo dira proposatu honako hauek:
    • a) Ezin izango da proposatu doktorego tesiaren zuzendaria, ezta tutorea ere, salbu eta horrela izan daitekeela jasota duten atzerriko unibertsitateekin egindako alde biko akordioen eta tutorekidetza hitzarmenen markoan aurkeztutako tesien kasuan, baldin eta doktorego tesiaren defentsa beste unibertsitatean egiten bada.
    • b)  Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, II. tituluko III. kapituluan zehazten duenez, ezin izango dute parte hartu epaimahaian tesiaren zuzendariekin edo zuzendariekin, tutorearekin edo doktoregaiarekin laugarren maila arteko odol ahaidetasuna edo bigarren maila arteko ezkontza ahaidetasuna duten doktoreek, ezta pertsona horietakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena duten doktoreek ere.
  3. Bost kideko epaimahaietarako, 10 doktoreko proposamenak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
    • a) Proposatutako kideetatik lauk, gutxienez, epaimahaiko buru izateko baldintzak beteko dituzte, hau da, kasuan kasuko erakunde eskudunak aitortutako bi ikerketa tarte izango dituzte, gutxienez. Seiurtekoen ebaluaziorik eskatu ezin duten kideen kasuan, doktorego tesi bateko epaimahaiburu izan ahalko dira, goiko baldintza hori hitzez hitz bete ez arren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen ustez egokiak diren merezimenduak egiaztatzen dituzten ikertzaileak (10 ekarpen garrantzitsu, aintzat hartuta erakunde eskudunak jakintza arlo horretarako zehaztuta dituen irizpideak).
    • b) Gehienez hiru kide izango dira estatuko edo atzerriko unibertsitate edo ikergune ofizial berekoak: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak.
    • c) Nahitaez UPV/EHUko hiru pertsona proposatu beharko dira epaimahaian egoteko, eta horietatik batek, gutxienez, epaimahaiburu izateko baldintzak beteko ditu.
    • d) Proposamenean ezingo dira egon doktoregaiaren doktorego programakoak diren hiru doktore baino gehiago
    • e) Proposamenean ezingo dira egon 3b) atalean zehaztutakoak ez diren erakundeetako bi kide baino gehiago.
  4. Hiru kideko epaimahaietarako, zortzi doktoreko proposamenak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
    • a)  Proposatutako kideetatik hiruk, gutxienez, epaimahaiko buru izateko baldintzak beteko dituzte, hau da, kasuan kasuko erakunde eskudunak aitortutako bi ikerketa tarte izango dituzte, gutxienez. Seiurtekoen ebaluaziorik eskatu ezin duten kideen kasuan, doktorego tesi bateko epaimahaiburu izan ahalko dira, goiko baldintza hori hitzez hitz bete ez arren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen ustez egokiak diren merezimenduak egiaztatzen dituzten ikertzaileak (10 ekarpen garrantzitsu, aintzat hartuta erakunde eskudunak jakintza arlo horretarako zehaztuta dituen irizpideak).
    • b) Gehienez bi kide izango dira estatuko edo atzerriko unibertsitate edo ikergune ofizial berekoak: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak.
    • c) Nahitaez UPV/EHUko bi pertsona proposatu beharko dira epaimahaian egoteko, eta horietatik batek, gutxienez, epaimahaiburu izateko baldintzak beteko ditu.
    • d) Proposamenean ezingo dira egon doktoregaiaren doktorego programakoak diren bi doktore baino gehiago.
    • e)  Proposamenean ezingo da egon 4b) atalean zehaztutakoak ez diren erakundeetako kide bat baino gehiago.

15. artikulua. Doktorego tesia epaitu behar duen epaimahaia izendatzea.

Bost titularrek eta hiru ordezkok osatutako epaimahaiak.

Hamar kideko proposamena kontuan hartuta, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak zortzi kidez, hau da, bost titular eta hiru ordezkoz, osatutako epaimahaia izendatuko du. Honela banatuko dira:

Zortzi kideetatik:

  1. Epaimahaiko kideetatik bi, gutxienez, UPV/EHUkoak izan beharko dira; horietako bat, gutxienez, titularraizango da, eta bestea ordezkoa. Titularretako batek huts eginez gero, ordezkoak beteko du haren lekua nahitaez.
  2. UPV/EHUko kideak kenduta, ezin izango dira egon estatuko edo atzerriko unibertsitate berekoak edo ikergune ofizial berekoak diren bi kide baino gehiago.
  3. Estatuko edo atzerriko ikergune ofizialetakoak (hala nola, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak) ez diren kide bi egon ahalko dira, baina horietako bat baino ezingo da epaimahaikide titularra izan.
  4. Bi kidek epaimahaiko buru izateko baldintzak bete beharko dituzte.
  5. Gehienez ere, bi kide izango dira doktoregaiaren doktorego programaren barrukoak. Salbuespena izango da sailak proposatutako programako hiru kideak UPV/EHUkoak izatea; kasu horretan, hiru doktoreok epaimahaia osatzeko proposamenean egon ahal izango dira.

Epaimahaiko bost kide titularren artetik:

  1. Kide titularretako bat, gutxienez, UPV/EHUkoa izango da eta, ahal dela, kide hori epaimahaiko burua edo idazkaria izango da.
  2. Nazioarteko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakundeetako bi kide soilik egon ahal izango dira epaimahaian. Estatuko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakunde bateko kide bakar bat baino ezingo da egon epaimahaian.
    Hala ere, estatuko doktorego tesien kasuan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak atzerriko erakundeetako bi kide egotea baimendu ahalko du, jakintza arloaren berezitasunean edo garapen zientifikoan oinarritutako arrazoi objektiboak egonez gero, arautegi honetako 22. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak alde batera utzi gabe.
  3. Bost kide titularren artean, bi gutxienez unibertsitateko irakasleak izango dira.
  4. Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.

Hiru titularrek eta hiru ordezkok osatutako epaimahaiak.

Sei kideetatik:

  1. Epaimahaiko bi kide UPV/EHUkoak izan beharko dira; horietako bat titularra izango da, eta bestea, ordezkoa. Titularrak huts eginez gero, ordezkoak beteko du haren lekua nahitaez.
  2. Bi kidek epaimahaiko buru izateko baldintzak bete beharko dituzte.
  3. Ezin izango dira egon estatuko edo atzerriko unibertsitate berekoak edo ikergune ofizial berekoak diren bi kide baino gehiago.
  4. Estatuko edo atzerriko ikergune ofizialetakoa (hala nola, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoa eta hari lotutako ikerguneetakoa eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoa) ez den kide bat egon ahalko da.
  5. Gehienez ere, kide bat izango da doktoregaiaren doktorego programaren barrukoa. Salbuespena izango da sailak proposatutako programako bi kideak UPV/EHUkoak izatea; kasu horretan, bi doktoreok epaimahaia osatzeko proposamenean egon ahal izango dira.

Epaimahaiko hiru kide titularren artetik:

  1. Kide titularretako bat UPV/EHUkoa izango da eta, ahal dela, kide hori epaimahaiko burua edo idazkaria izango da.
  2. Epaimahaiko kide titularrak erakunde desberdinetakoak izan beharko dira.
  3. Estatuko edo nazioarteko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakundeetako kide bat bakarrik egon ahal izango da epaimahaian. Hala ere, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak atzerriko erakundeetako bi kide egotea baimendu ahalko du, jakintza arloaren berezitasunean edo garapen zientifikoan oinarritutako arrazoi objektiboak egonez gero, arautegi honetako 22. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak alde batera utzi gabe.
  4. Hiru kide titularren artean, bi gutxienez izango dira unibertsitateko irakasleak.
  5. Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.

16. artikulua. Doktorego tesia gordailuan uztea.

  1. Behin 13. eta 14. artikuluetan aipatutako dokumentazioa UPV/EHUko Erregistro Orokorrean utzita eta doktoregaiak baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, tesia gordailuan uzteko 15 eguneko epea ezarriko da eta epe horretan alegazioak aurkeztu ahal izango dira. Epearen hasiera data Idazkaritza Nagusian eta Master eta Doktorego Eskolan argitaratuko da.
  2. Doktorego tesia edozein doktoregaik aztertu ahal izango du Idazkaritza Nagusian, eta egoki jotzen dituen alegazioak aurkeztu ahal izango ditu haren edukiari buruz. Alegazioak Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztuko dira UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari zuzenduta eta izaera konfidentziala izango dute. UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak tesiaren zuzendariari, doktorego programaren Batzorde Akademikoari eta doktoregaiari bidaliko die alegazioen transkripzio literala, aipatutakoek UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari alegazioez egoki iruditzen zaizkien erantzunak aurkez diezazkioten.

17. artikulua. Doktorego tesiaren defentsa baimentzea.

  1. Tesia gordailuan uzteko epea igarotakoan (16. artikuluan zehaztutako epea), UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak erabakiko du ─ jasotako idazkiak eta egokitzat jotzen dituen adituengandik bil dezakeen informazio gehigarria aztertu ondoren─, tesiaren defentsa baimentzen duen, edo, alderantziz, atzera botatzen duen. Tesiaren defentsa baimendu eta gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak tesia epaitu behar duen epaimahaiko kide titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu, Graduondoko Batzordearen txostenari jarraiki. Horretarako, 15 egun naturaleko epea izango du, tesia gordailuan edukitzeko epea amaitzen denetik hasita.
  2. Epaimahaia izendatu ondoren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak epaimahaiaren izendapena eta defentsarako baimena bidaliko dizkie epaimahaiko kide titularrei eta ordezkoei, doktorego tesiaren zuzendariari, doktorego programaren Batzorde Akademikoari, Master eta Doktorego Eskolari, doktoregaia atxikita dagoen sailari eta doktoregaiari.
  3. Doktoregaia atxikita dagoen sailak 10 egun natural izango ditu, izendapena atera den egunetik kontatzen hasita, epaimahaiko kideei helarazteko epaitu beharreko tesiaren aleak eta doktoregaiaren jardueren dokumentua, doktoregaiak egindako prestakuntza jarduerak jasotzen dituena. Jarraipen dokumentu horrek ez du puntuazio kuantitatiborik izango, bai ordea kualitatiboa eta, ondorioz, doktorego tesiaren ebaluazioa osatzeko balioko duena.
  4. Doktoregaiak, baimen hau lortu ondoren, defentsarako matrikula egin eta dagozkion tasak ordaindu beharko ditu.

Ezin izango da doktorego tesia defendatu hura gordailuan uzteko epea hasten denetik 30 egun igaro arte.

18. artikulua. Doktorego tesiaren defentsarako data argitaratzea.

  1. Defentsa publikoa egiteko baimena jaso ondoren, epaimahaiko buruak, epaimahaikideei entzunda, argitara aterako ditu bi egun natural lehenago gutxienez, doktorego tesiaren defentsa egiteko data, tokia eta ordua eta idazkariak horien berri eman beharko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari.
  2. Informazio hori bera doktoregaia atxikita dagoen saileko zuzendariari eta defentsa egiteko hautatuko den UPV/EHUko ikastegiko administratzaileari ere jakinaraziko zaie, behar diren administrazio izapideak egin ditzaten. Horrez gain, Master eta Doktorego Eskolari ere jakinarazi beharko zaio informazio hori.

19. artikulua. Doktorego tesiaren defentsarako matrikula.

Unibertsitateko goi hezkuntzako titulu ofizialetarako prezioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezartzen ditu ikasturte bakoitzerako.

20. artikulua. Doktorego tesiaren defentsa eta kalifikazioa.

Doktorego tesia ekitaldi publikoan defendatu eta ebaluatuko da. Aipatutako ekitaldian doktoregaiak prestatutako ikerlana azaldu eta defendatu beharko du epaimahaikideen aurrean. Azalpenenean sartuko dira, baita ere, izandako prestalana, tesiaren edukia eta ondorioak, eta doktoregaiak berak egindako ekarpen orijinalen aipamena batez ere.

Doktorego tesiaren defentsa ekitaldia urte osoan egin daiteke, abuztuan izan ezik.

Doktorego tesiaren defentsa UPV/EHUko egoitzetan egingo da, salbu eta unibertsitateen arteko doktorego programen markoan tutorekidetzan egindako tesietan eta beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindako tesietan, horrela ezartzen baldin bada kasuan kasuko hitzarmenean. Behar bezala justifikatutako egoeretan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak baimena eman ahalko du epaimahaiko kide batek bideokonferentzia bidez parte har dezan, ekitaldian bertan egon beharrik gabe. Kasu horretan, defentsa ekitaldia UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko duen prozedurara egokitu beharko da.

Epaimahaiko kide titularren batek arrazoi justifikatuarengatik edo agertzeko gertatutako ezintasunarengatik uko eginez gero, epaimahaiburuak ordezkoetako bat jar dezake haren lekuan.

Epaimahaiak ezin izango du, inola ere, epaimahaikide izendatutako bost edo hiru kiderekin baino gutxiagorekin jardun (kopuru bat edo bestea, epaimahai motaren arabera).

Defentsa ekitaldian, doktoregaia atxikita dagoen sailari bidalitako doktorego tesiaren alea izango du epaimahaiak, doktorearen graduko akta ere sartuta daukana, eta, horrez gain, koadernatu gabeko doktorearen graduko akta bat ere izango du. Defentsa bukatutakoan, akta biak sinatu beharko dituzte epaimahaiko kide guztiek eta doktoregaiak.

Epaimahaiko kideek beren iritzia agertu beharko dute aurkeztutako tesiaren gainean; egoki iruditzen zaizkien galdera eta eragozpen guztiak plazaratu ahal izango dituzte eta doktoregaiak erantzun egin beharko die. Ekitaldi publikoan egongo diren doktoreek ere azaldu ahal izango dituzte beren galderak eta eragozpenak, eta doktoregaiak erantzun egin beharko die, epaimahaiko buruak esaten duen unean eta moduan.

Doktorego tesiaren defentsa eta eztabaida amaitutakoan, epaimahaiko kide bakoitzak tesiari buruzko balorazioa egingo du idatziz.

Doktorego tesiaren defentsa bukatutakoan, epaimahaiburuak txostena egin eta doktorego tesiaren kalifikazio globala emango du honako eskala honen arabera: "ez gai", "gai", "oso ongi" eta "bikain".

Doktorego tesiari "cum laude" eman dakion proposatu ahal izango epaimahaiak, baldin eta kalifikazio globala "bikain" bada eta horren aldeko boto sekretua aho batez ematen bada. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bat emango dio epaimahaikide bakoitzari (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio gero botoen zenbaketa egin dadin.

Epaimahaiak aukera eman ahal izango du tesia doktoregoko sari berezietara aurkez dadin, baldin eta "cum laude" aipamena lortu badu eta horren aldeko boto sekretua aho batez ematen bada. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bat emango dio epaimahaikide bakoitzari (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio gero botoen zenbaketa egin dadin. Aldeko botoa aho batez eman bada, doktore eginberriak doktoregoko sari berezia eskatu ahal izango du kasuan kasuko deialdian.

Doktorego tesia hizkuntza batean baino gehiagotan defendatu izanaren egiaztagiria lortzeko, tesiaren %45 beste hizkuntza batean egin beharko da. Hori graduko aktan jasoko da.

21. artikulua. Doktorego tesia artxibatzea.

Doktorego tesia defendatzeko ekitaldia amaitu ondoren, epaimahaiko idazkariak dokumentu hauek bidali beharko ditu UPV/EHUko Erregistro Orokorraren edozein bulegotara:

  1. Doktorego tesiaren ale bat formatu elektronikoan (CD), doktorearen graduko akta bat koadernatu gabe, doktorego tesia defendatu ondoren epaimahaiko kideek egindako txostenak, Unibertsitateen Kontseiluaren fitxa mekanizatua (TESEO) eta baimena, halakorik bada, doktorego tesiaz era librean baliatzeko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta UPV/EHUko gordailuaren bitartez. Hori dena, bidaltze idatziarekin batera, Graduondoko Ikasketen Zerbitzura bidal dadin. Sinadurak jatorrizkoak izango dira aipatutako dokumentu horietan guztietan. Era berean, doktorego tesiaren laburpena bidali beharko da UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzura posta elektronikoz.
  2. Behin doktorego tesiaren defentsako dokumentazio guztia jasotakoan eta arautegi honek ezarritakoaren arabera gainditu dela egiaztatutakoan, Graduondoko Ikasketen Zerbitzuak UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari eta Master eta Doktorego Eskolari jakinaraziko dio.
  3. Formatu elektronikoan dagoen doktorego tesia Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriora bidaliko da artxibatzeko, baita UPV/EHUko Biblioteka Nagusira ere, horretarako sortutako gordailuan artxibatzeko.
  4. Erregistro Orokorrean gordailuan utzitako doktorego tesia Master eta Doktorego Eskolara igorriko da.

22. artikulua. Dieten ordainketa.

Doktoregaia atxikita dagoen sailak, doktorego tesiaren defentsarako baimena jaso ondoren, epaimahaiko kideek leku batetik bestera joan ahal izateko izapideak hasi beharko ditu.

Beren ohiko bizitokitik beste leku batera joan behar duten epaimahaiko kideei bidaia gastuak, dietak eta bertaratzea ordainduko dizkie tesi zuzendaria edo, bestela, tutorea atxikita dagoen ikastegiko administratzaileak, beti ere UPV/EHUk zehaztutako zenbatekoen arabera.

UPV/EHUkoak diren epaimahaikideen kasuan, atxikita dauden ikastegietatik egindako joan-etorriak baino ez zaizkie ordainduko.

Ez da ordainduko doktorego tesi bat epaitu behar duen epaimahaiko kidea ez den inork egindako gasturik.

Bost kide titularrez osatutako epaimahaietako kideek sortutako gastuetarako, gehienez ere, 1.000 euro ordainduko dira estatuko doktorego tesietan eta 1.700 euro, nazioartekoetan. Hiru kidez osatutako epaimahaietan, gehienez ere, 900 euro ordainduko dira estatuko doktorego tesietan eta 1.500 euro, nazioarteko doktorego tesietan.