Doktoregora lehengo titulazioetatik (1393/2007 ED baino lehenagokoak) sartzeko jarraibideak

UPV/EHUko graduondoko batzordeak 2015eko urtarrilaren 28an onartutakoak

2013ko urrian Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministerioak ohar bat argitaratu zuen doktoregoko ikasketa ofizialetara sartzeari buruz, non  adierazten baitzuen:

Doktoregoko programa ofizial batean hasi ahal izango dira espainiar unibertsitate titulazio ofizial baten jabe diren ikasleak, lehengo unibertsitate arautegiekin bat eginik lortuta, hau da, lizentziatuak, arkitektoak, ingeniariak, diplomatuak, arkitekto tekniko eta ingeniari teknikoak (unibertsitate masterretako ikasketetara  sartu ahal izateko tituluak) eta unibertsitateko ikasketa ofizialetan, gutxien dela, 300 kreditu ECTS gaindituta badituzte, hauetarik, 60 gutxienez, master mailakoak izanik.
Aurrekoarekin bat eginik, unibertsitate bakoitzari dagokio, zein bere arautegi espezifikoaren arabera, bai LRU kredituen (lehengo titulazioenak) eta ECTS kredituen arteko baliokidetzak zehaztea nola 60 ECTS kredituak balioesteko irizpideak jartzea, gutxienez master mailako kreditu gisa hartu beharrekoak, titulatu hauek doktoregoko ikasketetan hasiko  badira
.

Ohar honen ondorioz, 2013.eko  urriaren 30ean, UPV/EHUko graduondoko batzordeari gehien errepikatu izan den problema aurkeztu zitzaion, doktorego programetarako sarrera balioesteko ahaleginak egiterakoan, zaila baita ECTS kredituen aurreko legeria eta arauen araberako kredituak edo irakasgaiak zenbatestea. Bilera hartan, erabaki zen lizentziatura, ingeniaritza eta arkitekturen kasuan, gutxienera ere, egungo graduak bezala (240 kreditu) balioetsiko liratekeela. Gainerako ikasketa eta titulazioen gainean (diplomaturak, ingeniaritza teknikoak eta arkitektura teknikoak) banaka balioetsiko lirateke, arau orokor gisa hartuz kreditu baten balioa 10 ordutakoa dela.

Beste alde batetik, gero eta inportanteagoa da hezkuntza jarraitua, birziklatzea eta ikasten jarraitzea, lanerako hezkuntzari zein garapen pertsonalari dagokienean. Hori dela eta, gero eta handiagoa da 1393/2007 ED baino lehenagoko lege eta arauetan titulatutako pertsonek doktoregoko irakaskuntzan hasteko egiten dituzten eskarien kopurua.

Ondorioz, doktorego programetara sartzeari dagokionean, honako proposamen hau egiten da titulazio zaharretako kredituen baliokidetzak egin ahal izateko:

  1. LRU eta ECTS kredituen arteko baliokidetza. Hortaz, LRU kreditu baten balioa da ECTS kreditu batena.
  2. Lehenengo baldintza aintzat hartuta, ondoko baliokidetza hauek ezarri dira ECTS EZ diren kreditutan araututako titulazioetarako:
    • 6 akademi ikasturtetako titulazioek (medikuntza, ingeniaritzak eta arkitektura, karrera amaierako proiektuekin) sarrera zuzena emango dute doktorego programetara.
    • 5 akademi ikasturtetako titulazioak: (lizentziatura, ingeniaritzak, bigarren zikloa besterik ez duten titulazioak, gutxien dela, 300 krediturekin). Kasu honetan ere sarrera zuzena izango dute doktorego programetara, iritzi baita guztiek master mailako 60 ECTS kreditu dauzkatela (lizentziaturaren bigarren zikloa ed, halakorik denean, bosgarren ikastaroa).
    • 3 edo 4 akademi ikasturtetako titulazioak: Egindako LRU kreditu bakoitza ECTS kreditu baten balioa izango duela iritzi da. Kasu honetan, ECTS kreditu gisa hartzen dira ikaslearen akademi ziurtagirian agertutako kredituak. 300 kredituetara iritsiz gero, 4 ikasturte akademikotako lizentziatura batzuen kasuan bezala, zuzenean sartuko ahal da doktorego programa batera, uste baita egin beharreko master mailako 60 kredituak ikasketa hauetako bigarren zikloan direla. 300 ECTS kredituetara iristen ez denean, master bat egin beharko da doktorego programa batera sartu ahal izateko.
  3. Kreditu barik, irakasgai besterik ez duten titulazio zaharretatik doktoregora sartzea. Irizpide ezberdinak aplikatuko ahal dira, beti ere ikaslearentzako irizpiderik onuragarriena hautatuko delarik:
    1. Egindako titulazioa LRUk araututako titulazioarekin baliokidetu, azken honen kreditu kopuru bera duela iritzita eta, 1. puntuarekin bat etorrita, LRU kreditu bakoitzeko ECTS kreditu baten balioa aitortuko da.
    2. Akademi ikasturte bat 60 kreditu ECTSren baliokidea da.

Baliokidetza hauek aintzat hartuta, gerta daiteke ikasleren bat, eskatutako 300 ECTS kredituetara ez iristea, nahiz eta 60 edo 90 ECTS kreditutako master bat egin duen, baina kreditu kopuruaren aldea txikia izan, bigarren master bat egin behar izatea gehiegi irudi lezakeelarik. Honengatik, ondoko aukera hauek eskainiko dira doktorego programa batera sartu ahal izateko:

  • Ikastaro osagarriak gainditu, master ofizialetako ikastaroen harira eskainitakoak.
  • Zeharkako prestakuntza ikastaroak gainditu, Master eta Doktorego Eskolak antolatu eta eskainitakoak.