Unibertsitateko masterretako ikasleen jarraitzeko arauak

1. artikulua. Baldintza akademikoak

Matrikulako kredituen % 15 gainditu beharko dute ikasleek lehenengo mailan. Ikasleren batek ez badu gainditzen adierazitako kreditu kopurua, edota irakasgai baten deialdi guztiak agortzen baditu irakasgaia gainditzeke, bi urte egon beharko da matrikulatzeke eta orduan jarraitu ahal izango du ikasketak egiten.

2. artikulua. Irakasgai bakoitzerako deialdi kopurua eta deialdiari uko egitea

2.1. Profesio arautua betetzera bideratutako masterren kasuan baldintza hauek aplikatuko dira:

  • 2.1.1. Ikasleak sei ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi ikasturteko).
  • 2.1.2. Bosgarren, seigarren eta salbuespenezko, deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, horretarako onartuko diren arauei jarraituz.
  • 2.1.3. Ikastegi guztietan, ikasleren bat bosgarren, seigarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da, eta ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan argitaratuko da epaimahaiaren osaera, kideen izen eta guzti. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.
  • 2.1.4. Irakasgai baten sei deialdiak behin agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake UPV/EHUko errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak emango du, kontuan hartuta ikaslearen espediente akademikoa eta beste gorabehera batzuk.

2.2. Gainerako masterretan hauek izango dira gaiak gainditzeko baldintzak:

  • 2.2.1. Ikasleak lau ebaluazio deialdi izango ditu irakasgai bakoitzerako (bi ikasturteko).
  • 2.2.2. Hirugarren, laugarren eta Salbuespenezko deialdiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, horretarako ezarriko diren arauei jarraituz.
  • 2.2.3. Master guztietan, ikasleren bat hirugarren, laugarren edo salbuespenezko deialdian dagoen irakasgai bakoitzerako, aurreko paragrafoan adierazitako epaimahaia osatuko da. Epaimahaia osatzean, irakasleak aurreko deialdietan zuzentzaile lanetan jardun gabeak izan daitezela zainduko da, ahal den neurrian.
  • 2.2.4. Irakasgai baten lau deialdiak agortuta, ikasleak salbuespenezko deialdi bakar bat eska dezake, errektoreari zuzendutako idatziaren bidez. Salbuespenezko deialdia emateari buruzko erabakia errektoreak hartuko du, kontuan hartuta ikaslearen espedientea eta beste gorabehera batzuk.

2.3. Master guztietan, edozein izanda ere master mota (ikasgelakoa, irakaskuntza mistokoa edo urrutikoa) ikasleek denbora muga bat izango dute masterra amaitzeko. Kasu guztietan epe hori izango da masterra gainditzeko behar den ikasturte kopurua gehi bi gehiago, betiere, master bakoitzeko arautegian zehaztutako arduraldiaren arabera (partziala/osoa). Kontuan hartuko da 60 kredituko edo 60 kreditutik beherako multzo bakoitza ikasturte baten parekoa dela.

3. artikulua. Egoera bereziak

Ikasleari ez zaizkio ezarriko 1. eta 2. artikuluetan zehaztutakoak, baldin eta honako egoera bereziren batean badago:

  • Eskola aldian gaixorik egotea hiruhileko batean baino luzaroago. Egoera hori behar bezala egiaztatu beharko da.
  • Beste egoera larri batzuk, behar bezala justifikatuak.

4. artikulua. Epaimahaien osaera

4.1. Epaimahaiak masterraren ardura daukan ikastegiko batzarrak izendatuko ditu ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan, masterreko Batzorde Akademikoa entzun eta gero.

4.2. Epaimahaiok masterreko hiru irakaslek osatuko dituzte eta, egindako probaz gain, epaimahaikideek ikaslearen historiala eta gainerako gorabehera akademikoak hartuko dituzte kontuan.

4.3. Epaimahaia osatuko duten pertsonen zerrenda ikasturte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan jarriko da jendaurrean.

5. artikulua. Matrikula baliogabetzea

5.1. Ikaslearen eskariz matrikula baliogabetzeak eta matrikula ez egiteak ondorio berak izango dituzte unibertsitatean jarraitzeari dagokionez.

5.2. Ikasleak, urtero, matrikula baliogabetzeko aukera izango du abenduaren 31ra arte.

5.3. Unibertsitateak berak bere kabuz baliogabetuko du matrikula, baldin eta ikasleak ez badu betetzen matrikula egiteko zehaztutako baldintzaren bat.

6. artikulua. Prozedura

6.1. Arau hauekin zerikusia duten eskariak (2.1.4 eta 2.2.4 artikuluetan adierazitakoa salbu) Ikastegiko dekanoari/zuzendariari zuzendu beharko zaizkio. Ondoren, hark hartutako erabakiaren kontra errekurtsoa jarri ahalko zaio Graduondoko Batzordeari hilabeteko epean.

6.2. artikuluarekin zerikusia daukaten eskariak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio eta kasuan kasuko masterreko Batzorde Akademikoaren baimena beharko da, bai eta masterraren ardura daukan ikastegiko dekano edo zuzendariarena ere.

6.3. Matrikula baliogabetzeko eskaria abenduaren 31 baino beranduago egiten bada Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaio eta kasuan kasuko masterreko Batzorde Akademikoaren baimena beharko da, bai eta masterraren ardura daukan ikastegiko dekano edo zuzendariarena ere.

6.4. ikasturte bakoitzeko abenduaren 31ren ondoren eta justifikatutako arrazoien ondorioz matrikula baliogabetzeko egiten den edozein eskaera gehienez ere eskaera horren arrazoia gertatu eta hurrengo bi hilabeteetan aurkeztu beharko da, eta betiere baliogabetzeko eskatzen den matrikularen ikasturte akademikoaren barruan.

6.5. Arautegi honetan jaso ez denerako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arauak aplikatuko zaizkio prozedurari.

Azken xedapenetako lehenengoa

Masterretan jarraitzeko arau hauek 2021-2022 ikasturtearen hasieran jarriko dira indarrean, eta unibertsitateko master ikasketei aplikatuko zaizkie.

Azken xedapenetako bigarrena

Graduondoko Batzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan.

Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen gain uzten da araudi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

Azken xedapenetako hirugarrena

Graduondoko Batzordeari eskumena ematen zaio arautegi hau hurrengo ikasturteetarako egokitzeko.