Ezagutu 2019-2020rako master eskaintza Master Egunetan

Presta zaitez zeure bidea jarraitzeko

  • Lehen aldiz, jardunaldiak ikastegietan egingo dira, eta, bertan, ikasleek beren ezagutza arloko graduondokoak ezagutzeko aukera izango dute

  • 2019-2020 ikasturterako masterren katalogoan ezagutza adar guztietako 130 titulu baino gehiago aurki daitezke

Aurten, UPV/EHUk ikastegietako bakoitzean antolatutako ekintzen bitartez emango du ezagutzera bere master eskaintza handi eta zabala, eta, gainera, jardunaldi bat egingo du apirilaren 4an Bizkaia Aretoan, Bilbon. Aukera ezin hobea da graduondoko ezberdinetako arduradunen eta irakasleen eskutik aurrez aurreko informazio zuzena jasotzeko.

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. 130 masterreko eskaintza dago, eta horietako programa asko estatuko eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekin lankidetzan antolatuta daude. Horrez gain, titulazio bikoitzak eta EACEA (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency) Europako agentziaren aitorpena duten Erasmus Mundus masterrak ere badauzkagu. Gainera, ikas-ekinezko modalitateko (enpresekin lankidetzan) zenbait master ere badauzkagu, eta horiek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) aitortu ditu.

Gure eskaintza horri esker, ikasleek espezializazio maila altua lor dezakete etxetik gertu, eta, horrez gain, beren prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko aukera izango dute, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez. Halaber, gure masterrak aberastu egiten dira UPV/EHU ez diren goi mailako irakaskuntza erakundeetatik datozen ikasleen parte-hartzearekin.

Gainera, graduondoetako ikasleek enpresetan praktikak egin ditzakete gure master eta doktorego programetarako I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresa pribatuekin sinatutako 800etik gora hitzarmenei esker.

Master Egunak

UPV/EHUk hiru campusetako ikastegietan 100 unibertsitate master eta 30 berezko masterretik gora (espezializazio maila altuko titulazioak dira, argi eta garbi lanera bideratuta daudenak) aurkeztuko ditu. Eskaintza honek jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu teknologia zentroekin, enpresekin, erakundeekin, eta prestigio handiko nazioarteko ikertaldeekin.

Ikastegi bakoitzeko Master Egunean ikasleek beren arloko programei buruzko informazioa jasoko dute. Kontsultatu Master Egunen datak eta ordutegiak. Aipatutako guztiaz gain, apirilaren 4an, 15:30etatik 20:00etara, Bizkaia Aretoan jardunaldi bat egingo da. Bertan, gure masterrak aurkezteaz gain, iazko ikasturtean masterretako bakoitzean espediente akademikorik onena lortu zuten ikasleei aintzatespen ekitaldi bat egingo zaie, zeinetan diploma eta opari bana jasoko duten. 

Ekintza guztiak, bai Bizkaia Aretokoa bai ikastegietakoa, publikoak dira eta nahi duena bertaratu daiteke. Ez da beharrezkoa izango UPV/EHUn ikasten egotea edo unibertsitatearen parte izatea.

Master Egunetara gerturatzeko eta zalantza guztiak argitzeko gonbita egiten dizuegu. Zuen prestakuntza graduondoko batekin osatzeak zuen etorkizun profesionalean lagunduko dizue, zalantzarik gabe.