2020-2021erako master eskaintza Master Egunak jardunaldietan

  • Jardunaldiak egingo dira ikastegietan, eta, bertan, ikasleek beren arloko graduondokoak ezagutuko dituzte

  • 2020-2021 ikasturterako masterren katalogoan jakintza adar guztietako 130 titulu baino gehiago aurki daitezke

  • Erasmus Mundus bi master berri, unibertsitate arteko bi eta online eskaintza handiagoa

UPV/EHUk ikastegietako bakoitzean antolatutako ekintzen bitartez emango du ezagutzera bere master eskaintza handi eta zabala. Master Egunak direlakoa aukera ezin hobea da titulazioetako arduradunen eta irakasleen eskutik aurrez aurreko informazio zuzena jasotzeko.

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. 130 masterreko eskaintza dago, eta horietako programa asko estatuko eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekin lankidetzan antolatuta daude (bi berrikuntza egonik: Enologia Berritzailea masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, eta Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketa masterra, Kantabriako Unibertsitatearekin); titulazio bikoitzak eta Erasmus Mundus masterrak (zazpi 2020-20121 ikasturtean, bi berriak: Erasmus Mundus Master in Language and Communication Technologies eta Erasmus Mundus Master of Science in Environmental Contamination and Toxicology), EACEA Europako Agentziaren (Education, Audiovisual and Culture Executive Agency) aitortza dutenak. Gure eskaintzak modalitate dualean (enpresekin lankidetzan) ematen diren masterrak hartzen ditu barne, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq) aitortutako nazioartekotze zigiluarekin. Gainera, online eskaintza zabaldu dugu, ikasgelako eta ikasgelaz kanpoko modalitatea unibertsitate master honetan sarturik: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza.

Gure eskaintza horri esker, ikasleek espezializazio maila altua lor dezakete etxetik gertu, eta, horrez gain, aukera izango dute beren prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez. Halaber, gure masterrak aberastu egiten dira UPV/EHU ez diren goi mailako irakaskuntza erakundeetatik datozen ikasleen parte-hartzearekin.

Gainera, graduondoetako ikasleek enpresetako praktikak egin ditzakete gure master programek I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresa pribatuekin sinatutako 800etik gora hitzarmenei esker, eta unibertsitatearen beraren eta beste erakunde batzuen beka eta laguntzen deialdiez balia daitezke.

Master Egunak

UPV/EHUk hiru campusetako ikastegietan 100 unibertsitate master eta 30 berezko masterretik gora (espezializazio maila altuko titulazioak dira, argi eta garbi lanera bideratuta daudenak) aurkeztuko ditu. Eskaintza honek jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientzia Esperimentalak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte eta Lege Zientziak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu teknologia zentroekin, enpresekin, erakundeekin, eta prestigio handiko nazioarteko ikertaldeekin.

Ikasleek beren arloko programei buruzko informazioa jasoko dute ikastegi bakoitzeko Master Egunean. Kontsultatu Master Egunen datak eta ordutegiak. Bestalde, Bizkaia Aretoan jardunaldi bat egingo da, eta, bertan, aintzatespen ekitaldi bat egingo zaie iazko ikasturtean masterretako bakoitzean espediente akademikorik onena lortu zuten ikasleei, diploma eta opari bana emanez. 

Jarduera guztiak, bai Bizkaia Aretoakoak bai ikastegietakoak, publikoak dira eta nahi duena bertaratu daiteke, hau da, berdin da orain UPV/EHUn orain ikasten ari den edo gure unibertsitatekoa ez den.

Gonbita egiten dizuegu Master Egunak direlakoetara gerturatu eta informatzeko. Argi dago, zuen prestakuntza graduondoko batekin osatzeak zuen etorkizun profesionalean lagunduko dizue.