Sarearen aurkezpena

UPV/EHUk 1997an eman zuen, Francisco Javier Caballero Harriet irakaslearen ekimenez, lehen master programa Latinoamerikan. Ordutik hona, gure unibertsitateak gero eta presentzia akademiko handiagoa eta sendoagoa dauka graduondoan lurralde horretan nazioarteko harreman eta lankidetzako proiektu zehatz baten barruan, egitasmo horren tresna akademiko nagusia izanik UPV/EHUko Graduondoko Sare Latinoamerikarra. 

Gaur egun, Graduondoko Sare Latinoamerikarrean parte hartzen dute, UPV/EHUrekin duten hitzarmenari esker, 12 herrialdetako 17 unibertsitatek. Sare horren helburua da gurekin hitzarmena duten unibertsitateetan ematen ditugun master eta doktorego programak bideratzeko erakunde euskarria izatea. Unibertsitate sare hori goi mailako komunitate akademikoa da, zinez: bertatik 1.500 ikasle baino gehiago pasatu dira eta, une honetara arte, 200 doktorego tesi baino gehiago defendatu dira.

Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako proiektu honek UPV/EHUren presentzia indartu nahi du nazioartean, eta helburu nagusitzat dauka kalitatezko garapen akademikoari laguntzea, horretarako interesa beren beregi erakusten duten herrialdeetan eta halakorik nahi duten unibertsitateen bitartez. Kalitatezko prestakuntzarekin konprometituta dauden eta potentzialtasun akademiko esanguratsua duten unibertsitateei zuzentzen gatzaizkie, dauden ingurunean egoteagatik, tokiko baliabideak bakarrik erabilita garatu ezin dutenei. Gure helburuak lortzeko, ezinbesteko baliabide metodologikotzat jotzen dugu gurekin hitzarmena duten unibertsitateetan egotea oinarrizko bi arrazoirengatik:

  • Batetik, aukera ematen digu unibertsitate prestakuntza bermatzeko hain garrantzitsua den harremana sortzeko irakasle eta ikasleen artean. Gu bertan egonda, kalitatezko prestakuntza prozesuetan parte har dezakete, bestela, kostuagatik eta baliabide ekonomikorik ezagatik, halakorik izango ez luketen lekuan.  

  • Bestetik, ulertu beharra dago Latinoamerikako herrialde bakoitzak portaeraren eremu guztietan (erakundeetan, ekonomian, hezkuntzan, hizkuntzan eta abarretan) errealitate zehatz bat erakusten digula, eta errealitate horrek planteatuko dituen arazoek eskatuko dituzten irtenbideak —zehatzak horiek ere— Europan ditugun testuinguruetakoez bestelakoak izango direla. Gure programa akademikoek gurekin hitzarmena duten unibertsitateetako giza baliabideak, eta, bereziki, irakasleak prestatzea dute xede, jatorriko herrialdeetako premia berezietan errotutako ikerketa lerroetan. Bertan egonda, aztertu beharrekoak diren errealitate berezi horiek hurbilagotik eta modu osoagoan ezagutu daitezke. 

Adierazitako argumentuekin bat etorriz eta eskainitako programak diseinatzeko sarearen esparruan defendatutako irizpide akademikoak zezhaztuz, honako hau esan dezakegu:

  • Beti pentsatu izan dugu masterren eskaintza unibertsitate lankideen premia akademikoetara egokitu behar dela, eta zentzu horretan, ulertu behar da errealitate «bizia» dela, gurekin hitzarmena duten unibertsitatearen premien arabera aldatzen dena.  Master programen edizioek ez dute errutina finkorik, aldi akademiko bakoitzean zehazten den eskaeraren araberakoak dira. Eskaintzen diren programen oinarrian dauden edukiak zabalak eta irekiak dira, eta prestakuntza interes desberdinak dituen eskaerari aurre egiteko modukoak. Gure jarduerak zentzurik izango baldin badu, proposatzen dugun proiektu akademikoak proiektua hartuko duen unibertsitate edo herrialderako erabilgarria izan behar du.

  • Programetako edukiek aplikatuak izan behar dute. Ezin dugu burutik kendu hartuko gaituzten unibertsitate edo gizarteetan erabilgarri izan behar dugula, egoera horretan bakarrik daukalako zentzua gu bertan egoteak. Ez da ahaztu behar lanean ari garen herrialdeetan hutsune akademikoak daudela, bereziki unibertsitate mailakoak. Horregatik, esan behar da programak diseinatzerakoan kontuan hartzen dela jakintza arloari dagozkion ezagutza nagusien inguruko hausnarketa eta diziplina bakoitzaren alderdi teorikoa osatzen duten ezagutza horien aplikazio praktikoa, kasuan kasuko herrialdearen errealitateak dituen espezifikotasunak aintzat hartuta.

Eskaintza akademikoa osatzen dute master ikasketek eta prestakuntzarekin jarraitzeko horien ostean egin daitezkeen doktorego programek. Programazio lerroarekin bat, eskaintzen diren masterrak ikerketa jarduerara bideratuta daude eta doktorego ikasketen aurreko urratsa dira.

Azkenik, «komunitate akademikoa sortzeko», UPV/EHUko Graduondoko Sare Latinoamerikarrak nazioarteko kongresu bat antolatzen du bi urtean behin unibertsitate lankideetakoren bateko egoitzan. Kongresuak aukera aparta eskaintzen du elkartzeko, ezagutzan sakontzeko eta informazioa trukatzeko, baita doktoregaiek beren ikerketetan egiten dituzen aurrerapausoak ezagutarazteko. Horrez gain, tresna baliotsua da sareko ikasleen ikerketako jarduerei laguntzeko eta, aldi berean, gurekin lan egiten duten Latinoamerikako unibertsitateak bata bestearekin harremanetan jartzeko eta haien arteko kohesioa lortzeko.