Doktorego-tesiaren C2 euskara maila egiaztatzeko prozedura

47/2012 dekretuaren arabera doktorego-tesia euskaraz idazten eta defendatzen duena salbuetsita dago Hizkuntzen Europako erreferentzia Marko Bateratuko C2 mailari dagokion titulua aurkeztetik. Era berean, dekretuaren 6. artikuluan zehazten den bezala, unibertsitateek eman behar dituzte dekretuaren 2. artikuluan zehaztutako salbuespenak gauzatzeko ziurtagiriak.

2015eko martxoaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartu den Doktoregoko Kudeaketa-Araudi berriaren arabera,  C2 mailari dagokion titulua aurkeztetik salbuesten duen ziurtagiria lortzeko, doktoregaiak tesia gordailuan jartzen duen momentuan  eskaria  egin beharko du horretarako doktoregoko atalean jaso dezakeen eskaera-orria  beteta.

Salbuespen-ziurtagiria lortzeko eskubidea izateko tesiek honako hiru irizpide hauek  bete beharko dituzte:

  1. Tesiaren %75 euskaraz idatzita egotea eta nazioartekoa baldin bada %50. Hemen azaltzen da Doktorego- tesietan euskaraz idatzitakoaren ehunekoak kalkulatzeko prozedura.
    Doktoregaiak tesiaren kopia  bat (euskarri digitalean) aurkeztuko du hori ziurtatu ahal izateko.
  2. Gutxienez defentsaren %45 euskaraz egin dela ziurtatzen duen txostena, epaimahaiko idazkariak sinatua.
  3. Doktorego-tesiaren C2 euskara-maila egiaztatzen duen aldeko txostena:
    • 3.1. Doktoregaiaren kalitate linguistikoaren ebaluazioa tesiaren defentsa egunean bertaratuko den Euskararen arloko Errektoreordetzak izendatutako adituak burutuko du.
    • 3.2. Euskararen arloko Errektoreordetzak izendatutako aditua ez da tesiko epaimahaiko kide izango, eta erabilitako hizkuntzaren kalitatea bakarrik ebaluatuko du
    • 3.3. C2 euskara-maila izateko, doktoregaiak ahozko defentsan kalitate linguistikoa bermatzen duten irizpideak bete beharko ditu (komunikazio-gaitasuna, jarioa, lexikoa eta zuzentasuna).
      Hemen azaltzen dira  Doktorego-tesien ahozko defentsan C2 euskara-maila bermatzen duten ebaluazio irizpideak.
    • 3.4.  Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 54. artikuluan zehazten den bezala, adituak eginiko txostena arrazoitua izan beharko da.
    • 3.5. C1 maila ziurtatzen duten doktoregaiek (1) ez dute adituaren txostenik beharko doktorego-tesiaren C2 euskara-maila egiaztatzeko: horientzako goian aipatu diren 1. eta 2. puntuko irizpideak nahikoa izango dira

Eskatutako "C2 salbuespen ziurtagiria" onartzen ez den kasuetan, eskatzaileari erabakia jakinaraziko zaio. Erabaki horren kontra eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskararen arloko errektoreordeari hilabeteko epean, erabakia horren berri eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondokoetan (eskatzaileari, erabakiarekin ados ez badago,  Euskara Zerbitzuan ahozko proba bat egiteko aukera emango zaio).

(1) C1 euskara-maila egiaztatu behar da eskaera aurkeztu den unean. Euskara-egiaztagirien baliokidetzari buruzko 297/2010 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuarekiko baliokidetza ezartzen du. Titulu eta ziurtagiri hauek guztiak eskaerarekin batera ekarri beharko dira.

2008ko apirilaren 16aren ondoren defendatutako tesiak, 47/2012 Dekretuari jarraiki, eskaera egin dezakete C2 euskarazko titulua aurkeztetik salbuesteko. Horretarako, eskaria deskargatu beharko dute Graduondoko Ikasketen web orrian eta emailez hurrengo helbidera bidali: doctorado@ehu.eus