Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko arautegia

Lehena

1. Unibertsitatean euskaraz aritu behar duen irakasleak horretarako hizkuntza maila eta gaitasuna duela ziurtatzera dator Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria.

2. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria bi eratara lor daiteke: proba gaindituz nahiz baliokidetzaren bidez. Arautegi honetan zehaztu dira bi prozedura horiek.

3. Hizkuntza-eskakizun elebiduneko plazen lehiaketetan, beharrezkoa izango da Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria izatea, hemen zehazten diren prozeduren arabera.

Bigarrena

1. Gaitasun probak + epaimahai baten aurrean egingo dira. Euskara Errektoreordeak izendatuko du epaimahaia eta bost kidek osatuko dute, modu honetan:

1.1 Mahaiburua Euskararako Kabinete Teknikoaren zuzendaria izango da. Kabinete Teknikoaren zuzendariaren ezintasunagatik ordezko bat izendatu behar bada, Euskara Errektoreordeak izendatuko du UPV/EHUko irakasleen artean, Kabinete Teknikoaren proposamena entzun ondoren.

1.2 Idazkaria UPV/EHUko Euskal Filologia edo Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika sailetako irakaslea izango da.

1.3 Beste hiru mahaikideak Errektoreordeak izendatuko ditu, bai UPV/EHUko irakasleen artean, bai Hezkuntza eta Unibertsitate Sailak, Errektoreordeak eskatuta, proposatutako teknikarien artean. UPV/EHUko irakasleek Unibertsitateko euskarazko irakaskuntzan gutxienez bost urteko esperientzia izan behar dute izendatuak izateko.

1.4 Hauez gain Euskara Errektoreordeak ordezko bi izendatuko ditu euskarazko irakaskuntzan gutxienez bost urteko esperientzia duten UPV/EHUko irakasleen artean. Bietako batek Euskal Filologia edo Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika sailetako irakaslea izan beharko du.

1.5 Izendapenak banakakoak izango dira eta bi urtean behin berretsi beharko dira edo ezeztatu.

1.6 Azterketarien kopurua dela eta, epaimahai gehiago behar direla aurrikusten bada, era berean osaturiko epaimahaiak izendatuko dira. Zuzendaria izendatzeko 1.1. puntuan zehaztutakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena

1. Euskaraz Irakasteko Gaitasun probek bi atal izango dituzte, idatzia lehena eta ahozkoa hurrena. Biak gainditu behar dira, eta beraz idatzia ez gainditzeak ahozkoa egiteko aukera ezeztatzen du.

2. Idatzizkoak bi atal ditu. Lehenengoan, euskara idatziaren ezagutza egokia frogatu behar da, ariketen bidez. Bigarrenean, azterketariak 250-300 hitzeko testu bat idatzi behar du, unibertsitate mailako testu bat euskara garbi ulergarrian idazteko gai dela frogatzeko. Bigarren atal honetan, aipaturiko gaitasuna erakusteko, hurrengo puntuan zerrendatzen diren jakintza-arlo bakoitzeko testu zati bat, arazo bat edo gai bat proposatuko zaio azterketariari.

3. Honako hauek dira aurreko puntuan xedaturikoa betetzeko kontuan hartzen diren jakintza-arloak: Arkitektura, Artea, Ekonomia, Filologia, Filosofia, Geografia, Historia, Gizarte-Zientziak, Heziketa Fisikoa, Informatika, Informazioa, Osasuna, Pedagogia, Psikologia, Teknologia, Biologia, Fisika, Geologia, Kimika, Matematika, Zuzenbidea.

4. Ahozko proban azterketariak unibertsitate mailako gai bat euskaraz adierazteko hizkuntza gaitasun nahikoa duela erakutsi behar du. Aurreko puntuan zehazten den proposamena abiapuntutzat hartuta, azterketariak gai bat garatu beharko du epaimahaiaren aurrean, gehienez ordu laurden batez. Mahaikideek galderak egin ahalko dizkiote azterketariari.

Laugarrena

1. Probetan erabiliko diren ariketak zehaztea eta azterketak zuzentzeko irizpideak finkatzea Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriko proben batzordearen betekizunak dira.

2. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriko proben Batzordea ikasturte guztietan osatuko da, modu honetan:

2.1 Batzordekideak Euskara Errektoreordeak izendatuko ditu. Izendapenak banakakoak dira eta bi urtean behin berretsi beharko dira edo ezeztatu.

2.2 Batzordeburua Euskararako Kabinete Teknikoaren zuzendaria da. Kabinete Teknikoaren zuzendariaren ezintasunagatik ordezko bat izendatu behar bada, Euskara Errektoreordeak izendatuko du UPV/EHUko irakasleen artean, Kabinete Teknikoaren proposamena entzun ondoren.

2.3 Batzordekideak honako hauek izango dira:

   2.3.1 Probetarako epaimahaikide izendatuak izan diren UPV/EHUko irakasleak.
   2.3.2 UPV/EHUko Euskara Batzordeak proposatutako Euskara Batzordekide bi.
   2.3.3 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko teknikariak, lau gehienez, probetarako epaimahaikide izendapena dutenak barne.
   2.3.4 Idazkaria, Euskara Institutuko kideen artean izendatua.

3. Batzordea osa dadin ezinbestekoa da UPV/EHUko batzordekideen bi herenak egotea.

4. Biltzeko deia egitea batzordeburuari dagokio.

5. Batzordea gutxienez urtean behin bildu behar da. Edozein kasutan, ikasturte bakoitzeko lehen bi hilabeteen barruan bilduko da, ikasturteko lehenengo proben deialdia baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

6. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriko proben batzordeak, lehen atalean azaldutako helburuekin bat, ikasturte bakoitzean erabiliko diren ariketak eta zuzenketetarako irizpideak finkatuko ditu, erabaki horien akta egingo du eta jendaurrean erakutsiko.

7. Administrazio Publikoen eta Prozedura Administratibo Arruntaren Erregimen Juridikoko Legearen 27.1. artikuluak arautzen duenaz gain, honako informazio hauek zehaztu behar dira aktan:

7.1 Proba idatzian erabiliko diren ariketen ereduak, zuzendutako adibideak, eta proposatuko diren gai, arazo zein testuen adibideak.

7.2 Idatzizko proban zein ahozkoan erabiliko diren zuzenketa irizpideak.

7.3 Ikasturteko deialdien datak eta deialdiotan parte hartzeko izena emateko epeak.

Bosgarrena

1. Idatzizko azterketa bakoitza aztertzaile batek baino gehiagok zuzendu beharko du.

2. Gutxienez hiru epaimahaikidek egingo diote ahozko proba azterketari bakoitzari. Azterketariak hala nahi izanez gero, proba grabatzeko eskubidea du. Halaber, zortzigarren artikuluan zehazten den moduan helegitea jartzen badu, grabaketa hori erabiltzeko eskubidea du helegitea sustatzeko.

Seigarrena

1. Ikasturte guztietan, probetarako deialdi publiko arrunt bat egingo da, Gobernu Batzarrak besterik erabakitzen ez badu.

2. Ohiko deialdiaz gain, Euskara Errektoreordetzak aparteko deialdiak egin ditzake irakasle plazak betetzeko beharrak hala eskatzen badu.

3. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriko Batzordea bildu ez bada Errektoreordetzak aparteko deialdia egiten duenean, edo bildu denetik hiru hilabete igaro ez badira, batzordearen aurreko ikasturteko aktak jarraituko du indarrean.

Zazpigarrena

1. Bi kalifikazio baino ez dira egongo: "ez gai" eta "gai". Zuzenketa guztiak eginik, epaimahaiak behin-behineko emaitzen zerrenda erakutsiko du Euskara Errektoreordetzaren eta hiru campusetako Errektoreordetzen iragarki tauletan. Handik hamabost egunera behin betiko emaitzen zerrenda argitaratuko du modu berean eta proben akta bidaliko dio Euskararako Kabinete Teknikoko zuzendariari.

2. Euskararako Kabinete Teknikoko zuzendariak Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria emango dio proba gainditu duen bakoitzari.

3. Urtero, ikasturtea bukatuta, ikasturtean gaitasun agiria eskuratu dutenen zerrenda EHAAn argitaratuko du Euskara Errektoreordetzak.

4. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriak ez du iraungitze datarik.

Zortzigarrena

1. "Ez gai" kalifikazioa izan duten guztiek euren epaimahaiko aztertzaile batekin azterketa berrikusteko eskubidea dute.

2. Behin-behineko emaitzen zerrendarekin batera, epaimahaiak eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu, "ez gai" kalifikazioa izan dutenen artean nahi dutenek azterketa berrikusteko aukera izan dezaten aztertzaile batekin.

3. Aurreko puntuan zehaztutakoa behin betiko emaitzen zerrenda argitaratu baino lehen bete behar da.

4. Epaimahaiak behin betiko emaitzen zerrenda argitaratzen duen egunaren biharamunean hasita, "ez gai" kalifikazioa izan dutenek hilabeteko epea dute Euskara Errektoreordearen aurrean helegitea jartzeko. Helegite bakoitzaren arrazoiak ikusita eta behar diren txosten teknikoak Euskararako Kabinete Teknikoari eskatuta, Errektoreordeak, beste erabaki batzuen artean, proba berregiteko agindua eman dezake.

5. Helegiteak arlo administratiboa agortzen du, eta, horrenbestez, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren bidea geratzen da.

Bederatzigarrena

1. 1998.eko urriaren 23ko EHAAn argitaratu zen urriaren 6ko 263/1998 dekretuan (202 zk.) bildu eta ezarri ziren baliokidetzak ikusita, honako titulu hauek Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriaren baliokideak dira kasu guztietan eta eragin guztiekin, eta inongo tramiterik gabe onartuko ditu UPV/EHUk plazak betetzeko lehiaketetan zein beste edozein prozeduratan:

1.1 Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).

1.2 Euskaltzaindiaren D titulua.

1.3 Nafarroako Gobernuaren EGA agiria (eta Nafarroako Gobernuak bere aginte esparruan finkaturik dauzkan EGAren baliokideak).

1.4 Labayru Ikastegiko 3. mailako agiria (1982.eko irailaren 19a baino lehen emana).

1.5 EAEko hizkuntza eskola ofizialetako euskal gaitasun maila.

1.6 Madrilgo Hizkuntza Eskola Ofizial Nagusiko euskal gaitasun maila.

1.7 Euskal Filologiako lizentziatura.

1.8 Euskal Filologiaren alorreko irakasle diplomatura.

1.9 UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan 1985ean edo handik aurrera euskaraz egindako irakasle diplomatura.

1.10 UPV/EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan 1985ean edo handik aurrera euskaraz egindako irakasle diplomatura.

1.11 Donostioako OHOko Irakaslegoaren Elizbarrutiko Irakasle Eskolan euskal adarren batean egindako irakasle-diplomatura, 1984an edo handik aurrera lortua bada.

1.12 Eskoriatzako OHOrako Irakaslegoraren Unibertsitate Eskolan euskal adarren batean egindako irakasle-diplomatura, 1984an edo handik aurrera lortua denean.

1.13 Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren irakasleen 2. Hizkuntz Eskakizuna (HE 2) (azterketa bidez lortu bada).

1.14 EAEko Administrazio Orokorreko 3. Hizkuntz Eskakizuna (HE 3) (azterketa bidez lortu bada).

Hamargarrena

1. Bestelako merituak ere kontsideratu ahalko dira UPV/EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria baliokidetzaren bitartez eskuratzeko.

2. Baliokidetzaren bide hori baliatu nahi dutenek Euskararako Kabinete Teknikoko zuzendariari aurkeztuko dizkiote merituak.

3. Euskararako Kabinete Teknikoko zuzendariak eta Euskara Errektoreordeak, eskarien kopurua eta irakasle plazak betetzeko lehiaketen datak aztertuta, merituak balioesteko batzordea osatzeko deialdia egingo dute.

4. Baliokidetzarako merituak balioesteko bost batzordekideak Euskara Errektoreordeak izendatuko ditu, modu honetan:

4.1 Batzordeburua, Euskararako Kabinete Teknikoaren zuzendaria.

4.2 Idazkaria, Euskara Institutuko kideen artean izendatua.

4.3 Batzordekide bi, Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriko proben batzordeko kideen artean izendatuak.

4.4 Beste batzordekide bat, UPV/EHUko Euskara Batzordekideen artean izendatua.

5. Izendapenak banakakoak dira eta bi urtean behin berretsi edo ezeztatu beharko dira.

6. Baliokidetzaren bidea baliatu duen baten merituak nahikoak badira, batzordeak arrazoitutako txostena bidaliko dio Euskararako Kabinetearen zuzendariari, hark Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eman diezaion baliokidetza eskatu duenari. Baliokidetzarako merituak nahikoak ez direla uste badu, batzordeak idatziz jakinaraziko dio bere erabakia baliokidetza eskatu duenari.

7. Baliokidetzarako merituak nahikoak ez direla erabaki denean, eskabidea aurkeztu duenak hilabeteko epea du batzordearen erabakiaren jakinarazpena hartzen duen egunetik hasita Euskara Errektoreordearen aurrean helegitea jartzeko.

8. Euskararako Kabinete Teknikoaren zuzendariak UPV/EHUko Euskara Bazordearen aurrean aurkeztuko du, urtean behin gutxienez, bide honetatik onartu diren baliokidetzen zerrenda. Edozein Euskara Batzordekidek eskubidea du edozein baliokidetzaren aldeko txostenaren kopia idatziz eskatzeko eta eskuratzeko.

Iragankorra

1. Arautegi hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera egongo da indarrean bederatzigarren artikulua.

2. Beste artikulu guztiak arautegi hau EHAAn argitaratzen denetik 2002/2003 ikasturtean sartuko dira indarrean.

Indargabetzekoa

1. Bigarren xedapen iragankorra gauzatzen denean, indargabetuta uzten da Gobernu Batzarraren erabakia, 1997.eko martxoaren 12koa, Unibertsitateko irakasleen plaza elebidunetako lehiaketetan euskarako gaitasuna frogatzeko egin behar diren probak arautzeko dena.

Azkena

1. Orain arte indarrean egon diren prozeduren arabera Euskararako Kabinete Teknikoak eman dituen gaitasun agiri guztiak, iraungitze data gainditu ez badute Gobernu Batzarrak erabaki hau hartu duen egunean, Euskal Herriko Unibertsitatean Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiriaren baliokideak dira eragin guztiekin.