UPV/EHUren Klika

21. KORRIKAk proposatutakoarekin bat eginez, UPV/EHUk ere klika egiten dio euskarari, klika egiten dio etorkizunari eta klika egiten dio konpromisoari. Horretarako, besteak beste:

  • Euskararen erabilera eta presentzia unibertsitateko esparru guztietara hedatzeko lan egingo dugu.
  • Euskararen erabileraren normalizazioari eta Euskal Herriko garapen soziokulturalari ekarpena egingo diogu unibertsitatean arlo horietan sortutako ezagutza gizarteratuz. 2019an, bereziki, Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) UPV/EHUko irakaslearen obra ezagutzera emanez.

Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi)

Argazkia: Dani Blanco

Maite zuena nekez alboratzen zuen Txillardegik. Pianoarekin nola, beste hainbat arlotan ere jardun zuen gogotik: hizkuntzalaritzan, kulturgintzan, literaturan, politikan, historian, matematikan, erlijioan, pentsamenduan nahiz aktibismoan. Jakin-mina piztuta, menperatu arte arituko baitzen maite zuen horretan, bizitza oso bat behar izanda ere.

20 urtez izan zen Euskal Herriko Unibertsitatea Txillardegiren etxea. Zorroagako campuseko Pedagogia Fakultatean hasi zen lanean 1983/1984 ikasturtean. Irakasle lanetan hasi berri zela defendatu zuen tesia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Tesia Euskal azentuaz liburu bihurtu zuen. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile gisa, soziolinguistika matematikoaren oinarriak hamabost urteren buruan finkatu zituen izen bereko argitalpenarekin.

Ez da batere erraza Txillardegik, euskara ardatz izanik, euskal kulturari eta oro har Euskal Herriari egindako ekarpena laburtzea; izan ere, hainbat eremu jorratu zituen bost-sei hamarkadetan, eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen eremu horietan guztietan. Besteak beste, euskal literaturaren lehen eleberri modernotzat jotzen dena argitaratu zuen 1957an, Leturiaren egunkari ezkutua hain zuzen. Euskara batuaren hedapena bultzatzea zen bere kezka nagusietako bat, adibidez, horren ondorio izan zen argibide praktikoz osatutako Oinarri bila liburua. Alfabetatzen ari zirenentzako ezinbesteko ikasmateriala izan zen.

Bereziki azpimarratzekoa da Txillardegik unibertsitatetik euskararen alde egindako lan militantea eta gizartea sentsibilizatzeko zuen gaitasuna. Horregatik guztiagatik eta aipatu gabe utzitako beste horrenbeste edo gehiagorengatik, egiten dio merezitako omenaldi hau UPV/EHUk.

KORRIKAko eskukoak UPV/EHUn

KORRIKAko eskukoa eramatea 4 kilometrotan: 4 kilometro hauetan Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran, egungo errealitatean eta etorkizunean estrategikoak izan ziren, diren eta izango diren gaiei aitortza egin nahi diegu:

  • Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio guneko kilometroa: 1501. km-a

    Apirilaren 10ean, arratsaldeko 17.28ean, Leioako Mikel Laboa plaza

    Kilometro honetan aitortza egingo zaio 1968an sortutako Bilboko Unibertsitateari, gerora sortutako Euskal Herriko Unibertsitatearen ernamuina izan zelako eta unibertsitateko eremu ezberdinetan euskara sartzen hasi zedin oinarriak jarri zituelako .

  • Bilboko kilometroa: 1760. km-a

    Apirilaren 11n, arratsaldeko 15.39ean, Iberdrola dorrea, Euskadi Plaza

    Kilometro honetan aitortza egingo zaie ikasketa zientifiko-teknikoetako emakumeei, bereziki ingeniaritza arloko emakumeei. Horrela, ikasketa zientifiko-teknikoen arloan emakumeetan bokazio eta asmo profesionalak piztu nahi ditugu.

  • Gipuzkoako Campuseko Donostiako kilometroa: 2057. km-a

    Apirilaren 12an, arratsaldeko 16:48ean, Tolosa Hiribidea, Osasun Zentroa Mutua Unibersal

    Kilometro honetan aitortza egingo zaie ezgaitasunak dituzten UPV/EHUko kideei. UPV/EHUko II Inklusio Planeko sentsibilizazio estrategiarekin bat dator ekimen hau.

  • Arabako Campuseko Gasteizko kilometroa: 2541. km-a

    Apirilaren 14an, goizeko 11.36ean, Gaztelako atea-Santiago Ramon y Cajal

    Kilometro honetan aitortza egingo zaie atzerritik UPV/EHUra egonaldia egitera datozen eta euskara ikastaroa egiten ari diren ikasleei. Ekintza honekin ikasle hauei euskararekin esanguratsua den esperientzia bizitzeko aukera eman nahi diegu.

Txillardegiren omenez UPV/EHUk KORRIKArako antolatu dituen ekimenak

Arabako Campusa

Apirilak 11

  • 11:00 Txillardegiren Klika dokumentalaren emanaldia Kote Camacho egilearen aurkezpenarekin
    Letren Fakultateko Gradu Aretoan

  • 11:45 Dabilen Pentsamendua bilduman argitaratutako Txillardegiren Euskara batua liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua
    Letren Fakultateko Gradu Aretoan

    Hizlariak: Gidor Bilbao (moderatzaile), Koldo Zuazo, Iñaki Camino eta Xabier Eizagirre irakasleak, azken hau liburua aurkezten.

Bizkaiko Campusa

Apirilak 10

  • 11:00 Txillardegiren Klika dokumentalaren emanaldia Kote Camacho egilearen aurkezpenarekin
    Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Aretoan

  • 12:00 Dabilen Pentsamendua bilduman argitaratutako Txillardegiren Nazio Auzia liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua
    Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Areto Nagusian

    Hizlariak: Ander Iturriotz, Onintza Odriozola eta Asier Blas irakasleak.

Gipuzkoako Campusa

Apirilak 12

  • 11:00 Dabilen Pentsamendua bilduman argitaratutako Txillardegiren Hizkuntza eta Filosofia liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua
    I.M. Barriola eraikineko 3.8 gelan

    Hizlariak:
    • Ekai Txapartegi, moderatzaile lanetan
    • Lorea Agirre, (Jakin)
    • Alaitz Aizpuru (Elkar)
    • Natxo Aiestaran eta Iñaki Zabaleta irakasleak
       
  • 13:00 Txillardegiren Klika dokumentalaren emanaldia Kote Camacho egilearen aurkezpenarekin
    I.M. Barriola zentroko auditoriumean

Beste ekimenak

Apirilak 10

  • Bilboko Hezkuntza Fakultateko eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleek antolatutako LIDUB emanaldia Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio gunean.

  • Leioako Medikuntza eta Erizaintza fakultatean 16:00etan hasita, luncha trikitilariekin batera.