Enologia Berritzailea

Aurkezpena

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorea oso dinamikoa da azkenaldian. Beste kontinente batzuetan, herrialde ekoizle berriak agertzen ari dira, eta, horrez gainera, mahastizaintzako eta ardogintzako teknika berriak daude, baita produktua merkaturatzeko eta marketina egiteko estrategia berritzaileak ere, eta, horren guztiaren ondorioz, zalantzan jarri da zenbait lurralde ekoizlek eta markak historikoki lortua zuten estatusa. Egoera horri aurre egiteko, beharrezkoa da maila goreneko profesional espezializatuak edukitzea, ikuspegi orokorra dutenak ardo ekoizpenaren negozioaren arlo guztietan eta upategien kudeaketa komertzialean.

UPV/EHUko Enologia Berritzailea Masterrak mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko profil profesionalaren ikuspegi erabat eguneratua eskaintzen du. Ikuspegi horretan, diziplinarteko jarduna bete behar du profesionalak, eta berebiziko garrantzia dauka upategiko jardueren koordinatzaile gisa duen eginkizunak, horri esker lortuko baitu egunetik egunera aldakorragoa eta konplexuagoa den merkatuan barneratzeko estrategia finkatzea. Horixe da, hain zuzen ere, master honen eta batik bat ardoaren elaborazioan oinarrituta dauden beste batzuen arteko alde nagusia.

Diziplinarteko ikuspegia izanik, masterra interesgarria izan daiteke aurretiko ezagutza oso desberdinak dituzten ikasleentzat, baita nekazaritzarekin zerikusirik ez badute ere. Hortaz, ardogintzari begirako interesa duten ikasle eta profesional askok jaso dezaketen espezializazioa eskaintzen du.

Kualifikazio-maila

Titulu honek Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. maila du aitorturik; maila hori Kualifikazioen Europako Esparruko (EQF) 7. mailaren parekoa da, urtarrilaren 23ko 22/2015 Errege Dekretuak jasotzen duenez (BOE 2015/02/07).