Getaria 2022

Getaria 2022

Arkitektura Goi Eskola Teknikoa-Arkitektura Irudigintza III (Marte Mujika, Amaia Casado, JR Izkeaga)

Beirate proposamenak (San Salvador / klaristorioa)

Irudia

Getarian, ikasgaiaren zeregin guztiak uztartuaz, alegiazko ideia lehiaketa baten hipotesian planteatu da 2021-2022 ariketa: apuntea, krokisa, teknikoa, margoa… San Salvador eliza jatorrizko argiztapen gotikora itzultzeko asmoz, klaristoriorako beirate berrien proposamenak egin dituzte ikasleek ikasturtero espezifikoa izaten den “proiektuaren aurkezpena” ariketan.

Ariketaren lehen fasean Getariara zenbait landa praktika burutu dira, apunteak marraztuaz, tenplua ulertzeko (Ayerza, 2018). Bere iluntasunaren zergaitiaz, lehen jabetu ez badira, haserako saio hauen ondoren hitzegin zaie: duela 500 urte, Elkanoren garaian, tenplua klaristorioak argitzen zuen. Garai hartako beirateak barne trazerien planoan kokatzen ziren. Dirauten jatorrizko trazerien arrakala edo zirrikuak testigu.

Irudia

Eraikinak, denboraren iraganaz gain, hainbat eraso, sute, etab. jasan behar izan ditu. 1990-96 urteetan egindako azken zahar berritze lanei zor diegu tenpluaren mendebaldeko rosetoia Pablo Palazueloren beirate batekin ireki izana. Rosetoiak trazeriak galduak zituenez, konposaketa libre bat konposatu zuen. Ikasleek baldintza berdinetan lan egin zezaten, klaristoriorako beirate berriak, kanpo fatxadako arkutarako pentsatu dira. Hareharriz itxiak dauden arkuen baitan kokatuko lirateke proposatzen diren beirateak. Ikasleei ohartarazi zaie ondare historikoan horrelako follie eta lizentziak nekez gertatzen direla. Aitzakia bat behar izaten da lanean hasteko baina…

Ikasleek hurrengo urratsak Eskolan garatu dituzte, banaka eta talde-lanean. Ireki zitezkeen arkuak 10 izateagatik, ikasle zerrenda 10 taldetan banatu da. Talde bakoitzari arku bat egokitu zaio. Norberak bere proposamena gauzatu du lehenik akuarelaz formato txikian. Gero talde bakoitzak, barne lehiaketa baten arabera, garaile bat hautatu du. Eta proposamen garaile horiek izan dira 1/3 eskalan klarionaz kraft paperean talde-lanean margotu eta Gipuzkoako Ignacio Mª Barriola zentroan apirilean ikusgai egon direnak.