Edukia

UPV/EHU 358. postuan dago unibertsitateen munduko CWUR rankingean

Unibertsitateen Munduko Rankingaren Zentroa (CWUR) mundu mailako unibertsitateen rankingak egiten dituen erakunde ospetsuenetariko bat da

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/12

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 358. postua lortu du Center for World University Ranking zentroak urtero egiten duen nazioarteko CWUR rankingean. Erakunde horrek sailkapen akademiko ezagun bat argitaratzen du, munduko unibertsitateak irizpide objektiboen arabera ebaluatzen dituena: hezkuntzaren kalitatea, ikasle ohien enplegua, eta ikerketen ekoizpena eta ikerketaren errendimendua. Iritzi inkesta subjektiboak eta unibertsitate interesdunek eurek helarazitako datuak ez ditu aintzat hartzen. Rankingak munduko 2.000 onenen sailkapena egiten du, 20.000 unibertsitate baino gehiago ebaluatu ondoren. Hori dela eta, munduko ranking akademiko handiena eta zehatzena da.

CWUR zentroak adierazle objektiboak erabiltzen ditu munduko unibertsitateak sailkatzeko:

1) Hezkuntzaren kalitatea: sari akademiko garrantzitsuak irabazi dituzten unibertsitateko ikasleen kopurua, unibertsitatearen tamainari dagokionez (balorazioaren % 25).

2) Ikasle ohien enplegua: bertan ikasi zuten eta munduko enpresa handienetan goi karguak dituzten pertsonen kopurua, unibertsitatearen tamainari dagokionez (% 25).

3) Fakultatearen kalitatea: sari akademiko garrantzitsuak irabazi dituzten fakultate bakoitzeko kideen kopurua (% 10).

4) Ikerketaren errendimendua. Adierazle hauekin:

                  4.1. Ikerketaren emaitza: ikerlanen kopuru osoaren arabera neurtua (balorazioaren % 10).

                  4.2. Kalitate handiko argitalpenak: lehen mailako aldizkarietan agertzen diren ikerlanen kopuruaren arabera neurtuak (balorazioaren % 10).

                  4.3. Eragina: eragin handiko aldizkarietan agertzen diren ikerlanen kopuruaren arabera neurtua (% 10).

                  4.4. Aipamenak: asko aipatu diren ikerlanen kopuruaren arabera neurtuak (balorazioaren % 10).

UPV/EHUk 358. postua lortu du sailkapen orokorrean, eta adierazle espezifiko batean, posizioa hobetu du; izan ere, ezarritako laugarren irizpidean (ikerketaren errendimendua), 322. postua lortu du.

Espainiako estatuko unibertsitateen artean, UPV/EHU zazpigarren postuan dago, alegia, sei unibertsitate bakarrik daude bere aurretik. Sailkapen orokorreko lehen hiru postuetan, Harvard Unibertsitatea, MIT eta Stanford Unibertsitatea daude. Jarraian, Britainia Handiko Cambridgeko eta Oxfordeko unibertsitateak agertzen dira.

Nabarmentzekoa da, bestalde, UPV/EHUrekin batera, urriaren 29an, Tartun (Estonia) eratutako ENLIGHT partzuergoko unibertsitateek lortu dituzten posizio garrantzitsuak: Suediako Uppsalako Unibertsitatea (88. postua), Herbehereetako Groningengo Unibertsitatea (104), Alemaniako Göttingengo Unibertsitatea (108), Belgikako Ganteko Unibertsitatea (118), Bordeleko Unibertsitatea (244), Estoniako Tartuko unibertsitatea (516), Eslovakiako Comenius Unibertsitatea (607) eta Irlandako Galwayko Unibertsitatea (622). Aurreko hori UPV/EHUk bere etorkizuneko proiektua partekatzen duen unibertsitateen bikaintasunaren eta, beraz, ENLIGHT sarearen beraren bikaintasunaren erakusgarri da.

Fernando Tapia UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordearen iritziz, “Gurea bezalako unibertsitate gazte bat, 40 urte besterik ez dituena, munduko 400 unibertsitate onenen artean egotea eta ikerketa jardueran 322. postua lortzea bere bikaintasunaren eta hezkuntza eta ikerketa proiektuaren kalitatearen aintzatespen garrantzitsua da. Hori guztia ikaslearen onurarako da, bikaintasuna gure unibertsitatean ikasten duten pertsona guztiengana heltzen baita horrela. Aintzatespen horrek are balio handiagoa du, CWUR bezalako ranking batetik baitator, eta haren adierazleak, beste ranking batzuek –bereziki anglosaxoiek– erabiltzen dituztenak ez bezala, guztiz objektiboak dira. Ildo horretan, ranking hori informazio tresna oso baliagarria da goi mailako hezkuntzako hainbat eragilerentzat, batik bat, ikasleentzat, ikasiko duten unibertsitatea aukeratzeko orduan irizpide fidagarrik behar baitituzte”.

Informazio gehiago: https://cwur.org/2019-2020.php