Eduki publikatzailea

Erakusketa

GKZ berdea eguna 2020

Irudia

Garai zail bati aurre egiten ari gara, zeinetan martxoaz geroztik COVID-19a gure jarduera eremu guztietan baldintzatzen ari baita. Horrek ere eragin handia izan du fakultateko Ingurumena Hobetzeko Taldearen lanean. Martxoan kanpaina bat egiten ari ginen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Kanpainaren helburu nagusia zen botilako uraren kontsumoa murriztea eta iturriko uraren kontsumoa bultzatzea. Frogatuta dago EAEko iturriko uraren kalitatea oso ona dela, eta ez duela botilaratutakoaren inbidiarik izan behar. Gainera, bere ingurumen inpaktua ia nulua da, ontziratutakoarekin alderatuta (sortutako hondakin plastikoak, garraiatzearen ondoriozko aztarna ekologikoa, etab.).

Joan den urteko martxora arte hainbat ekintza jarri genituen martxan:

  • Auditorio, GRALen epaimahai eta abarretako ekitaldietarako plastikozko botilak erosteari utzi genion, eta iturriko urarengatik aldatu genuen; beirazko edalontzi eta pitxarrengatik aldatu genituen.
  • Egokitutako bi txorrota jarri ziren lehen solairuko komunetan, ur botilak errazago kargatzeko.
  • Martxoan, hitzaldia eman zuen fakultatean Joserra Diezek –UPV/EHUko Ibai Ekologiako doktoreak eta irakasleak, UPV/EHUn botilaratutako uraren kontsumoari buruzko ikerketaren egilekideak–.

Horiek horrela, aurtengo ikasturterako, eta dauden mugak kontuan hartuta, aipatutako kanpainarekin jarraitu nahi dugu eta GKZ BERDEA EGUNAREN edizio berriaren testuinguruan sartu. Egun hori 2013az geroztik ospatzen dugu fakultatean, lehen “Paperik gabeko eguna” esaten zitzaion, eta paperaren erabilerari buruzko hausnarketa egitea zuen helburu, kontsumoa murrizteko. Iaz, izena aldatu eta GKZ Berdea Eguna jarri genion, urteak igaro ahala, jardunaldi horren helburua hazi eta aldatu egin delako; paperaren erabilera ez ezik, iraunkortasunarekin lotutako hainbat alderdi ere lantzen baititugu (aztarna ekologikoa, birziklatzea, berrerabiltzea, hondakinak bereiztea...).

Aurten, ekitaldiaren zortzigarren jardunaldia abenduaren 10ean, ostegunean, ospatuko da. Ura nola kontsumitzen dugun hausnarrarazi eta  botilako uraren ordez iturriko uraren kontsumoa sustatzea izango dugu ardatz. Horretarako, abenduaren 1etik 11ra, erakusketa bat ipiniko dugu Fakultateko sarreran.

Gainera, beti bezala, egun horretan, atezaintzan, dekanotzan eta idazkaritzan ez da paper berririk kontsumituko; hau da, ez da dokumenturik inprimatuko, ez fotokopiarik egingo, ez ziurtagiririk, aktarik, eta abarrik emango. Premiazko dokumentuak bakarrik emango dira. Zuzenbide Publikoa eta Zientzia Historiko-juridikoak eta Pentsamendu Politikoarenak sailak bat egin du ekimenarekin.

Aurten ere ekimena atsegin handiz hartuko duzulakoan, eskerrik asko parte hartzeagatik.

 eta gogoratu… zure papera garrantzitsua da!