province:

MEU Basque Country-ren (Europar Batasunaren Simulazioa) bigarren edizioa

Noiz eta non

2020/04/06

kARTELA

Deskribapena

Europar Batasuneko agintari gorenen larruan jarri nahi al duzu? Jakin nahi duzu amatasun subrogatuaren egoera zein den eta zer ondorio dituen nazioartean? Uste duzu Klima Aldaketaren aurkako itun handi bat egin beharko litzatekeela Batasunaren barruan? Inoiz jakin nahi izan duzu zer egiten duten europarlamentariek Bruselan?

Aurreko galderaren bati baiezko erantzuna eman badiozu, atsegin handiz gonbidatuko zaitugu apirilaren 6, 7 eta 8an Bizkaia Aretoan (Bilbo) egingo den MEU Basque Country-ren (Europar Batasunaren Simulazioa) bigarren edizioan parte hartzera.

Eurobasquek (Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua) eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eztabaida Elkarteak (ADUEEE) antolatuta, MEU Basque Country edozein unibertsitate eta diziplina akademikotako unibertsitate ikasleentzat dago zabalik.

MEU bat (Model of the European Union) Europar Batasunaren eta berau osatzen duten erakundeen (Legebiltzarra, batzordeak, Europako Kontseilua, prentsa-taldeak, lobbyak …) simulazio unibertsitario bat da. MEU Basque Countryko parte-hartzaileak unibertsitateko ikasleen artean aukeratuko dira Batasunean lan egiten duen pertsona baten larruan jartzeko (europazalea, lobbista, kazetaria, lehen ministroa …).

Hiru egunez EBren funtzionamendua simulatuko dute, eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzte; besteak beste, amatasun subrogatuaren tratamendua eta horrek nazioartean izango dituen ondorioak, klima aldaketaren aurkako itun handi baten sorrera, lankidetza judiziala eta euroagindua, eta Afrikar kontinentearekiko lankidetza eta Saheleko egoera. Era berean, Kontseilu Europarreko partaideek gerora sortutako nazioarteko hainbat krisi konpondu beharko dituzte, Batasuneko herrialdeen egonkortasuna bermatzeko.

Horretarako, parte-hartzaileek Eurobasqueko langileen, EHUko irakasleen eta ADUEEko kideen laguntza izango dute, simulazioaren koordinatzaile eta dinamizatzaile gisa. Horrez gain, Legebiltzarreko testuen lanketan eragina izaten saiatuko diren lobbisten talde bat izango dugu, baita zenbait prentsa-talde ere. Azken hauen helburua  informazioa ematea izango da, ahal den neurrian, fake news-ak saihesten saiatuz.

Parte hartu nahi baduzu, honako inprimaki hau bete beharko duzu: baldintza bakarrak Europar Batasunarekiko interesa eta parte hartzeko gogo handia izatea dira!

Simulazioari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, helbide elektroniko honi erantsitako informazio-liburuxka eta kartela kontsulta ditzakezue, baita gure web-orria ere. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan meubasquecountry@gmail.com helbidean.

Gure Instagramen ere jarrai dezakezue: @meubasquecountry.