FAQs

1. Zein irizpideri jarraitu behar dio ikasleak unibertsitatean sartzeko izena ematerakoan?

Ikasleari aholkatzen diogu lehen aukera moduan jar dezala gehien interesatzen zaion gradua, eta jar ditzala bigarren eta hirugarren aukera moduan lehen maila berbera daukaten graduak. Modu horretara, ikasleak ez badu lortzen matrikulatzea lehenengo aukeran hartutako graduan, antzeko gradu batean egin dezake eta graduz aldatzea eskatu lehen maila bukatu eta gero. Esate baterako, ikasle batek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nahi badu eta ez badu lortzen plazarik, eta bigarren aukera moduan Publizitatea eta Harreman Publikoak edo Kazetaritza jarri badu, gradu horretako matrikula egin dezake eta espedientea lekuz aldatzea eskatu lehen maila bukatu eta gero. Gauza bera egin daiteke Gizarte Zientzien arloko graduen kasuan, hau da, Soziologia eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa.

2. Nola egin daiteke gradu aldaketa lehen maila gainditu eta gero?

Espedientea lekuz aldatzea eskatzeko (graduz aldatzea) bi baldintza bete behar dira: batetik, ikasleak lehen maila osoa izan behar du gaindituta eta, bestetik, eskarien kopurua ezin da izan ikasketak egiten hasteko plaza kopuruaren % 10 baino handiagoa. Eskarien kopurua handiagoa izango balitz, ikaslearen batez besteko notaren arabera esleituko lirateke plazak (graduak abian daramatzan lau urteetan ez da bete plaza kopurua, hau da, eskatu diren leku aldaketa guztiak onartu dira).

3. Egin al daiteke bi gradu aldi berean?

Bai, ikasketak aldi berean egiteko eskaria aurkeztu behar du ikasleak lehen maila amaitu eta gero. Gure ikastegiko ikasketa planen diseinua dela eta, bi urte gehiago eginda bigarren gradua amaitu daiteke, bai Komunikazioaren arloan bai Gizarte Zientzien arloan.

GRADUEN ARTEAN BALIOZKOTU DAITEZKEEN IRAKASGAIEN KOPURUA GEHIENERA
Oharra: ikasketak gaztelaniaz egiten dituztenek bi irakasgai kendu behar dituzte taulan agertzen diren gaietatik, irakasgai bi horiek UPV/EHUko Euskararen Plan Gidarikoak baitira
GRADUAK Kazetaritza Publizitatea eta Harreman Publikoak Ikus-entzunezko Komunikazioa Soziologia Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa
Kazetaritza xxxxxxxxx 16 + 5*
16+1*
18 8 9
Publizitatea eta Harreman Publikoak 16 + 5*
16+1*
xxxxxxxxxx 18 7 8
Ikus-entzunezko Komunikazioa 18 18 xxxxxxxxxxx 8 9
Soziologia 8 7 9 xxxxxxxx 19
Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa 9 8 2 19 xxxxxxxxxxxxx

* Ikasleak aukeratzen baditu Komunikazioaren Arloko Zuzendaritzako aipameneko 3. eta 4. mailako hautazko bost irakasgaiak, Kazetaritzak eta Publizitatea eta Harreman Publikoek partekatzen duten aipamenekoak, guztira 21 irakasgai izango dira berberak bi graduetan. "Pentsamendu Politikoaren Historia" irakasgaia hautazkoa da Kazetaritzan eta nahitaezkoa bai Publizitatea eta Harreman Publikoetan bai Ikus-entzunezko Komunikazioan.

4. Nola banatzen dira lehen mailako txandak eta taldeak?

Ikus-entzunezko Komunikazioko lehen mailako eskolak, Kazetaritzakoak, eta Publizitate eta Harreman Publikoetakoak bi txandatan ematen dira, goizez eta arratsaldez. Ikasleak, matrikula egitean, lehenengo eta behin aukeratzen du ikasketak zein hizkuntzatan egin nahi dituen (euskara edo gaztelania) eta ondoren txanda (goizez edo arratsaldez). Goizeko txandan gaztelaniako hiru talde daude eta euskarako bat; arratsaldekoan, berriz, euskarako bat eta gaztelaniako beste bat. Soziologiako eta Politika Zientzia eta Gestio Publikoko eskolak goizez baino ez dira ematen eta bi talde daude, bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz. Ikasleak hizkuntza aukeratu eta gero txanda eta taldea esleitzen zaizkio. Ikasleak irakasgairen bat ingelesez egin nahi badu, beste talde batera joan beharko da eskoletara, 61 taldera hain zuzen ere. Talde horren ordutegia eta ikaslearen taldearen ordutegia bateragarriak izango dira. Txanda aukeratzen da matrikula egiteko deiaren arabera (nota); hori dela eta, txanda aukeratzen duten azkenek itxita aurki ditzakete taldeak edo txandak.