euskaraespañol

EUDIA - Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeko kidea eta UPV/EHUko irakasle ohia eta hizkuntzalaria

Gotzon Aurrekoetxea: «Ez dago zalantzarik 100 urte barru ere euskalkiak izango direla»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/22

Irudia
Gotzon Aurrekoetxea. Argazkia: Mikel Mtnz. de Trespuentes.

‘Euskalkien sailkapen berria’ argitaratu berri du UPV/EHUko EUDIA - Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeak. Gotzon Aurrekoetxea, Iñaki Gaminde, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Xarles Videgain dira egile nagusiak eta errotik aldatu nahi dute euskalkiak eta hizkerak sailkatzeko metodologia.

Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituen; Azkuek, zazpi; eta Koldo Zuazo hizkuntzalariak, bost. ‘Euskalkien sailkapen berria’ lanak hiru daudela esaten du: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Hizkuntzalarientzat ez eze euskalkiak maite eta tokian tokiko hizkeren zale den irakurle ororentzat egina da liburua.

Liburu hau ez dela euskalkien beste sailkapen bat gehiago diozue, hizkerak sailkatzeko metodo berriekin egiten den lehen sailkapena baizik. Zer esan nahi du horrek?

Orain arteko sailkapenak (Louis Lucien Bonaparterena eta Koldo Zuazorena kasu) hizkuntza-ezaugarrien aukeraketan oinarritu izan dira. Eta aukeraketan ikertzailearen irizpide subjektiboak sartzen dira: Bonapartek, adibidez, muga batzuk zehazteko “zeren… bait” edo “zeren eta” kausazko adiera duten formak aztertu zituen herri desberdinetan, edo “a” letraz bukatutako hitzak -a artikulua eranstean sortzen diren aldaketa fonetikoak (alabea, alabia, alabie…). Aukeratzen diren ezaugarri-kopurua gorabehera, era honetan jokatzeak ez du datuen ordezkagarritasuna kontuan hartzen.

Gure kasuan ez da ezaugarrien aukeraketarik egin. Horretarako Euskararen Herri Hizkeren Atlasak-EHHA egitasmoak argitaratu dituen liburukietan biltzen den informazioa erabili dugu. Lexikoaz eta gramatikaz ikaragarrizko informazioa biltzen du euskararen eremuko 145 herritan atlas honek. Eta hizkuntzaren alor guztiak jorratzen ditu. Laburbilduz, guk ez ditugu hizkuntza ezaugarriak aukeratu, erabilgarri direnak baliatu ditugu.

Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituen, Koldo Zuazo hizkuntzalariak bost daudela esaten du, zuek hiru. Zuek beste modu batera sailkatu dituzue. Nola?

Batetik, uste dugu hizkuntza ez dela asko aldatu Bonaparte garaitik hona; eta Zuazok erabili dituen datu-emaileak eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa- EHHA-ean erabili direnak adinkideak direla esan daiteke. Hizkuntza ez bada aldatu zer da desberdin hiru sailkapenetan? Datuak ez badira aldatu metodologia desberdinean kokatu behar da diferentzia. Hemen dialektologia tradizionaleko eta egungo dialektologia metodologiak aurrez aurre jartzen dira. Lan honetan hizkeren sailkapena egiteko cluster analisia deitzen den teknika sailkatzailea erabili da; hots, edozein zientziatan (medikuntza, kimika…) gauzak edo objektuak sailkatu behar direnean erabiltzen diren prozedurak erabili ditugu. Honek berme handiagoa ematen du, zientzietan, orohar, erabiltzen diren prozedurak direlako. Teknika honek aztergai diren hizkerak hierarkia baten barnean kokatzen ditu hizkuntza-ezaugarrietan antzekoenak direnetatik urrunen direnetarainoko hierarkian.

Zortzi euskalkitik hiru euskalkira pasatu arren, ezin da ondorioztatu orduan euskalkiak galtzen ari direla? Edo baten bat desagertu denik?

Ez. Kontua ez da hori. Gorago esan da gure ustez hizkuntza ez dela asko aldatu lehenengo sailkapenerako erabili ziren datuetatik EHHAko informazio-emaileen hizkerara. Kontua beste bat da: euskalki izaera zeri ematen zaion da kontua. Cluster edo multzokatze hierarkikoaren analisian lortzen den irudia oso argia den arren, irudi hori ikertzaileak interpretatu behar du. Teknika honek erraztu egiten du ikertzailearen lana, hizkeren arteko eta hizkera-multzoen arteko desberdintasunak agerian uzten dituelako. Egia esan, orain arteko arlo honetako nazioarteko ikerketetan ez dagoela erabakita hizkuntza eremuen artean zenbateko desberdintasuna egon behar den eremu hori dialektotzat edo azpidialektotzat hartzeko, baina aldi berean garbi dago aukeratzen diren mugak maila berekoak edo antzekoak izan behar direla.

Metodologia dela-eta aldatzen al da orduan kopurua?

Metodologia eta datuak. Hauek, batetik, lagina erabiltzen denean kuantitatiboki nahikoa izan behar da eta bestetik errepresentatiboa edo ordezkagarria izan behar da. (Datuen) hautuetan oinarritzen den metodologiak jaiotzezko gabezia edo ahulezia du, ezen datu txarrak edo ordezkagarriak ez badira nekez islatuko dute errealitatea eta ondorioz horiekin egiten diren azterketek jatorrizko ahulezia izango dute eta emaitzak ezin izango dira egokiak izan. Datu-kopuru handiak eta datuak bildu direnen herrien kopuru handiak lagundu egiten dute objektibotasunean. Gainera, bai datuak eta bai datuak bildu diren herriak hizkuntzaren eta eremuaren ordezkagarriak badira, orduan berme asko dago emaitzaren zuzentasunean. Bestalde, analisia egiteko teknikak ditugu; hizkerak hierarkikoki sailkatzeko gaur egun zientzian erabiltzen den teknika da cluster analisia. Honek analisiaren prozedura zuzena dela bermeak ematen ditu.

Halaber, esan behar da analisi kuantitatiboa UPV/EHUren barruan sortu den tresna bat (DIATECH deitzen dena) erabiliz egin dela. Online dagoen tresna hau nazioarteko talde desberdinek erabiltzen dute gaur egun eta dialektologia kuantitatiboa egiteko erabiltzen da. Izaera honek berme handiagoa ematen dio ikerketa honetan lortu den emaitzari.

«Kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira»

Noiz sortu ziren euskalkiak zure ustez? Erdi Aroan Mitxelenak esan zuen legez?

Ez da liburu honetako gaia eta ez die hemengo ondorioei eraginik egiten euskalkiak zaharrak ala berriagoak diren. Dena den, gai honetan hipotesiak badiren arren, daturik ez den bitartean alferrikakoak dira, elukubrazioak ez baitu balio zientifikorik. Historiagile zenbaitek antzinako euskal tribuak eta euskalkiak lotu dituzte. Egun Nafarroak hartzen duen eremuan baskoien tribua edo herria zegoela diote, gipuzkeraren eremuan, goitibehiti, barduliarrak zeudela, mendebalderago, karistiarrak. Baina esan legez, funtsezko zerbait esateko datuak behar dira eta egun ez ditugu. Gauza bat da ustea eta beste bat frogatzea.

Hau esaten duzue liburuan: “Ezaguna da euskarak berdintze-fenomenoa ezagutzen duela; hots, estandarra eta euskalkiak nahasiz doazela, geroago eta berdinduago bihurtzen ari direla, euskalkietako hiztunek euskara batuko ezaugarriak txertatzen dituztela eguneroko jardunean eta, aldi berean, hizkeren arteko desberdintasunak txikitu egin direla”. 100 urte barru euskalkiak izango ditugu? 

Ez dago zalantzarik 100 urte barru ere euskalkiak izango direla. Kontua da ez direla oraingo euskalkiak modukoak izango. Duela 200, 300,. 400 urte forma estandarra lortu zuten hizkuntzetan (ingelesa, gaztelera, frantsesa…) dialektoez hitz egiten da gaur egun ere eta ikertu egiten dira. Horrez gain, kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira eta bariazio geolinguistikoa gutxituko. Hots, hizkuntzak aldatzen jarraituko du eta hizkuntza bariazioa ikergai izango da, nahiz bariazio hori desberdina izango den, hala beharrez.

Soziolektoak daude jada Euskal Herrian? Eta hala bada ze ezaugarri dituzte?

Nazioarteko ikerketetan asko lantzen den gaia da hau. Euskararen kasuan ez da orain artean asko ikertu. Baina lehen zantzuak agertzen hasiak dira. Eremu txikietan egin diren ikerketa batzuetan jada agertu dira. Hasteko, euskaldunberri eta euskaldunzaharren artean deberdintasun nabariak daude, nahiz herri berean bizi; hau esateko ez da ikerketarik egin behar, begi-bistakoa da eta. Baina gauza konkretuagoetan ere garbi agertzen da, adibidez, heldu eta gazteen artean zenbait hotsen ahoskeran edo zenbait egituretan aldaketak daudela, Busturialdean egindako ikerketa batek, adibide bat ipintzearren, garbi azaltzen du erakuslea lekuz aldatuz doala (zaharrek ori arrañe esaten duten bitartean gazteek arrañ ori esaten dute, adibidez).

Nola ikusten duzu euskara batua eta euskalkien arteko harremana? Gatazkatsua al da?

Ez dago inolako gatazkarik nire ustez. Euskalkia eta euskara batua bi hizkuntza erregistro dira. Beste hizkuntzetan ez bada arazo, ez dakit gurean zergatik izan behar duen.  Bestalde, badago euskara batuarekin uste bat, adibidez, sentimenduak azaltzeko ez duela balio. Nik nahiago dut esatea gabezia hori esaten duenak daukala, eta ez hizkuntzak edo erregistro horrek.

Zer da euskalkiez gehien erakartzen zaituena?

Sarti gutxien ezagutzen duzuna da erakargarriena. Eta nigan, beste askorengan legez, bere momentuan Zuberoako euskarak bazuen erakargarritasunik. Gaur egun ere gutxi ezagutzen ditudan gaiak erakartzen naute. Horietako bat da gazteen hizkera. Gainera, etorkizuneko oinarriak