euskaraespañol

Haurren depresioaren aurrean, prebentzioa

UPV/EHUko azterlan batean haurren eta nerabeen nahasmendu emozionalak prebenitzeko programak garatu eta ezarri beharra dagoela egiaztatu da.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/12

Irudia
Elena Bernarás, Joana Jaureguizar y Maite Garaigordobil. Foto: UPV/EHU

Gaur egun, depresioak sortzen ditu munduko desgaitasun kasu gehienak eta mundu osoan adin guztiei eta gizarte maila guztiei eragiten dien osasun publikoko arazo bat da. Zenbait kalkuluren arabera, 300 milioi pertsonak baino gehiagok dute depresioa eta, 15 urtetik 29ra bitarteko pertsonen artean, suizidioa da heriotzen bigarren eragile nagusia. Egoera horren aurrean, adin goiztiarretan depresioak prebalentzia handia daukala ohartarazten da azterlan askotan. Haurtzaroko nahasmendu emozionalek haurren garapen integralean eragin handia izan dezakete, nahasmendu horiek giza funtzionamenduaren arlo guztiei eragiten dietelako (kognitiboari, emozionalari, somatikoari eta jokabidezkoari). Gainera, haurtzaro/nerabezaroan gertatzen direnean, ondorio negatiboak izaten dituzte (errendimendu akademiko txikia, familiarekin eta gizartearekin harremanak izateko arazoak, osasun arazoak, suizidatzeko ahaleginak, suizidio burutuak…).

Maite Garaigordobilek, Joana Jaureguizarrek eta Elena Bernarásek –guztiak Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak– denbora luzea daramate arazo hori ebaluatzen eta aztertzen. Lan horren emaitza gisa, haurren depresioa prebenitzeko programa baten ondorioen ebaluazio azterlana egin dute. Horretarako, Pozik Bizi izeneko programa espezifikoa –hiru ikertzaileek garatua– jolas kooperatiboan oinarritutako esku-hartze sozioemozionaleko Jolasa programa globalarekin –Maite Garaigordobil irakasleak egina– konparatu dute. Pozik Bizi 8 urtetik 10era bitarteko haurren artean emozioak eta depresio sintomak hobetzeko programa bat da. Programa ikuspegi kognitibo-konduktual batean oinarritzen da eta hiru helburu ditu: talde barruko harremanak hobetzea eta estres soziala murriztea; emozioak eta pentsamendu negatiboak identifikatu, ulertu eta erregulatu eta positiboak indartzea; eta, ikasleek beren antsietatea eta ezintasun sentimenduak murrizteko duten gaitasuna hobetuz haien konfiantza areagotzea. Jolasa programa ere 8 urtetik 10era bitarteko umeei zuzenduta dago eta bere helburua garapen soziala eta afektibo-emozionala sustatzea da. Horretarako, jolas kooperatiboa erabiltzen du estrategia metodologiko gisa (komunikatzeko, laguntzeko, lankidetzan aritzeko, taldea batzeko, konfiantza izateko… jolasak).

420 ikasle, 7 eta 10 urte bitartekoak

Azterlana Alicia Klopowitz Fundazioak finantzatu du eta Lehen Hezkuntzako 420 ikaslek parte hartu dute; horietatik % 51,9 ausaz esleitu dira depresioaren programa espezifikorako (Pozik Bizi) eta % 48,1 kontroleko programarako (Jolasa programa). Parte-hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan izena emanda zeuden (% 53,6 publikoak eta % 46,4 pribatuak) eta 3. mailakoak (% 52,6) eta 4. mailakoak (% 47,4) ziren. 2015-2016 ikasturtearen hasieran, ikerketa taldeko kideak azterlanean parte hartuko zuten ikastetxeetara joan ziren, ikasleei ebaluaziorako 5 tresna emateko eta irakasleek 2 test bete zituzten. Esperimentazio taldeak Pozik Bizi programako 18 saio egin zituen; kontrolekoak, berriz, jolas kooperatiboko saioak egin zituen.

Prebenitu eta esku hartu

Saioak bukatu ondoren, bi programak konparatzerakoan, Pozik Bizi programa egin zuten ikasleen artean, irakasleek ebaluatutako desoreka klinikoa (antsietatea, aitipikotasuna, kanpoko kontrol lekua…), eskolako desoreka (ikastetxearekiko eta irakasleekiko jarrera negatiboa), arazo emozionalak eta jokabidezkoak (bereziki, internalizatzaileak: herabetasuna, somatizazioa, antsietatea, pentsamendu arazoak, depresioa…) nabarmen murriztu zirela ikusi zen eta depresioa inhibitzen duten jokabide positiboak areagotu zirela (animoarekin-pozarekin… lotutakoak). Jolas kooperatiboko programak, aldiz, norbere buruaren irudia eta gizarte trebetasunak nabarmen gehiago hobetu zituen (komunikazioa, lankidetzan aritzea, asertibitatea, ardura, enpatia, inplikazio/partaidetza, autokontrola). Azterlanaren emaitzak “Evaluation of the effects of a chilhood depression prevention program” izenburua duen artikulu batean bildu dira, eta The Journal of Psychology Interdisciplinary and Applied aldizkari zientifikoan argitaratu dira.

“Lortutako datuak ikusita, adin goiztiarrak ardatz dituzten depresioaren sintomatologia prebenitzeko programa unibertsal gutxi daudela kontuan hartuta, nabarmentzekoa da lan honek haurren depresioa prebenitzeko programa unibertsal bat eskaintzen duela, aldagai klinikoak murrizteko eraginkortasun frogatua duen programa bat. Gainera, esku-hartze sozioemozionaleko programek –adibidez, jolas kooperatibokoek– depresiotik babesten duten zenbait faktore –norbere buruaren irudia eta trebetasun sozialak– hobetzeko potentzial positiboa dutela berresten du azterlan honek. Lan garrantzitsua da, izan ere, haurtzaroan prebentzio eta esku-hartze ona izanez gero, nerabeak eta helduak osasuntsuago egotea eragin daiteke. Horregatik, haurtzaroan eta nerabezaroan nahasmendu emozionalak prebenitzeko programak garatu eta ezarri beharra dagoela azpimarratu behar da”, ondorioztatu dute ikertzaileek.

Informazio osagarria

Maite Garaigordobil UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Ebaluazio eta Diagnosi Psikologikoko katedraduna da. 1994an eta 2003an, Hezkuntza Ministerioak ematen duen Hezkuntza Ikerketako Lehen Sari Nazionala irabazi zuen. Elena Bernarás UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle titularra da. Joana Jaureguizar UPV/EHUko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle agregatua da eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean ematen ditu eskolak.

Erreferentzia bibliografikoa