euskaraespañol

HAURTZAROARI BURUZKO IKASKETEN KATEDRADUNA UCLan-en

Cath Larkins: «Orain haurrei entzuten hasten bagara, halaber entzunak izatea eskatuko duten pertsonak sortuko ditugu»

Ikertzaileak Haur, Nerabe eta Gazteen Nazioarteko I. Kongresuan parte hartu du

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/26

Cath Larkinsen ikertzailea Bizkaia Aretoan
Cath Larkinsen ustez, entzumenik eza ez da belaunaldi-kontua bakarrik, gizarte osoko botere-harremanena ere bada. | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Cath Larkins katedraduna (University of Central Lancashire, Erresuma Batua) aitzindaria da haurrekin eta gazteekin partaidetzazko ikerketa egiten, eta haurren diskriminazioaren aurkako borroka eta haien eskubideak babestea ditu ardatz. Larkinsek izen handia du herritarren teorien eta praktiken eta haurren partaidetzaren arloan, eta Bilbon urtarrilaren 19an eta 20an izan den Haur, Nerabe eta Gazteen Nazioarteko I. Kongresura gonbidatu dute. Egoera ahulean dauden haur eta gazteei erabaki publikoak hartzen parte hartzeko aukera ematen dieten profesionalen estrategiak eta haurren ikaskuntza partekatuz, haren lanak nazioarteko politikan eta praktikan eragina izatea lortu du. Ikertzaile hau UCLan-eko Haur eta Gazteen Partaidetzarako Zentroko zuzendarikidea da; haur eta gazteen parte-hartzea, inklusioa eta ahalduntzea helburu dituen ikerketa, irakaskuntza eta sare-sorkuntzako zentro bat da, eta haiek nahi dituzten aldaketak lortzera bideratuta dago, haur eta gazteen, akademikoen, arduradun politikoen eta profesionalen artean loturak sortuz. Larkinsek argitaratu dituen lan ugarien artean, nabarmentzekoak dira haurren parte-hartzeari buruzko Europako Kontseiluaren Eskuliburua eta "Children's Experience, Participation, and Rights During COVID-19" liburuari berriki egindako ekarpena.

Zure ibilbide profesionalean argi utzi duzu haur eta gazteei gehiago eman behar zaiela hitza. Zergatik ez zaie entzuten?

Gizartean oraindik ere indarrean dago haurrak helduen parekoak ez direlako ideia. Ez zaie balio moral bera aitortzen, baina biek, haurrak eta helduak, balio bera dute. Helduek beren boterearen eta denboraren parte bati uko egin behar diote. Entzuteko ez ezik, entzuteko eta gauzak serio hartzeko prest egon behar dute, baita boterera iristeko aukera partekatzeko ere, haurrek ere boterea izan dezaten. Belaunaldi-harremanez ari gara, klase-harremanak eta genero-harremanak dauden bezala. Desberdintasun sistematiko hori bera dago gure sistemetan, non helduek zuzentzen baitute haurrek beren bizitzako ia segundo bakoitzean egiten dutena.

«Helduek uko egin behar diote beren boterearen parte bati, entzuteko prest egon behar dute, (...) baita boterera iristeko aukera partekatzeko ere, haur eta gazteek ere boterea izan dezaten»

Haurrek eta gazteek diotenari jaramon egiten hasten bagara orain, entzunak izatea esperoko duten pertsona helduak sortuko ditugu. Eta heldu askori ere ez zaie entzuten. Gizarte helduari ere, oro har, boterea eman behar diogu. Ez da belaunaldi-kontu hutsa, gizarte osoko botere-harremanen kontu bat da. Eta jendeak ez du beti aitortzen hori eskubide bat denik. Pixkanaka, gizartea barneratzen ari da entzutea ona dela.

Biltzar honetan, pandemiaren osteko egoeran haurrek eta gazteek duten integrazioari, partaidetzari, autonomiari, tratu onari eta ongizateari buruz eztabaidatzen ari da. Zer aldatu da pandemiaren ondorioz?

Egin ditudan ikerketek erakutsi dutenez, Europa osoan eta seguru asko baita Europatik kanpo ere, areagotu egin dira haur-talde batzuetatik besteetara lehendik ere bazeuden desberdintasunak: egoera ekonomiko zaila zeukatenek egoera zailagoa daukate. Komunitate batzuetan, lehendik zegoen diskriminazioa areagotu egin da pandemian, pertsona batzuk ostrazismora kondenatu baitira. Ikasi dugun gauzarik garrantzitsuenetariko bat da haurrak beren familiez eta etorkizuneko eta beren komunitateetako oparotasun ekonomikoaz kezkatuta daudela, eta osasun mentaleko arazoak ugaritu egin direla, haurren artean sortu zen sozializazioaren eta harreman horien parte bat ez zelako aurrez aurre eraiki, bereziki haur txikienen kasuan.

Zer mailatan hartu behar dute parte haurrek eta gazteek erabaki sozialetan?

Maila guztietan. Munduko ia herrialde guztiek onartu dute haurrek parte hartu behar dutelako ideia. Eta tokian-tokian, tokiko gobernuek, baita hemen ere Euskal Herrian, udal-gobernuek bat egiten dute ideia horrekin. Familietan, eskoletan, ospitaleetan, gizarte-zerbitzuetan, udal mailako, estatu mailako eta Europa mailako erabakiak hartzean... Eta badute zeresanik planetaren etorkizunari buruz ari garenean. Nik baino ideia hobeak dituzte, eta orain bizi dira mundu honetan; beraz, orain gertatzen den horretan eragin beharko lukete. Ez dute botorik, herritarrek erabaki publikoei buruz beren iritzia emateko ezarritako bideetatik kanpo ezarri dira; beraz, erabakiak hartzean ere kontuan hartu beharko lirateke.

Nolakoa izango litzateke mundua haurrei bertan eragiten utziko balitzaie?

Uste dut haurrek, batez ere txikienek, munduaren ikuspegi prosoziala dutela. Haurrak berekoiak direlako ideia, isolatuta bizi direlako ideia, okerra da. Hezkuntza-sistematik pasatzen diren heinean ikasten dute haurrek gizartean txertatzen, eta nork daki zein den haien berezko sena. Eskuzabalak dira, zer pentsatua ematen dute, badakite zer den guk heldu gisa ezagutzen ez ditugun errealitateak bizitzea. Haien aholkuei esker, mundu ulerberago bat, solidarioagoa eta, zorte pixka batekin, oraindik planeta bat duena sor dezakegu.

«Egiten diguten kritika nagusietako bat da ezen, baldin eta haurrei boterea ematen bazaie, dena erabaki dezaketela sinetsiko dutela. Baina ez dute hori nahi: berdintasuna nahi dute»

Eta nola txertatzen da parte-hartze hori sistema oso baten funtzionamenduan?

Sistemak aldatu egin behar du. Aldatzeko modu bat boto-adina jaistea izan liteke, eta haur batzuek halaxe eskatzen dute. Herrialde batzuetan, 16 urtetik aurrera eman dezakete botoa. Nire jardunean parte hartu duten adingabe batzuek diote botoa emateko adina hamaika urtera jaitsi beharko litzatekeela, orduan hasten baitira erakusten interesa badutela eta gai direla. Baina, hori baino gehiago, boterea duten pertsonek entzuteko prest egon behar dute, bai haurren iritziak botoaren bidez adierazten badira, bai beste mekanismo batzuen bidez adierazten badira. Hala, sistemak helduen jarrerak aldatu behar ditu, eta mekanismoak sortu behar ditu haurrek beren ideiak eman ahal izateko eta mekanismo horien bidez gobernuek, erakunde publikoek, korporazioek eta zerbitzuek erabaki-hartzeari buruzko informazioa helaraz diezaieten haurrei. Egiten diguten kritika nagusietako bat izaten da ezen, baldin eta haurrei boterea ematen bazaie, dena erabaki dezaketela sinetsiko dutela. Haiek ez dute hori nahi; berdintasuna nahi dute.

Haurrek oso ondo ulertzen dute esaten badiezu: “Aldaketa hau egin dugu, zuk ideia hori eman diguzulako; baina ezin dugu gauzatu, dirurik ez dugulako, edo bi urte barru jarriko dugu martxan”. Nire ustez, aldaketarik handiena izango da haurrak eta helduak elkarrekin egotea elkarrizketa- eta lankidetza-guneetan, erabakiak elkarrekin hartzeko eta beren ideiek pisu bera izateko. Eta horrek eragina du baliabideak gastatzeko moduan eta besteak zaintzeko moduan.

Zer esperientzia ari dira garatzen Erresuma Batuan, jardunbide egokitzat hartuko zenituzkeenak? Edo ezagutzen duzu beste testuinguru batzuetara transferitzea interesgarria izan daitekeen besterik?

Badira hainbat ekimen; adibidez, gazte batzuk sareak sortzen ari dira gai berberez kezkatuta dauden beste gazte batzuekin harreman nazionalak eta nazioartekoak sortzeko. Gai beraz kezkatzen diren hainbat lekutako haurren arteko zuzeneko elkarrizketa bultzatzeko heldu gisa egin dezakegun guztiak laguntzen die gizarte-mugimenduak eraikitzen. Eta, gizarte-mugimenduen bidez, maila benetan handiko aldaketak lor ditzakegu.

Ingalaterrako beste proiektu batean, zaintza alternatiboak jasotzen dituzten haurrek elkarri entzuten diote. Eta Gobernuak edo gobernu-agentziek haien proposamenak entzun eta profesionalentzako jarraibideak sortzen dituzte. Nazio Batuetan ere gaiari buruzko nazioarteko elkarrizketa-egun bat sortu dute. Eguneroko bizitza bizi duten haurren eta benetan entzuten eta jarduten duten gobernuen arteko lotura sortzea da kontua.

Beste proiektu batean, erakunde erromani eta ijitoek halako harremanak ezartzen dituzte haurrekin beren komunitateetan; haurrek segurtasunez hitz egiteko aukera emango dien norbait daukate, epe luzeko harreman bat eraikitzeko norbait. Eta harreman horietan esperientzia berriak izan ditzakete, eta gogoeta egin dezakete jakiteko zer falta zaien osasunaren edo hezkuntzaren arloan eta nola eragin ditzaketen aldaketak.

«Aldaketarik handiena izango da haurrak eta helduak elkarrekin egotea elkarrizketa- eta lankidetza-guneetan, erabakiak elkarrekin hartzeko eta beren ideiek pisu bera izateko»

Uste duzu kongresu honek gizarte bidezkoagoa lortzen lagundu dezakeela?

Bai, baina gizarte bidezkoagoa lortzeko bidea luzea da. Kongresu honi esker, hainbat lekutako pertsonen arteko loturak sortzen ari dira, eta elkar ulertzen ari gara, akatsak ez errepikatzeko eta jardunbide egoki berak errepikatzeko; haurrek garrantzitsua dela esan digutenean oinarritzeko. Izan ere, gizarte bidezkoago bat kanporantz eta barrurantz begiratuz lortu behar da, zure etxekoei, familiari, komunitateari begira, eta gizarte-mugimenduek eraiki behar dute. Eta hori lortzeko, nire ustez, loturak eraiki behar dira haurren eskubideen aldeko gizarte-mugimenduen inguruan eta haurren ongizatea eta tratu ona lehentasun duen gizarte baten inguruan.

Plazer handia da hemen egotea. Partaidetza, autonomia, tratu ona eta une honetako ongizatea ardatz dituen ekimen handia da hau. Historiako une erabakigarri horietako bat da. Nazioarteko konpromisoak daude ildo horretan, eta funtsak iristen dira Haur Bermea izenekoa sustatzen laguntzeko. Europar Batasunak berdintasun handiagoa izatea espero du. Guretzat erronka bat da aukera horiei haurrekin lankidetzan erantzutea, bai estatu mailan, bai tokian-tokian.