Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa

UPV/EHUren liburu hau tresna erraz eta erabilgarri bat izatea da helburua, zer erosten dugun jakin dezagun

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/25

Leixuri Aguirre, Itziar Eseberri eta María del Puy Portillo
Leixuri Aguirre, Itziar Eseberri eta María del Puy Portillo. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Elikagaien etiketak ulertzea ez da beti lan samurra; askotan, nahasi egiten dira nahitaez jarri beharreko informazioa eta elikagai industriak gure arreta erakartzeko baliatzen dituen marketin estrategiak. UPV/EHUren argitalpen hau etiketetan agertzen den informazio guztia ulertzeko gida bat da, eta ongi jakiteko erosten dugun hori benetan nahi edo kontsumitu nahi dugun hori dela.

Erosten ditugun elikagai gehienak, soltean edo ontziratu gabe erosten ditugunak izan ezik, etiketarekin datoz. Kontsumitzailearentzako informazioari buruzko Europako arauak erregulatutako informazioa jasotzen da etiketetan eta, askotan, informazio hori ez da erraz ulertzen. Eginbehar horretan laguntzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzien Saileko Nutrizio eta Obesitateari buruzko taldeko Leixuri Aguirre López, María Arrizabalaga López, María del Puy Portillo Baquedano eta Itziar Eseberri Barace ikertzaileek liburu hau kaleratu berri dute: ‘Badakigu zer erosten dugun? Elikagaien etiketak ulertzeko gida praktikoa’ (UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua).

Gidak jasotzen ditu etiketetan nahitaez agertu behar duen informazioari buruzko oinarrizko ideiak; adibidez, “iraungitze data” eta “kontsumo data lehenetsia” desberdintzen lagunduko duena, edota “osagaien zerrendako” osagaiak nola jasota dauden ongi interpretatzeak zenbateko garrantzia duen azaltzen duena.

Bestalde, modu erraz eta praktiko batean azalduta daude ekoizleek, aukeran, batzuetan beren produktuetan eransten dituzten nutrizio eta osasunari buruzko adierazpenen esanahia eta erregulazioa. “Arlo honetako legedia ulertzen zaila gerta daitekeenez, gida honek edozein pertsonari hori erraztea du helburu, azalpen eta adibide praktikoekin, aurrerantzean gure beharrekin eta itxaropenekin ondoen datozen produktuak aukeratu ditzagun”, azaldu du María del Puy Portillo irakasleak. Portillo Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroko (CIBER) kide ere da –Karlos III.a Osasun Institutuari atxikitako zentroa–, Obesitatearen Fisiopatologia eta Nutrizioaren eremuan, bai eta Bioaraba Ikerketa Sanitarioko Institutuko kide ere, Aguirre eta Eseberri doktoreak bezalaxe.

Horretaz gain, zenbait produkturen adibideak ematen dira, non elikagaien industriak erabiltzen dituen estrategiak edo “amuak” kontsumitzailea nahas dezaketen haiek aukeratzeko orduan. Ikertzaileek adierazten dutenez, bi dira geure buruei egin behar dizkiegun galderak: Benetan produktu hori da behar duguna edo kontsumitu nahi duguna? eta Guztiz ongi dakigu zer aukeratzen dugun?

Azkenik, gida hau populazioarentzat oro har bada era, osasun zientziekin lotutako graduetako ikasleek ere informazio garrantzitsua jaso ahalko dute euren prestakuntzarako.