euskaraespañol

Sumendi-hondarrak Ponpeiako margoen babes lurpean, baina kaltegarri argitara ateratzean

UPV/EHUko IBeA taldeak ebatzi du material piroklastikoek gatzak eragin ditzaketela horma-margoetan, margoak lurpetik atera ondoren

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/01

Silvia Pérez Díez eta Maite Maguregui laborategian
Silvia Pérez Díez eta Maite Maguregui laborategian. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

UPV/EHUko IBeA taldeak egindako ikerketa baten arabera frogatuta geratu da material piroklastikoak arriskutsu izan daitezkeela Ponpeiako horma-margoen kontserbaziorako; izan ere, material horietatik lixibia daitezkeen ioiek eta arroka bolkanikoetatik eratorritako ioietan aberats diren lurpeko urek gatz-kristalizazioa eragin dezakete margoetan. Gainera, margoek zenbaterainoko kalteak dituzten in situ monitorizatzeko markatzaile gisa proposatu dute fluorra.

Ponpeiako antzinako hiria (Italiako hegoaldean) material bolkaniko eta errautsekin lurperatuta geratu zen K.a. 79. urtean, Vesuvio mendiaren erupzioaren ondorioz. Zoritxarreko gertakari hark ezin hobeto kontserbatu du eremu hartako aztarnategi arkeologikoa, mendeetan; izan ere, Vesuviok jaurtitako material piroklastikoek babestu egin dituzte aztarnak kanpo-eraginetatik. Horrenbestez, oso preziatuak dira bai kulturaren bai zientziaren ikuspegitik, eta nahasian ibiltzen dira han turistak, arkeologoak, bai eta kimikariak ere.

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak, zeina Kimika Analitikoko Sailera atxikita baitago, 10 urte baino gehiago daramatza Ponpeian lan egiten, Analytica Pompeiana Universitatis Vasconicae-APUV proiektuaren barnean. 2015ean lehenengo hitzarmena sinatu zuten UPV/EHUk eta Ponpeiako Parke Arkeologikoak, ikerketa-taldeak erabiltzen dituen metodologiek eta gailu eramangarriek aukera ematen baitute teknika ez-suntsitzaileak erabiliz aztertzeko margoak.

Ponpeiako Marcus Lucretius etxean, Ariadne etxean eta Casa degli Amorini Dorati edo Urre-koloreko Kupidoen etxean egindako hainbat ikerketaren arabera, ikertzaileek badakite “kalterik handienak eta ikusgarrienak gatzak eragiten dituztela horma-margoetan. Azkenean, gatz horiek disolbatu egin daitezke, eta horrekin materiala galdu daiteke, hala nola pigmentua, geruza piktorikoa, morteroa...”, azaldu du Maite Maguregui ikerketaburuak. Hala, ikertzaileek ondorioztatu dute material piroklastikoetatik lixibiatzen diren ioiek eta arroka bolkanikoetatik eratorritako ioietan aberats diren lurpeko urek gatzen kristalizazioa eragiten dutela. “Lurpean dauden bitartean, babesgarri dira piroklastoak, baina margoak airera ateratzen direnean, airearen, hezetasunaren eta abarren ondorioz, gatzak sortzen hasten dira; horrenbestez, margoen kontserbaziorako, garrantzitsua da inguruan dituzten piroklastoen gatz-karga zein den jakitea kasu bakoitzean, sor litezkeen patologiak blokeatu, gutxitu edo prebenitzeko; izan ere, Ponpeian oraindik lurperatuta dagoen atal handi bat dago aztergai”, dio Magureguik.

Fluorra material bolkanikoen eraginaren markatzaile

“Sumendiak eztanda egin zuenean material asko jaurti zuen, eta material piroklastikoa ez da homogeneoa eremu osoan, estratu desberdin asko aurkitzen dira”, azaldu du ikertzaileak. Hainbat lekutako laginak hartu, azterketa mineralogikoa egin eta lixibiazioen konposizioak ebatzi dituzte. Bestalde, modelizazio termodinamikoak egin dituzte aurresateko zer gatz prezipita daitezkeen lixibiazio horien ondorioz, bai eta zer iturri izan ditzaketen ere. Hala, ikusi dute modelizazioek ematen zuten eta horma-irudietan ageri ziren gatzak bat zetozela.

Margoetan aurkitutako gatzek fluoruro-ioiak dituzte, besteak beste. “Fluoruroak jatorri bolkanikoko ioiak dira, ez da elementu nagusi bat atmosferan. Halako gatzak aurkitzeak esaten digu material bolkaniko horiek eta lurpeko urak eragina izaten ari direla gatzen kristalizazioan —zehaztu du—. Horma-margo batean aurkitutako fluor horrekin trazatu dezakegu nolako eragina izan zuten eta izaten ari diren piroklastoak eta lurpeko urak margoetan”. Ikertzaileen hurrengo helburua izango litzateke “mapping handiak egitea horma-margoetan, ikusteko noraino sakabanatzen diren gatz horiek eta zer-nolako jarraibideak eman diezazkiekegun kontserbatzaileei lurpetik horma-margo bat ateratzen dutenerako”, erantsi du.

Erreferentzia bibliografikoa