euskaraespañol

In memoriam: Dani Gutiérrez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/08/01

Dani

Dani lankidea joan zitzaigun uztailaren 16an. Borroka gogorraren ondoren joan zaigu; baina, beti bezala, ezbeharren aurrean tinko… Inoiz amore ematen ez duen horietakoa zinen, Dani, eta askotariko borroketan aritzen zinen; dudarik gabe, erreferente argia izango zara beti askorentzat.

Zorionekoak gu, zure alderdi ezberdinak ezagutu ditugunok: irakasle, nagusi eta kide maitea. Zure aldamenean hazi eta garatu gara pozik. Eboluzionatzen eta heltzen ikusi ditugu Dani horiek guztiak. Gogoan dut oraindik tronpeta maletan gordeta etortzen zinela bulegora, “La Posada de Los Abrazos – Besarkatuz” egoitzan lo egitea tokatzen zitzaizula sarritan, … Zeunden lekuan zeundela, zenuen onena eman izan duzu beti. Hartzen ditugun erabakiek egiten gaituzte garena, eta ez dugu egindako urratsez damutu behar; aurrera begiratu behar dugu beti, unean-unean erabaki behar dugu zer egin eta zertan nahasi… Horrelakoxea zen Dani; beti zegoen saltsaren batean sartuta, eta beti guztion eskubideen alde borrokan. Ezagutzen zaitugunetik, kausa askoren aldeko konpromisoa agertu duzu, hainbat elkartetan hartu duzu parte: Ongi Etorri Errefuxiatuak-en, ESK-STEILAS sindikatuan… Gainera, software librearen erabileraren defendatzaile sutsua izan zara (Itsas), eta hainbat pasiori eskaini diezu denbora: mendia, jazz-a, …

2003. urtean hasi zen Dani Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Telematikoaren arloan, Telekomunikazioen Ingeniaritzan arituko diren profesionalei eskolak ematen. Baina, ezagutzak eta bokazio teknologikoa transmititzeaz gain, pentsamendu kritikoa sustatzen zuen Danik; alderdi soziala, konpromisoa eta gizatasuna ziren Daniren bereizgarri nagusiak. Gogoan dut egun batean, klasera iritsi zenean, munduan gertatzen ari zen egoera bidegabe baten inguruko fotokopiak banatu zizkigula, ikasketez gain beste gai garrantzitsu batzuez ere kezka gintezen; hau da, munduari begira egon gintezen, inguruan dugun jendartearekiko kontaktua galdu gabe. Izan ere, mundua aldatu genezala nahi zuen berak. Konfiantza osoa zuen pertsonengan eta uste zuen norbanakoak gai garela gauzak aldatzeko; erne egon gintezen nahi zuen, gai izan gintezkeela konturatzea.

Bilboko apezpikutzatik igaro zenean, software librea txertatu zuen bertan, eta saiatu zen elizbarruti osoa kontzientziatzen enpresa handien ordainpeko tresnetara muga ez zitezen. HEB-BEHAn Artxiboa Kudeatzeko Inet Sistema garatzeko proiektua zuzendu zuen, artxibo historikoa digitalizatzeko, interesdun guztiek informazio historikoa eskura izan dezaten. Informazio horren zabalkundean hazitxoa landatu zuen horrela, den-dena software librean garatuta, noski. Gogorarazten zigun, gainera, librea eta doakoa ez direla gauza bera. Ideal horren alde borrokatu zen; ikastaroak emanez, aholkularitza eskainiz eta bere blogetik jendartea kontzientziatuz, baita hainbat aldizkari eta plataformatan idatziz ere. Azken batean, bizimodu bilakatu zuen bere ideala.

Eskerrik asko, Dani, UPV/EHUren egunerokoan software librea eta formatu irekiak erabiltzearen garrantzia transmititzeagatik. Miresgarria da zure lana; izan ere, beti atera izan duzu denbora software librearen erabilera sustatzeko: dela ikastaroak eskainiz, Itsas - Software Libre Taldea sustatuz eta gidatuz, bloga idatziz, edota software libreen garatzaileen nazio mailako zein nazioarteko topaketak UPV/EHUra erakarriz. Gogoan ditut oraindik Akademy jardunaldi haiek, Bilboko itsasadarrean barrena gure inguruko garatzaileekin solasean aritzeko aukera ematen zigutenak.

Gauzak handitasunetik aldatzen saiatzen dira hainbat, azkenean ezer lortu gabe; izan ere, ukitzen gaituen hura, gure ingurukoa aldatzeko gai gara, ez besterik… Ondo zekien hori Danik, eta horren alde borrokatzen zen egunero. Unibertsitateko lanean, elkarte nahiz irabazi asmorik gabeko erakundeetan parte hartuz… txikitik handira iristea lortu zuen, urrun iritsi zen, eta gauzak aldatu zituen. Bereizgarri zuen nekaezintasun eta koherentzia haiek gabe, ezingo zatekeen halakorik lortu. Software librearen defendatzaile sutsua zen, teknologiak berdintasunean eta pertsona ororen onerako erabil zitezen bultzatzen zuen, ezagutza sortu eta partekatzeko beharra aldarrikatzen zuen bokazioz, behartsuenei laguntzeko konpromiso irmoa erakutsi zuen beti… Halakoxea zen Dani. Utzi egin gaitu, bai; baina beti izango dugu bidelagun.

 

Eskerrik asko Dani eman diguzun guztiagatik. Besarkada handi bat

Komunikazioen Ingeniaritza Saileko kideak – Compañeras y compañeros del Departamento de Ingeniería de Comunicaciones