Javier Aizpurua fisikariak jaso du 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2023/06/28
Javier Aizpurua Iriazabal fisikariak jaso du, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik, 2022ko Euskadi Ikerkuntza Saria, Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian. Burutu dituen beste hamaika lanez gaiz, Aizpurua irakaslea Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) ikertzailea da. Saria emateko ekitaldian izan dira, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Agustin Erkizia Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordea, Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea eta Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko errektoreordea, hurrenez hurren.
Lehendakariak Javier Aizpuruak erakutsitako konpromisoa, jarrera, gogoa eta ekarpena aitortu ditu, “gure erakunde eta herriaren alde hoberena eskaintzeko, zientzia-katea indartuz”. Gaurkoan, ikerketa lana eta ikerketaren aldeko lana aitortzeaz gain, Urkulluk Aizpuruaren euskal gizartearen aldeko jarrera goraipatu du. “Handik eta hemendik… Oiartzunetik, Donostiatik, mundutik; beti euskal eta nazioarteko ikuspegia zabaltzen”, adierazi du.
Bere hitzaldian, Lehendakariak, gainera, nabarmendu nahi izan du zientzia aktibo bat dela gizarte aurreratu ororen garapen sozial eta ekonomikorako, “gizateriaren balio izugarria”. Zientzia, halaber, talentua erakartzeko eta atxikitzeko iman bat da, Urkulluren ustez, eta, aldi berean, haren sorrerarako eta etorkizuneko garapenerako zutabea. Ildo horretan, azpimarratu du Euskadi ezagutzara irekita dagoen gizarte bat dela, bikaintasun-talentuaren abegikorra, sortzailea eta zaintzailea. “Javier Aizpurua, ikuspegi hori bultzatu duzu. Euskadiko eta Euskadirako bikaintasun-talentuaren adibide zara”, adierazi du Lehendakariak.
Halaber, Javier Aizpurua irakasle sarituak azpimarratu du, “Euskadi Saria pozez eta emozioz jasotzen dudan saria da. Eskerrik asko jende askori eta erakunde askori. Uste dut guztion artean lortu dugula materialen zientziaren bikaintasun campus bat eraikitzea UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean, Ibaetan, non nire nanofotonika taldeak eta beste talde askok gure gaitasunak maila gorenean gara ditzakegun, nazioarteko zientziaren abangoardian. Pribilegioa da Donostian bikaintasuneko komunitate zientifiko horretako kide izatea.”
Euskadi Ikerkuntza Saria Hezkuntza Sailak urtero banatzen duen aitortza da. Urte bikoitietan –hau da 2022ko deialdiaren kasua- Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia; urte bakoitietan aldiz, Gizarte-Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.