euskaraespañol

Nazioarteko titulu bikoitzak, etorkizunerako apustu ziurra

Gaur egun, nazioarteko graduko hogeita hamar titulazio bikoitz inguru eskaintzen dira

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/01

Ane Zuñiga Mittweidako Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean, Alemanian | Argazkia: Ane Zuñiga

Euskal Herriko Unibertsitateak gradu ikasketa multzo handia aurkeztu du 2023-2024 ikasturterako. Orotara, 107 titulu eskainiko ditu, jakintza esparru guztietakoak eta arlo anitzetan (direla historikoak, direla berritzaileagoak) trebatzeko aukera ematen dutenak. Euskal Herriko Unibertsitateko graduak oso ezagunak dira etorkizuneko unibertsitate-ikasleen artean, baina agian ez da hain ezaguna ikastegi askotan nazioarteko titulazio bikoitza egiteko aukera ere badagoela.

“Nazioarteko titulazio bikoitzez ari gara UPV/EHUk (jatorrizko unibertsitatea) eta atzerriko unibertsitate batek (harrerako unibertsitatea) programazio akademiko bat ezartzen duten kasuetan, ikasleek bi titulu lor ditzaten: UPV/EHUko graduatu-titulua eta harrerako unibertsitateak emandako bigarren titulu bat. Programazioa bi ikasketa-planen arteko edukien eta gaitasunen antzekotasunean oinarritzen da, eta UPV/EHUko ikasleek gutxienez 120 kreditu gainditu behar dituzte harrera-unibertsitatean aldia hasi aurretik. Bertan, nazioarteko titulazio bikoitz horren programazio akademiko zehatzak ezartzen dituen kredituak eta irakasgaiak gainditu beharko ditu”, Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreorde Laura Vozmedianok azaldu duenez. “Gaur egun, nazioarteko graduko hogeita hamar titulazio bikoitz inguru eskaintzen dira, eta horietako bakoitzean plaza kopuru mugatua dago.”

CAMPUSA ZENTRUA TITULAZIO BIKOITZA INTERNAZIONALA
GIPUZKOA GIPUZKOAKO INGENIERITZA ESKOLA Arkitektura teknikoko gradua + Ingenieur du Batiment et des Travaux Publics del Institut Supérieur Aquitain de Batiment et des Travaux Public (ISA-BTP).

Ingeniaritza Zibileko gradua + Ingenieur du Batiment et des Travaux Publics del Institut Supérieur Aquitain de Batiment et des Travaux Public (ISA-BTP).

Ingeniaritza Zibileko gradua + Bachelor in Civil Engineering (Münster University of Applied Sciences, Alemania)

Ingeniaritza Elektrikoko gradua + Bachelor Maschinenbau/Mechanical Engineering (Mittweida University of Applied Sciences, Alemania)

Ingeniaritza Elektrikoko gradua + Bachelor Mechatronik (Mittweida University of Applied Sciences, Alemania)

Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako gradua + Bachelor Maschinenbau/Mechanical Engineering (Mittweida University of Applied Sciences, Alemania)

Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako gradua + Bachelor Mechatronik (Mittweida University of Applied Sciences, Alemania)

Ingeniaritza Mekanikoko gradua + Bachelor Electric and Automation (Mittweida University of Applied Sciences, Alemania)
ARKITEKTURA GOI ESKOLA TEKNIKOA Arkitekturaren oinarriak

Bordeleko Arkitektura eta Paisaiako Goi Eskola Nazionala (Frantzia)

Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionala (Frantzia)

ZUZENBIDE FAKULTATEA Zuzenbidea Santo Tomas Unibertsitatea (Kolonbia)
KIMIKA FAKULTATEA Kimika

Titulazio bikoitza Strasbourgeko Unibertsitatea(Frantzia)

Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia)

BIZKAIA ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA FAKULTATEA Ingeniaritza Elektronikoa Limogeseko Unibertsitatea (Frantzia)
Matematika Université de Pau et des Pays de l’Adour (Francia)
Kimika Université de Pau et des Pays de l 'Adour unibertsitatea (Frantzia)
EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEA

Enpresen Administrazioeta Zuzendaritzako gradua (ADE)


BIZKAIA
ARABA
GIPUZKOA

Berlin School of Economics and Law (Alemania)

OTH Hochschule Regensburg (Alemania)

Hochschule Mittweida (Alemania)

Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

IUT de Bayonne et du Pays Basque (Frantzia)

Université Jean Moulin Lyon 3 (Frantzia)

Negozioen Kudeaketako gradua

Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

IUT de Bayonne et du Pays Basque (Frantzia)

OTH Regensburg (Alemania)

Marketineko gradua

Metropolia University of Applied Sciences (Finlandia)

IUT de Bayonne et du Pays Basque (Frantzia)

Université Jean Moulin Lyon 3 (Frantzia)

ARABA GASTEIZKO INGENIARITZA ESKOLA Ingeniaritza Mekanikoko gradua

Federico Santa María Unibertsitate Teknikoa (Txile)

Txileko Santiago Unibertsitatearekin (USACH) (Txile)

 

Jarraian, hiru ikaslek beren esperientziaren berri emango digute, nazioarteko titulazio bikoitza ikasita, eta hori egiteak zer ekarri dien azalduko digute.

Ainhoa IdiakezAinhoa Idiakez Izagirrek bigarren espedienterik onena eta bikaintasun aipamena lortu zuen 2021-2022 ikasturtean, Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Berlingo (Alemania) Ekonomia eta Zuzenbide Eskolatik (HWR) igaro ondoren, nazioarteko titulu bikoitza lortu zuen: UPV/EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, eta Bachelor of Arts in International Business Management, HWRen. “Erasmus mugikortasun programari buruzko hitzaldian, azaldu ziguten nazioarteko gradu bikoitza egiteko aukera genuela Erasmusa egiten ari ginen bitartean. Oso ideia ona iruditu zitzaidan titulu osagarria lortzeko eta, aldi berean, herrialdetik kanpo ikastearen esperientzia bizitzeko. Egia esan, asko gozatu nuen. Normalean hautatuko ez nituzkeen irakasgaiak egiteko aukera izan nuen; oso gustuko izan nituen eta asko eman didate. Lan karga jasangarria zen, eta atzerrian izatearen esperientziaz gozatu ahal izan nuen”.

«Erasmus nengoen bitartean, nazioarteko gradu bikoitza egitea, oso ideia ona iruditu zitzaidan, eta asko gozatu nuen»

Ainhoak HWR aukeratu zuen, “nazioarteko titulu bikoitzaren baldintza esan zizkidaten irakasgaiak egitea zelako, baina ez nituen zertan nahitaez han egin ez Gradu Amaierako Lana ez praktikak, beste kasu batzuetan gertatzen zen bezala. Gainera, Alemaniak betidanik eman zidan atentzioa, eta Berlin ezin hobea da denboraldi batez bizitzeko”. Bizitako esperientziaren ondoren, ez du zalantzarik nazioarteko titulu bikoitza egitea aholkatzeko orduan. Ondorioztatzen duenez: “Aukera ematen dizu hainbat arlotan trebatzeko eta, noski, zure unibertsitateko ikasketak (eta curriculuma) osatzeko. Esfortzu pixka bat gehiago eginez, nire ustez, titulu ona lortzen uzten dizu, eta esperientziak guztiz merezi du. Batez ere etxetik kanpo egin izateak, horrek dakartzan bizipen guztiekin. Erronkak eta esperientzia berriak atsegin dituen edonori gomendatuko nioke, ez dira damutuko eta”.

Ane ZunigaAne Zuñigak nazioarteko gradu bikoitza egin zuen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Graduak bost ikasturte zituen: lehenengo lauak UPV/EHUko eskolan, Ingeniaritza Elektrikoko gradua lortzeko, eta bosgarrena Mittweidako Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean, Alemanian, Ingeniaritza Mekatronikako gradua lortzeko. Azkeneko ikasturtean praktikak egin zituen enpresa batean, Gradu Amaierako Lana Hahn-Schickard ikerketa zentroan egiten zuen bitartean, Villingen-Schwenningen hirian. Horrez gain, Ingeniaritza Elektrikoko azken urtea Ipar Carolinako Estatu Unibertsitatean (Estatu Batuak) egin zuen. Anek nazioarteko gradu bikoitza egitea erabaki zuen, batez ere, beste arloetan ezagutza lortzeko aukera ematen ziolako, Ingeniaritza Elektrikoaz gain. “Modu horretan ikuspegi globalagoa izango nuen, eta informazioa lortuko nuen aurrerantzean ikas ditzakedan arloekin zerikusia duten beste gaiei buruz. Gainera, aukera honi esker, bigarren gradu bat lor nezakeen atzerrian ikasten ari nintzen bitartean, Alemanian, nire kasuan. Esperientzia aberasgarria zen niretzat: ikasi nezakeen, praktikak egin zitzakeen, lan egin nezakeen, beste unibertsitate bat eta beste kultura bat ezagut nezakeen eta esperientzia baliotsua lor nezakeen. Oso esker oneko nago UPV/EHUrekin, eta batez ere Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolarekin, esperientzia hau bizitzeko aukera eman didatelako”.

«Oso esperientzia aberasgarria iruditu zitzaidan: ikasi nezakeen, praktikak egin, beste unibertsitate bat eta beste kultura bat ezagut nezakeen»

Bere ustez, nazioarteko gradu bikoitza egitea “aukera paregabea da hainbat arlotako ezagutzan sakontzeko, eta ikasketa esperientzia izateko nazioarteko testuinguru batean”. Halaber, beste ikasle batzuei antzeko bide bati jarraitzeko adorea eman nahi die. “Jaso dudan hezkuntzari eta izan ditudan aukerei esker, pertsona gisa handitu naizela uste dut, eta arlo pertsonalean eta profesionalean garatzen lagundu didaten trebetasunak eta ezagutzak lortu ditut. Espero dut beste ikasle batzuek antzeko zerbait bizitzeko aukera izatea”. Gaur egun, Ane Zuñiga Ingeniaritza Elektrikoko eta Konputazio Zientzietako doktoregoa egiten ari da MITen (Massachusettseko Teknologia Institutua), eta MIT-CSAILen (Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko Laborategia) lan egiten du. Adierazi duenez: “Zirrara eragiten didate esperientzia honek emango dizkidan aukerek, eta ziur naiz urrats garrantzitsua izango dela nire ibilbide akademiko eta profesionalean”.

Idoia UgarteIdoia Ugartek, bere aldetik, Ingeniaritza Elektronikoko nazioarteko gradu bikoitza egin zuen Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Limogeseko Unibertsitatean (Frantzia). Idoiarentzat, sorpresa atsegina izan zen erabakia baino gehiago; izan ere: “Beste lehentasun batzuk nituen Erasmuserako. Hala eta guztiz ere, azkenean plaza hori eman zidaten eta, frantsesa hitz egiten nuenez eta urte bat kanpoan emateko eta bestelako metodo akademikoak ikasteko gogo handia nuenez, onartu egin nuen”. Esperientzia “oso aberasgarria izan zen maila pertsonalean, eta, nire ustez, puntu gehigarri bat ematen dio nire curriculumari; izan ere, ingelesa eta frantsesa dakidala eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna dudala erakusten du.  Bertara iritsi ondoren, sistema frantsesa sorpresa atsegina izan zen; izan ere, nire kasuan, ohitua nengoena baino gela txikiago eta intimoago bat zen, eta, horri esker, hobea zen irakasle-ikasleen eta kideen arteko komunikazioa eta konfiantza.  Eragozpen bakarra izan zen COVIDaren pandemia garaian gertatu zela, eta, beraz, bizitza mugatu samarra izan zela hirian eta espazio publikoetan”.

«Titulu gisa izan dezakeen baliotik harantz, beste gaitasun asko ere garatzen dira»

Ainhoaren eta Aneren antzera, Idoiak ere nazioarteko gradu bikoitza egitea gomendatzen du: “Titulu gisa izan dezakeen baliotik harantz (curriculumerako), esperientzia aberasgarria da eta beste gaitasun asko ere garatzen dira. Beti da interesgarria bestelako ikuspuntuak, kulturak eta hizkuntzak ezagutzea, eta horrek guztiak etorkizunean harremanak izaten eta egora konplexuak kudeatzen lagun gaitzake. Gainera, une dibertigarri ugari izan ditut atzerrian eman dudan urtean, karreraren monotonia hausten lagundu didatenak.  Nire kasuan, gainera, mugikortasunari esker, aukera izan dut unibertsitatearen ikerketa laborategi batean praktikak egiteko, eta horiek izan dira, azkenean, Ingeniaritza Elektronikoko nire Gradu Amaierako Lana”. Gaur egun, Idoia Ugarte Brescian (Italia) dago, EMIMEO (Erasmus Mundus on Innovative Microwave Electronics and Optics) nazioarteko masterra egiten, UPV/EHUk eta Limogeseko Unibertsitateak antolatutakoa, beste erakunde batzuen artean.