euskaraespañol

Aholkularitza, informazioa eta bide-laguntza, sexu eraso baten aurrean ezinbesteko gakoak

UPV/EHUk mahai-ingurua egin zuen Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren harira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/24

Ezkerretik eskumara, Begoña Varela, Beatriz Ilardia, Aitziber Bañuelos, Elena Leiñena eta Aitor Zurimendi.
Ezkerretik eskumara, Begoña Varela, Beatriz Ilardia, Aitziber Bañuelos, Elena Leiñena eta Aitor Zurimendi. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Letren Fakultateko Areto Nagusian egin zen asteartean ‘Alkoholak eta beste droga batzuek eragindako sexu-indarkeria (sumisio kimikoa)’ mahai-ingurua, Euskal Herriko Unibertsitateko Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatuta, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko.

Aitor Zurimendi UPV/EHUko idazkari nagusiak mahai-inguruan esan zuenez, munduan hiru emakumetik batek erasoak jasan ditu. Estatuan, 2021ean, 30.141 emakume izan ziren genero-indarkeriaren biktimak, aurreko urtean baino % 3,2 gehiago. Euskadin, azken urtean, genero-indarkeriagatiko salaketak % 20,4 hazi dira. Sumisio kimikoaren kasuak ere handitu egiten ari direla dirudi.

Mahai-inguruak hainbat eremutako adituek batu zituen: Gabriela Peña y Lillok, Madrilgo Infanta Leonor ospitaleko medikuak; Begoña Varela Gorbeak, Bilboko Udaltzaingoko ofizialordeak; Beatriz Ilardia Olanguak, sexu eta genero indarkerian espezializatutako abokatuak; eta Aitziber Bañuelos Ganuza, gizarte hezitzaile eta Eraikiz kolektiboko kideak, baita Berdintasunerako zuzendaria, Elena Leiñena Mendizabal.

Nor bere arlo profesionalean oinarrituta, gaurkotasun handiko gai baten inguruan duten ikuspegia aurkeztu zuten; sexu indarkeriari buruzko datuak eman zituzten, eta eraso baten aurrean jarduteko aholkuak eman. Adierazi zutenez, sexu-eraso gehienak espazio intimoetan gertatzen dira, eta sumisio kimikoarekin zerikusia dutenak, berriz, aisia-guneetan gertatzen dira.

«Harritzekoa da substantzia horiek zein ugari eta eskuragarriak diren, bai eta erosleen adinaren kontrolik eza ere»

Bi motatako sumisio kimikoak daudela azaldu zuten: erasotzaileak berak zuzenean egiten duena, eta alkohola edo beste substantzia batzuk kontsumitzeagatik egoera zaurgarrian dauden pertsonez aprobetxatuta egiten dena. Zentzu horretan, Gabriela Peñaren arabera, “sexu erasoen % 50ean alkohola egoten da tartean”. Gainera, eraso horietan erabiltzen diren substantziak erraz lor daitezkeela salatu zuten: “Harritzekoa da substantzia horiek zein ugari eta eskuragarriak diren, interneten bidez lor baitaitezke, bai eta erosleen adinaren kontrolik eza ere”.

Heziketaren garrantziaz eta gazteen artean pornografiak duen eraginaren kontra egin beharreko lanaz ere mintzatu ziren. “Sexualitatea horixe dela pentsatzen dute, eta emakumeak gauza gisa tratatzea da horren ondorioa".

Protokoloen garrantzia

Hala, mahai-inguruan bildutako parte-hartzaileek azpimarratu zuten zein garrantzitsua den biktimak artatzeko protokoloak edukitzea eta inplikatutako sektore guztiak legeen aurrerapenetara egokitzea. Adierazi zutenez, “garrantzitsua da biktimek lehen unetik jakitea eskubidea dutela legezko arreta doan jasotzeko. Aholkularitza, informazioa eta bide-laguntza funtsezko gakoak dira sexu indarkeriaren biktima batekin topo egiten dugunean”.

Azkenik, sexu-erasorik izanez gero jarraitu beharreko aholku batzuk eman zituzten. “Badakigu shock-egoera horretan zaila dela lasai jardutea, baina oso garrantzitsua da arropa ez garbitzea eta ez aldatzea. Beren konfiantzako norbaiti dei diezaiotela, uneoro laguntzeko eta ahalik eta azkarren poliziara edo osasun zentro batera joateko. Eta, jakina, gertatutakoaren errua ez da erasotakoarena. Erantzukizuna erasotzen duen pertsonarena da beti”.

«Biktimak ez dio gertatutakoaren errua bere buruari bota behar. Erantzukizuna erasotzen duen pertsonarena da beti»

Ekitaldiari amaiera emateko, UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendaria eta idazkari nagusia mintzatu ziren, eta nabarmendu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak konpromiso sendoa duela unibertsitateko emakumeek jasandako edozein indarkeria-motaren aurka borrokatzeko, UPV/EHUk genero-indarkerien aurka duen protokoloa erabiliz, eta unibertsitateak gaitz hori behin eta berriz salatu duela eta salatzen jarraituko duela, mundu osoan desagertu arte. “Guztiok egin behar dugu lan, denok argi izan dezagun soilik bai dela baietz, eta indarkeria da emakumearen borondatea deusestatzea ezetz esateko gai izan ez dadin”, azpimarratu zuen Aitor Zurimendi idazkari nagusiak.