euskaraespañol

UPV/EHUk funtsezko zerbitzuak ezarri ditu, aurrez aurreko jarduera etenda dauden aldirako

Neurriak martxoaren 16ko 15:00etan jarriko dira indarrean, eta hala jarraituko dute beste ebazpen bat egon arte duen artean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/16

Euskal Herriko Unibertsitateak aurrez aurreko jarduera guztiak eten zituen martxoaren 14an. Gaur, martxoak 16, errektorearen ebazpen batek ezarri ditu pertsonalaren presentzia beharrezko izango duten funtsezko zerbitzuak.

Funtsezko zerbitzutzat hartu direnen artean hauexek daude, besteak beste: errektore taldearen jarduera; ikastegietako zuzendaritza eta dekanotzak; gerentzia; instalazioen eta horniduren mantentzea; Prebentzio Zerbitzuko osasun arloa; erabiltzen diren local eta instalazioen garbiketa; eta segurtasuna.

Zerbitzu horietako arduradunek zehaztuko dute, beharrezkoa balitz, zein langilek egin beharko dituzten ezarritako lanak modu presentzialean eta egiteko ezinbesteko denbora. Langile horiek eraikinetara sartu ahal izango dira, unibertsitateko txartela erabilita, eta saihestuko dute jendea pilatzea. Langileak salbuetsi ahal izango dira jardun presentzialetik arrisku taldeetakoak badira eta, legezko zaintza dela eta, 12 urtetik beherako pertsona bat edo ezintasuna duen pertsona nagusi bat badute bere ardurapean.

Prebentzio Zerbitzuaren bitartez bermatuko da langile horien segurtasuna eta osasuna babesteko gomendio eta neurri eraginkor guztiak beteko direla.

Unibertsitateko erregistroa itxita egongo da eta tramiteak Erregistro Elektronikoan egingo dira.

Dena den, unibertsitateko zerbitzu gehienak telelanaren bidez eskainiko dira. UPV/EHUko langile guztiak bide telefoniko edo telematikoz lokalizatzeko moduan egon beharko dira.

Bertan behera geratzen da lanorduen kontrola martxoaren 16tik, astelehena, alarma egoerak dirauen artean.

Informazio zehatzagoa izateko, errektorearen ebazpenera jotzea gomendatzen da: [irakurri erabakia]

UPV/EHUk webgune berezi bat prestatu duela gogorarazten dizuegu, unibertsitateko kideei koronabirusari eta horrek unibertsitate-jardueraren alderdi guztietan duen eraginari buruzko berri, gomendio, berrikuntza eta argibide guztiak emateko.