euskaraespañol

UPV/EHUk bat egiten du EUEBrekin Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean

Unibertsitateek beren lana areagotzen dute, desgaitasuna duen inor sistematik kanpo gera ez dadin pandemiaren ondorioz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/03

Irudia

Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarra (EUEB) lotzen zaio ostegun honetan, abenduak 3, ospatzen den Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna 2020ari. "Guztiontzako eguna" leloa duen egun honen bitartez, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) adierazi nahi du desgaitasuna giza izaeraren parte dela. Mezu horren ildotik, EUEBk azpimarratu nahi du konpromiso irmoa duela kolektibo horrekin; izan ere, kolektibo hori beharrezkoa da Espainiako unibertsitateetan, eta askotariko gizartearen isla da.

Aurten, EUEBk azpimarratu nahi du COVID-19ak eragindako pandemiaren inpaktua arintzeko, unibertsitateek beren lana areagotu dutela desgaitasuna duen inor sistematik kanpo gera ez dadin. Ez dago aitzakiarik.

Aurreikusi gabe sortutako egoera hau hasi zenetik, joan den ikasturtean, EUEB-Irakaskuntzak zenbait gomendio egin zituen irakaskuntza ez-presentzialerako trantsizio azkarrak desgaitasunen bat edo hezkuntza-premia bereziak zituzten ikasleak bazter ez zitzan. Unibertsitateek neurriak ezarri zituzten irakaskuntza-gidak eta ebaluazio-sistemak modalitate ez-presentzialetara egokitzeko, desgaitasuna duten ikasleen aukera-berdintasuna bermatzeko.

EUEBk funtsezko zeregina izan zuen, halaber, aurreko ikasturtearen amaieran unibertsitatean sartzeko probak egin behar izan zituzten pertsona guztien interesen defentsan. Unibertsitateek irisgarritasun unibertsalarekin, diskriminaziorik ezarekin eta berdintasunarekin duten konpromisoari eutsi zioten proba horiek osasun- eta hezkuntza-agintarien jarraibideetara egokitzeko orduan, EUEBren Ikasleen Gaietarako eta Aniztasunaren eta Desgaitasunaren Lantaldearen eta Unibertsitateetan Desgaitasuna duten Pertsonen Arretarako Zerbitzuen Sarearen (SAPDU) Batzorde Iraunkor eta Zabalaren lanari esker.

Testuinguru honetan, komeni da gogoratzea EUEBk ONCE Fundazioarekin duen lankidetza, bosgarren urtez jarraian abian jartzeko ordaindutako kanpo-praktikak egiteko beken programa, desgaitasuna duten unibertsitate-ikasleei zuzendua, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duena. Urriaren 30ean amaitu zen 2020-2021 deialdiak desgaitasuna duten 300 unibertsitarioren karrera profesionala hobetzea du helburu, eta lehen lan-esperientzia izan dezaten erraztu.

#ImpulsoSAPDU

EUEBk eskerrak eman nahi dizkio, halaber, 61 unibertsitatek osatzen duten SAPDU Sareari, kolektibo horren alde egindako lanagatik, eta #impulssoSAPDU kanpainaren alde egin du. Kanpaina horren bidez, mezu pozgarri bat bidali nahi du, eta unibertsitateen zerbitzuak eskaini nahi ditu desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko berrasmatzearen funtsezko baliabide eta zutabe gisa.

Bideo batean, sare honek azpimarratzen du pandemiaren ondoriozko erronka berriek desafio egin dietela unibertsitateetan inklusioaren arloan lortutako zenbait lorpeni, baina, hala ere, atzera egin beharrean, bultzada emateko eta erantzun eraginkor eta koordinatua emateko balio izan dutela, pertsona guztientzat irisgarria den goi-mailako hezkuntza bat defendatzeko.

Horregatik, EUEBk eta SAPDUk berariaz eskertu nahi dituzte unibertsitateetako irakasle-ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen inplikazioa eta lankidetza, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea ahalbidetzeagatik, ezohiko ikasturte honetan ikasleen ikaskuntza errazteko gomendioak ezartzean.

Espainiako Unibertsitate Sisteman, Gradu[i] ikasketetan matrikulatutako desgaitasunen bat duten ikasleak % 1 dira, irakasle-ikertzaileen artean kolektibo horrek duen ehunekoaren antzeko zifra, % 0,9, hain zuzen ere. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean, berriz, kopuru hori % 2,5era igotzen da (AZP) [ii].

 

[i] Txostena: Espainiako Unibertsitateak zifratan, 2020, 2017-2018 ikasturteko datuekin

[ii] IV. Azterlana: ‘Unibertsitatea eta Desgaitasuna’, Universia Fundazioak eginda, honako hauekin lankidetzan: Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeak (CERMI), ONCE Fundazioa, Desgaitasunari buruzko Errege Patronatua eta EUEB Espainiako Unibertsitateak