Eduki publikatzailea

Ekonomia irakaskuntzari buruzko VI. Jardunaldiak hasi dira

Nekane Balluerka errektoreak eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako sailburuak irakasgaira hurbiltzera animatu dituzte gazteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/16

Irudia
Euskadiko IX. Ekonomia Olinpiadetan parte hartutako 2. mailako batxilergoko ikasleei sariak, Pedro Azpiazu, Nekane Balluerka eta Jon Barrutiarekin batera . (Mitxi, UPV/EHU)

Osteguna, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Lehendakari Agirre, 83. Bilbo) Ekonomiaren Irakaskuntzari buruzko VI. Jardunaldiak hasi dira. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Pedro Azpiazu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua, eta Jon Barrutia, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa.

Jardunaldia bihar arte luzatuko da, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ekonomia irakasleei eta unibertsitatekoei zuzenduriko gogoeta gune bihurtu nahi da. Bestalde, gaurko ekitaldia aprobetxatu da Euskadiko IX. Ekonomia Olinpiadetan parte hartu duten 2. mailako batxilergoko ikasleei sariak banatzeko.

Nekane Balluerka errektoreak azpimarratu du Ekonomia gero eta interes gehiago ari dela erdiesten ikasketa bezala. "Nire adineko lagunek, batxilergoan, ez zuten ekonomiari buruzko ideia argi bat. Izan ere, diziplina hori ez zegoen ikasketa planetan. Gaur egun, zorionez, hori aldatu egin da. Eta albiste ona da, ikasketak aukeratzeko orduan ahalik eta informazio guztia izango baitute ikasleek horrela".

Pedro Azpiazuk, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleak animatu ditu Ekonomia irakasgaira hurbiltzera, "erronka global erakargarriei aurre egin ahal baitzaie diziplina horretatik".

"Animatzen zaituztet kontziente izatera, ikasteko hartzen duzuen irakasgaia edozein izanda ere, zuen berezitasuna ez dela hortik etorriko; hots, berezitasun horri bateratu beharko zaizkio pertsona tolerante eta adimen eta bihotz zabalekoen, kosmopoliten eta jakin-nahia dituztenen…  jarrera propioak, trebetasunak, eta ohiturak. Trebetasun guzti horiek beste pertsona, agente edo erakunde batzuekin elkartzeko balio beharko dute", adierazi du sailburuak.

Jon Barrutiak, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak adierazi du zoriontzekoa dela Ekonomia eta Enpresari buruzko irakasgaia "finkatutako errealitate" bat izatea batxilergoko ikasketetan Euskadin.  "Zentzu honetan azpimarragarria da esparru horretan erdi mailako irakaskuntzan diharduten profesionalen lan garrantzitsua. Ahalegin inportantea egin baitute aipatutako irakasgai horiek egokitzeko, bai edukiei dagokienez, bai pedagogiari dagokionez".

Halaber, Barrutiak hitzaldia aprobetxatu du Olinpiadetan parte hartu duten ikasle guztiak zoriontzeko. "Proban lehiatu diren lagun guztien jakin-nahia eta kemena aitortzekoa da, eta Ekonomia eta Enpresa irakasgaia ikasten jarraitzera animatu ditu gazteak", aipatu du.

IX. Ekonomia Olinpiadak

Euskal Autonomia Erkidegoko 32 ikastegietako 150 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute aurtengo Ekonomia Olinpiadetan, eta lehenengo hirurak honakoak izan dira: Álvaro Ruiz Rodriguez (Carmelitas-Sagrado Corazón ikastetxea. Vitoria-Gazteiz), Leire Tejedor Lejona (Ayalde Ikastetxea. Loiu) eta Ane Ayani Andikoetxea (Askartza Claret ikastetxea. Leioa). Halaber, ikastetxeen sailkapena honakoa izan da: Loiuko Ayalde ikastetxea, Vitoria-Gasteizko Olabide Ikastola eta Tolosako Orixe BHI.