Eduki publikatzailea

Nekane Balluerka: «Hezkuntza publikoak eskubideak eta betebeharrak dakartza»

UPV/EHUk 2017/2018 ikasturtearen hasierako ekitaldia egin du

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/14

Irudia
Ikasturtearen hasierako ekitaldiaren une bat

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2017/2018 ikasturtearen hasierako ekitaldia egin du gaur goizean, Gipuzkoako Campuseko Barriola zentroan

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñigo Urkullu; Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Bakartxo Tejeria; Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Eider Mendoza; Donostiako alkatea, Eneko Goia; Eusko Jaurlaritzako lau sailburu (Iñaki Arriola, Jon Darpón, Cristina Uriarte eta María Jesús San José); EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, Juan Luis Ibarra; eta EAEko fiskal nagusia, Carmen Adán. UPV/EHUko kideen eta euskal gizartearen ordezkaritza zabala ere izan da zeremonian, eta Deusto eta Mondragon unibertsitateetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak.

Pedro Iriondo idazkari nagusiaren hitzen ondotik –zeinak 2016-17 ikasturtearen memoria irakurri baitu–, Jasone Cenoz UPV/EHUko Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak saileko katedradunak hasierako hitzaldia egin du: Hezkuntza eleaniztuna ikertuz: irazkia eta bilbea. Cenoz irakasleak hirugarren hizkuntza bat ikasteko elebitasunak duen eragin positiboa nabarmendu du bere hitzaldian.

Nekane Balluerka errektoreak, bere hitzaldian, UPV/EHUk ikasturte honetan dituen desafio handiak nabarmendu ditu, eta agintaldi honetako lehentasunak zerrendatu: ikerketa, prestakuntza duala, nazioartekotzea eta euskalduntzea.

"Unibertsitateko irakaskuntzaren benetako helburua", adierazi du errektoreak, "ez da bakarrik etorkizunerako profesional onak prestatzea; horrekin batera, helburuak izan behar du ere ikasgeletatik irtengo diren herritarrak arduratsuak izatea, zer eskubide eta betebehar dituzten jakitea". Hezkuntza publikoaren alde egin duen alegatuan, hezkuntza horrek dakartzan eskubideak ez ezik, honako hau ere azpimarratu nahi izan du: alegia, zer-nolako exijentzia maila duen, sistema publikoan ari diren pertsona guztientzat, herritarrek irakaskuntza eskaini edo jasotzeko jartzen dituzten baliabideak erabiltzeak: "erdipurdiko helburuetarako nolabaiteko aitzakia izatetik urrun, hezkuntza publikoak behartu behar gaitu etengabeko ahalegin pertsonala egitera, gure erakundearen eta baliabideen izaera publikoak behartu egiten baikaitu gure jardueraren kalitatearekin dugun konpromisoa biderkatzera".      

Balluerkak erantzunkidetasunaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du: "Unibertsitate baten proiektuak, are gehiago publikoa bada, unibertsitate horretan diharduten pertsona guztien konpromisoa eskatzen du, baita instituzio publiko eta gizarte, enpresa eta kultura erakundeen konpromisoa ere. Azken batean, gizarte osoaren konpromisoa eskatzen du, unibertsitatearen aldeko apustua egingo duena. Unibertsitateak, bere aldetik, kontuak eman behar dizkio gizarteari".

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratutzat eman du UPV/EHUko ikasturte berria, zeinean 32.500 ikaslek graduko ikasketak egingo dituzten.