Eduki publikatzailea

Neurologikoa da, batik bat, dislexia, ez ikusmenekoa

Begiaren mugikortasun-asalduek ez dute zuzeneko eraginik dislexian

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/03

Irudia
Dislexia ez da sendatzen, baina tratamendu egokia eta goiztiarra jasoz gero, nabarmen hobetu daiteke irakurtzeko gaitasuna

'Análisis mediante resonancia magnética funcional de las redes neuronales para la lectura en niños con dislexia' tesiaren egileak, Ibone Saraleguik, dioenez, dislexiak ez du sendabiderik, baina tratamendu egoki eta goiztiar batek nabarmen hobetu dezake asaldu hori pairatzen dutenen irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna. Bestalde, askoz handiagoa da dislexikoen portzentajea hizkuntza opakuen hiztunen artean (ingelesa, frantsesa...), ikerketa horren arabera.

"Irakurtzeko ahalmena berenganatzeko haur batzuek duten zailtasunari deitzen zaio dislexia. Zailtasun hori dela eta, haurrek ezin izaten dituzte normaltasunez eskuratu idazketarekin lotutako ikaskuntzak, edonolakoak dituztela ere gainerako gaitasun kognitiboak (adimena, arrazoimena, oroimena...)", azaldu du bere tesian Ibone Saralegui neurorradiologoak. Ikusmeneko arazotzat jo izan da dislexia, baina, azken ikerketen arabera, bestelakoa da asalduaren jatorria.

Saralegui dugu ikerketa horietako baten egilea. Erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez (fMRI, functional Magnetic Resonance Imaging, ingelesez), irakurketarekin lotutako neurona-sarea aztertu zuen Saraleguik, Ricardo Martínez oftalmologoarekin elkarlanean, aldez aurretik berariazko tratamendurik jaso gabeko zenbait dislexiadun haurretan. Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, desberdina da dislexiadun irakurleen irakurketarako neurona-sarea, normal irakurtzen dutenena eta begietan mugikortasun-asaldurak dituztenena ez bezalakoa.

Ikertzaile horrek dioenez, eragile bat baino gehiago ditu, seguruenik, dislexiak. "Nolanahi dela ere, haurren irakurketarako bide fonologikoko asaldu bat da dislexiaren eragile nagusietako bat. Jakina, haur horiei aplikatu beharreko terapiarekin lotura estua du horrek. Ikusmenerako eta entzumenerako terapiak, adibidez, ez dira egokiak haur horientzat", dio tesiaren egileak. Saraleguik dioenez, "dislexia ez da sendatzen. Guraso asko joaten dira oftalmologoaren edo logopedaren kontsultara tratamendu on bat aplikatuta semeak edo alabak dislexiko izateari utziko diola sinetsita. Baina dislexikoak (haurrak zein helduak) beti izango dira dislexiko. Dena dela, tratamendu egoki bat garaiz aplikatuz gero, nabarmen hobetu daiteke dislexikoen irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna".

Hizkuntza opakuak eta hizkuntza gardenak

Haur gaztelaniadunekin egin da tesi horretarako ikerketa, "baina haur euskaldunekin ere antzekoak lirateke emaitzak", dio Saraleguik, "oso antzeko erdigardentasun-maila baitute euskarak eta gaztelaniak. Grafema eta fonema elkarrekin bat datozen hizkuntzak dira gardenak, hau da, normalean letra bati soinu bat dagokionak. Hizkuntza opakuetan (ingelesa, frantsesa...), aldiz, hainbat eratara ahoska daiteke grafema bat (A letra, adibidez, "a" edo "ei" izan daiteke).  Irakurtzen ikasteko, fonemen eta grafemen arteko lotura da lehen urratsa, ezinbestekoa erabat".

Arazo erantsi bat dute, hortaz, hizkuntza opakuek: fonema bat baino gehiago ikasi behar dira grafema bat ahoskatzeko. "Horregatik, hizkuntza gardenetan baino ia bi aldiz dislexiko gehiago dago hizkuntza opakuetan. Eragin txikiagoa du dislexiak hizkuntza garden eta erdigardenen hiztunen artean, eta geroago agertzen da; dena dela, ulermen-arazoak izaten dituzte horiek ere", azaldu du tesiaren egileak.

Informazio osagarria:

Análisis mediante resonancia magnética funcional de las redes neuronales para la lectura en niños con dislexia, tesiaren egilea, Ibone Saralegui Prieto, Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da (UPV/EHU), eta neurorradiologoa. Galdakaoko Ospitalean egiten du lan, OSATEKen. Ospitale horretako 3T taldean egin du ikerketa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko oftalmologia pediatriko sailaren eta Deustuko Unibertsitateko deustoTECH Life (eVIDA)-ren laguntzarekin.

Juan Carlos García Moncó, Galdakaoko Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua, eta Pedro Grandes Moreno, UPV/EHUko Neurozientzien Saileko katedraduna izan ditu doktore-tesiaren zuzendari.

Erreferentzia bibliografikoa:

- Differences in effective connectivity between children with dyslexia, monocular vision and typically developing readers: A DTI study. B. Garcia-Zapiraina, Y. Garcia-Chimenoa, I. Saralegui, B. Fernandez-Ruanova, R. Martinez. Biomedical Signal Processing and Control. 2016; 23: 19-27

- Reading networks in children with dyslexia compared to children with ocular motility disturbances revealed by fMRI. I. Saralegui, JM Ontañón, B. Fernández-Ruanova, B. García-Zapirain, A. Basterra, E. Sanz-Arigita. Front Hum Neurosci. 2014; 8 (936): 1-15.

- Automatic classification of dyslexic children by applying Machine Learning to fMRI images. Y. García Chimeno, B. Garcia-Zapirain, I. Saralegui, B. Fernández-Ruanova. Bio-Med Mater Eng. 2014; 24(6): 2995-3002.