Eduki publikatzailea

Irakurtzeko zailtasunak prebenitzeko jolasa

Software didaktiko bat garatu du UPV/EHUko ikertzaile batek irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/23

Irudia

Tradizioz, Lehen Hezkuntza izan da irakurtzeko zailtasunei erantzun bat emateko etaparik aproposena, baina, gaiari buruzko azken ikerketek diotenez, Haur Hezkuntzan dago benetako gakoa. Ainara Romero UPV/EHUko ikertzaileak Haur Hezkuntzan irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko software didaktiko bat diseinatu eta garatu du euskaraz. Joko edo software hori berni.dalata.net webgunean dago eskuragarri guraso zein irakasleentzat.

Hainbat ikerketak frogatzen dute irakurtzen ondo ikasten dela bermatzeko haurrek aurretiaz zenbait trebetasun eskuratu eta garatzea dela garrantzitsuena. Dislexiaren lehen zeinuak Haur Hezkuntzan azaltzen dira. Haur Hezkuntza, ordea, ez da derrigorrezko etapa bat, eta hortaz, hezkuntza-premia bereziak detektatzeko eta esku hartzeko baliabideak beste etapetan baino urriagoak dira. Gainera, "baliabideak aproposak izateko, ezinbestekoa da haurren ama-hizkuntzan egotea, eta euskaraz, esaterako, ez dago Haur Hezkuntzan aurreirakurketa-zailtasunak ebaluatzeko eta esku hartzeko tresnarik" adierazi du Romerok.

Hori guztia kontuan hartuta, irakurtzeko zailtasunei aurrea hartzeko euskarazko hezkuntza-software bat diseinatu, garatu eta ebaluatu du UPV/EHUko ikertzaileak: Berni. berni.dalata.net webgunean eskuragarri dago. Irakurtzeko zailtasunak prebenitzeko zeinu hauek kontuan hartzen ditu Berni-k, hainbat jokoren ezberdinen bitartez: kontzientzia fonologikoa, ezagutza alfabetikoa, hitzezko adimena, hartze- eta adierazpen-hizkuntza eta idatzitakoaren kontzientzia. Izan ere, ikertzaileak azaldu duenez, bost aldagai horiek dira etorkizuneko irakurketa-zailtasunak detektatzeko eta diagnostiko goiztiar bat egiteko funtsezko osagaiak. Alegia, haurrak irakurketa bereganatzeko garaian zailtasunak islatuko dituen edo ez aurresaten laguntzen digute.

Eraginkorra eta erabilerraza

Berni softwarearen eraginkortasuna ebaluatzeko, Bizkaiko zazpi ikastetxetako lau eta bost urteko 417 ikasle aztertu ditu Romerok. Ikasle horietatik guztietatik 43k aurredislexia zeinuak azaltzen dituzte, zailtasunak baitituzte funtsezko aldagai horietan. Horrenbestez, horietatik 23 haurrek Berni softwarea erabili dute eta beste 20 haurrek, berriz, ez. Gainera, inolako zailtasunik azaltzen ez duten eta ausaz aukeratutako beste 42 ikasle ere ebaluatu ditu. Berni softwarea edo jokoa osotasunean egiteko, haurrek 20-25 minutuko bi saio egin dituzte astean, eta, guztira, 7-8 aste behar izan dituzte.

Jokoan parte hartu duten eta parte hartu ez duten haurren alderaketa egin du ondoren ikertzaileak, eta egiaztatu du Berni lagungarria dela aurreirakurketa-zailtasunak dituzten haurrentzat. Izan ere, kontzientzia fonologikoa eta hitzezko adimena nabarmen hobetzea lortu dute joko didaktikoaz baliatu diren haurrek.

"Emaitzak baikorrak dira, hain zuzen ere, bi aldagai horiek baitira dislexiaren garapenarekin erlazio zuzenena duten bi aldagaiak" azpimarratu du Romerok. Emaitzak baikorrak dira, halaber, hartze- eta adierazpen-hizkuntza eta idatzitakoaren kontzientziaren kasuan. "Ezagutza alfabetikoaren gaineko eragina, berriz, ez da argi geratzen. Izan ere, aldagai hori ikasgelan ere lantzen dute haurrek, eta Berni jokoan parte hartu duten zein parte hartu ez duten haurrek hobetu dutenez, ezin dut ziurtatu Berni-ren ondorio bat den edo ez" azaldu du ikertzaileak.

Erreminta berri honekin, etorkizunean haurrek irakurtzen ikasteko dituzten zailtasunak minimizatzea espero du ikertzaileak. Halaber, Haur Hezkuntzan zailtasun horri aurre egiteko behar dituzten estrategiak bultzatzeko aukera eskaintzen du. Hala, arazoen edo zailtasunen diagnostiko goiztiarra egin ahal izango da, baita horrek guztiak sor ditzakeen zenbait arazo kurrikular, emozional, sozial eta abar ekidin ere.

Informazio osagarria

Ainara Romero Andonegi (Bermeo, 1982) Haur Hezkuntza eta Psikologian lizentziaduna da. Irakurketa zailtasunei aurrea hartzeko software didaktiko baten diseinua eta ebaluazioa doktore-tesia egin du UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailean, Carlos Castaño Garrido UPV/EHUko irakasle titularraren eta Ingurune Digitaleko zuzendariaren gidaritzapean.

Irudiaren egilea: Mikel Mtz de Trespuentes.