Eduki publikatzailea

Modernitaterako euskararen gaitasun eza iritzi zabala zen XX. mendearen hastapenetan

Euskal gizartean zabaltzen ari ziren ideia eta bizitza eredu berrietara heltzeko oztopoa zela iristen zen

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/11

Irudia
Aritz Farwell Castillo, 'Borne before the Moone' tesiaren egilea

Miguel de Unamuno izan zen iragan mendearen hastapenetan euskararen modernitaterako eta progresorako gaitasun ezaren ideia babestu zuen pentsalari ezagunena. Bilbotar filosofoa baina ez zegoen bakarrik gogoeta horren ildoan; aitzitik, gizarteko hainbat esparrutan —alderdi politikoetan, kultur eragileetan, intelektualen artean…— sakonduz gero, euskararekiko hausnarketa hori iritzi nagusia zen, hegemonikoa.

Hala  baieztatzen du Aritz Farwell Castillok UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean aurkeztu duen 'Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century' tesiak.

'Borne Before the Moone' esamoldea euskara irudikatzeko erabili zuen XVII. mendean Edward Brerewood idazleak hizkuntzen jatorriari buruzko liburu batean. "Aipu horrek nire atentzioa deitu zuen. Erakargarria iruditu zitzaidan euskarari buruz egiten zuen narrazioa. Bereziki haren antzinatasuna eta izaeraren berezitasuna deskribatzeko erabili zuen esamolde hori: ‘ilargia sortu baino lehenago jaioa'. Begitandu zitzaidan XX. mendeko hasierako modernitatearekin kontraste hori nabarmentzeko modu polita", azaldu du Aritz Farwell Castillo ikerlariak.

Hala, ikerlanak azaldu nahi izan du XX. mendearen hastapenetan euskara nola hautematen zen: "Euskal gizartean iritzi zabala zen euskararen modernitaterako eta progresorako gaitasun eza: alderdi politiko eta intelektual progresistentzako —errepublikanoak, sozialistak, liberalak..— ideia eta bizitza eredu berriak zabaltzeko oztopoa zen; hots, gehienek esaten zuten euskara ez zela erabiltzen ari ideia modernoak, abstraktoak edo jazoak adierazteko. Alderdi edo intelektual kontserbadoreek ere —karlistek, abertzaleek, monarkikoek— pentsamendu bera zuten, horientzat ere euskara ideia eta bizitza eredu berriak zabaltzeko oztopo bat zen; azken finean, ideia ezmoralen aurkako ezkutu bat ".

Euskara zen kanpotik zetozen ideia berriei eusten zien horma: XX. mendeko lehen urte haietan uste zen gizarteak bizi zituen aldaketen multzoari, industrializaziori, klase arteko borrokari,  langileen mugimenduari… erresistentzia egingo zion gauza bakanetakoa izango zela. Modernitateak kutsatu gabeko hizkuntza hori, gainera, euskal nortasunaren muina zen batzuentzat.

Horrez gain, ikerlariaren arabera, gizartearen gehiengoak iritzi hauek partekatzen zituzten euskararen inguruan: "besteak beste, iraganeko erlikia bat bezala ikusten zen, zabartua zegoena, desagertzeko mehatxua gainean zuena, gutxietsia, bizitza publikotik at, linguistikoki irla bat, euskal herritarren jatorrizko hizkuntza eta beheko klasearen hizkuntza". Horiek guztiak, hala ere, Farwellen esanetan, pertzepzioak ziren, tesian zehar azaltzen den bezala, esate baterako, "euskara ez baitzegoen eremu publikotik erabat baztertua".

Galeraren erantzuleak

Tesia egiteko 1900 eta 1910 urteen artean Euskal Herrian (batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian publikatzen zirenak eduki ditu kontutan) argitaratzen ziren egunkarietako eta aldizkarietako milaka artikulu ikertu ditu Farwellek, baita hamaika panfleto, obra literario edo antzezlan ere. Eta horiek guztien analisia egin ondoren, gorago aipatutako modernitaterako eta progresorako gaitasun ezaren ideiarekin batera ondorio batzuk atera ditu: "Batetik, euskararen egoera kaskarrak antsietatea sortzen zien askori, desagertuz gero euskal berezitasunaren amaiera zekarrelako; bestetik, hizkuntzaren galeraren erantzukizuna euskaldunena beraiena zela esaten zen; hots, klase altuko euskal herritarrek euskara abandonatu zutela irizten zen, baserritarren edo klase baxuko lagunen artean mantentzen zen bitartean. Euskaldun izaeraren ikuskera idealizatu batek, modernitatearekin erlazionatzen zen ikuskerarekin borrokatzen zuen".

Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century Aritz Farwellen tesiaren zuzendaria Ludger Mees UPV/EHUko Historia Garaikidea saileko katedraduna izan da, zeinek azpimarratu nahi izan duen tesi horren garrantzia: "Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean erabat ingelesez idatzita dagoen lehen tesia izan da. Jakina, beste fakultate batzuetan egiten dira; baina halere oso desberdina da historian tesi bat egitea guztiz ingelesez, edo, demagun, Matematiketan edo Fisikan. Halaber, defentsa-ekitaldia ere erabat hizkuntza horretan egin zen eta ebaluatzeko batzordean, besteak beste, Munich, Paris, Iruñea eta UPV/EHUko irakasleak egon ziren. Erabat ingelesez eta, gainera, hemen bertako gai oso garrantzitsu bati buruz: euskararen historia politika eta soziala XX. mendearen hasieran. Azken finean, Fakultatearen internazionalizazio-prozesuan egindako aurrerapauso garrantzitsu bat, ‘glokalizazioaren' kontzeptuari lotuta dagoena; globalizazioaren hizkuntza, bertako gaia, gainera".

Aritz Farwell Castillo Los Angeleseko Pitzer Collegen Historian lizentziatu ondoren, University of Chicagon egin zuen masterra. Duela hamar urte Euskal Herrira heldu zen doktoregoa egitera. 2016ko otsailaren 3an defendatu zuen UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean 'Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Dawn of the Twentieth Century' tesia.

Argazkiaren egilea: Mikel Mtz. de Trespuentes

Campusako aurrealdeko argazkia: Indalecio Ojanguren.Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentua. CC BY SA.