Eduki publikatzailea

Tecnaliak eta UPV/EHUk hitzarmen bat egin dute

Ikerketa zentroak EPEZ programa babestuko du, titulatu berri direnek Europako beste herrialde batzuetan praktikak egitea ahalbideratzen duena

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/11

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Tecnalia ikerketa zentroak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Europako Batasuneko enpresetan praktikak sustatzeko asmoz. Akordioa gauzatzen da Tecnaliak EPEZ programari (Enpresetan Praktikak Europan Zehar/Prácticas en Empresas en Europa) eskainiko dion laguntzan. UPV/EHUk burutzen du programa hori, titulatuak laneratzea erraztu eta kultura eta esperientzia profesionalen trukaketa sustatzeko asmoz.

UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreorde Maite Zelaiak eta Tecnalia-ko Pertsonen Zuzendari Rafael Ruizek izenpetu dute hitzarmena.

EPEZ proiektua nazioarteko mugikortasuna bultzatzen duen Erasmus+-en barruan kokatzen da. EPEZen bidez titulatuek burutzen dituzten egonaldi hezitzaile eta praktikoak hiru hilabetekoak dira, eta Alemania, Austria, Italia, Portugal, Txekiar Errepublika, Irlanda eta Erresuma Batuko enpresetan egiten dira.

EPEZen bidez, UPV/EHUk eta Tecnaliak nahi dute titulatu berri diren ikasleen aukera profesionalak hobetu, lan merkatura sartzea ahalbidetuko dieten gaitasunak garatuz. Laneratzea errazteaz gain, EPEZek bigarren edo hirugarren hizkuntza lantzeko eta beren arlo profesionaleko hiztegi teknikoa lortzeko aukera ematen die. Halaber, belaunaldi libre eta beste kultura edo gizarte batzuen aurrean begirunetsuak sortzeko nazioarteko mugikortasunak duen garrantziaz ohartzeko balio du. Programak Europako Batzordearen finantziazioa dauka, eta aurtengo edizioan lehendabiziz Tecnaliaren babesa ere du.
 

Argazkia: Laura Lopez. UPV/EHU