Eduki publikatzailea

Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bilera

Juno eta Rosetta: Eguzki Sistemaren misterioak, gero eta hurbilago

NASAren Juno misioa Jupiterren orbitara iritsi zen orain aste batzuk eta Rosetta zundak emandako datuak funtsezkoak dira Eguzki Sistemaren sorrera eta bilakaera ulertzeko

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/21

Irudia

Dudarik gabe, unibertso osotik Eguzki Sistemari buruz dakigu gehien, huraxe dugulako hurbilena. Egungo eta etorkizuneko espazio misioen helburua da, hain zuzen, planetei, kometei eta asteroideei buruz askoz ere informazio gehiago biltzea. Horri guztiari buruz ari dira aste honetan hizketan Espainiako Astronomia Elkartearen XII. Zientzia Bileran, Bilbon, eta bereziki erreparatu diote Rosettari, ESA Europako Espazio Agentziaren misioari (lehen aldiz, urteetan kometa baten orbitan ibiltzea eta gainazalean kokatzea lortu du), eta NASAren Juno misioari (orain egun gutxi batzuk iritsi zen Jupiterren orbitara).

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia Planetarioen Taldea, gainera, etorkizunean Marte eta Jupiter planetak esploratzeko misioetan dabil lanean. Talde horrek Bilbon du egoitza, eta berak osatu du funtsean zientzia bileraren tokiko batzordea.

Juno, Jupiterren orbitan

Juno NASAren misioa joan den uztailaren 5ean iritsi zen Jupiterren orbitara, ia bost urteren ondoren. Bada, misio horixe izango da SEAren XII. Zientzia Bileraren laugarren eguneko saio bateko gai nagusia, Glenn Ortonen hitzaldiaren eskutik. Orton, NASAren Jet Propulsion Laboratoryko ikertzailea, Lurretik Junori egiten zaizkion behaketen koordinatzailea da, eta NASAk Jupiterren inguruan egindako misio nagusi guztietan parte hartu du 1973. urteaz geroztik. Gainera, aditua da planeta erraldoien (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno) atmosferak infragorriaren uhin luzeran ikertzen.

Juno planetara hurreratzen ari zela, Juno kamerak Jupiterren irudi orokor batzuk bidali dizkigu, haren satelite nagusiekin, eta bereizmen handiko irudiak atera ditu Juno orbitara sartzen hasi denean, hil hasieran. Ordea, Glenn Ortonen hitzetan, urri erdialdera fase zientifikoari ekitea izango da interesgarriena. Zientzia ikuspuntutik, JunoCamek aurrenekoz erakutsiko du Jupiterreko polo ezezagunen inguruko perspektiba bat. Horrez gain, kamera dibulgazio tresna bat ere bada; hau da, zaleek nahi dituzten behaketak egiteko baimena eska dezakete. Horrek guztiak bat egiten du misioaren zientzia nagusiarekin, asmoa baita Jupiterren misterio handienetako batzuk argitzea; esaterako, nolako egitura duen barrutik eta baduen edo ez duen nukleorik barnealdean.

UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak Marterako eta Jupiterrerako zenbait misiotan dihardu

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia Planetarioen Taldea (GCP) da Junori laguntzeko misioan esku hartzen duen Espainiako talde bakarra. Zehazki, teleskopioaren bidez behaketak egiten ditu Lurretik. "Gure misioa izan da ontzia Jupiterrera iritsi baino lehenago planetaren egoera atmosferikoa ikertzea, hodei formazioak eta haizeak tartean", azaldu du Agustín Sánchez Lavegak, GCP taldearen zuzendariak eta zientzia bileraren Antolakuntza Batzordeko buruak. "Horretarako, PlanetCam-UPV/EHU tresna erabili dugu, Calar Altoko Behategiko 2,2 metro diametroko teleskopioari akoplatuta. PlanetCam kamerarekin, espazio bereizmen handiko irudiak har daitezke espektro eremu ikusgaian eta hurbileko infragorrian. Horrez gain, antzeko beste tresna bat erabili dugu Calar Alton, AstraLux izenekoa, eta gure taldeari nahiz Bilboko Ingeniaritza Eskolako EspaZio Gelari dagozkion teleskopioak ere baliatu ahal ditugu. Azkenik, taldeak proiektuan laguntzen duten astronomo amateurren (PVOL) irudien basea koordinatzen du", gehitu du Sánchez Lavegak.

Junon ez ezik, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak ESA Europako Espazio Agentziaren ExoMars18 misioan eta NASAren Mars2020 misioan parte hartzen du; bi misio horiek "rover" ibilgailuak edo ibilgailu autonomoak dira, eta hamarkada honen bukaeran joango dira Martera. Bestalde, ESAren JUICE misioan ere badihardu GCP taldeak; JUICE 2022. urtean abiatuko da Jupiter planetarantz eta haren sateliteetarantz. "Marten, CABek zuzentzen dituen tresnetan parte hartzen dugu, atmosferan pilatzen den hautsa aztertzeko, eta tokiko meteorologia ikertuko dituzten tresnekin ere aritzen gara. Jupiterren, berriz, bi tresna lantzen ditugu (MAJIS eta JANUS); orbitatik, irudiak hartuko dituzte Jupiterreko sistemaren eremu ikusgaian eta hurbileko infragorrian", esan du Agustín Sánchez Lavegak.

Rosettak Eguzki Sistemaren osaerari buruzko informazio pribilegiatua ematen du

ESA Europako Espazio Agentziaren Rosetta misioa 2014ko abuztuan ailegatu zen 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara, eta, 2016ko irailaren 30era bitartean, informazio pribilegiatua emango die astronomoei. Aurretik, tresna bat sekula ez da ibili bi urtetik gora orbitaren inguruan, eta inoiz ez da lortu tresna bat gainazalean kokatzea, Philae lurreratze moduluak egin zuen bezala.

Harrigarria da Rosettak zenbat aurkikuntza egin dituen eta aurkikuntza horiek nolako eraginak dituzten Eguzki Sistemaren osaerari eta bilakaerari buruzko ezagutzan. Kasurako, "Rosettak zehaztu ahal izan du zenbat deuterio duten kometako ur molekulek; bada, lurreko ozeanoetako deuterio kopurua halako hiru daukate. Horrek ia-ia bazter uzten du 67P bezala eratu ziren kometak gure uraren aitzindariak izan zirelako ustea", adierazi du Luisa Larak, OSIRIS Rosettaren barneko kamera sistemaren nazioarteko ikertaldeko ikertzaileak.

"Konposizioari dagokionez, emaitza txundigarriena da molekula oxigenoa detektatu dela. Izan ere, molekula hori aurkitzea sekulako ezustekoa izan da, bere erreaktibitate handiagatik bizkor-bizkor desagertzen da eta. 67P kometan aurkitutako oxigeno kopurua aintzat hartuz, esan genezake gure Eguzki Sistema ohi ez bezala bero zegoen izarrarteko hodei batean sortu zela. Beste aukera da 67Pren oxigenoa gure disko protoplanetarioa handitzean sortu izana. Hipotesi hori eta misioaren beste emaitza batzuk kontuan hartuta, Eguzki Sistemaren osaeraren eta bilakaeraren eredu bat proposatu dugu, onarpen handiena duen ereduaren ezaugarri nagusiak eta aurkikuntza berri hauek bateratu nahian", azaldu du Andaluziako Astrofisika Institutuko (IAA-CSIC) zientzialariak.

Emaitza horiek, Luisa Lararen hitzetan, zientzialariek Rosettaren datuetan oinarrituz lortzea espero duten horren "zertzelada bat" baino ez dira. Gogora ekarri behar da Espainiako zenbait erakundek parte hartu dutela misioan, Andaluziako Astrofisika Institutuak (IAA-CSIC) eta Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionalak (INTA) besteak beste, eta bi zientzia tresna garatzen esku hartu dutela: OSIRIS kamerak eta GIADA hauts detektagailua. Oraintxe bertan, bi zentroetako hainbat ikertzaile tresna horiek bildutako datuak aztertu eta interpretatzeko lanetan dabiltza.

Bihar, Cervantes izarrari buruzko hitzaldi publikoa

Bihar, ostirala, SEAren XII. Zientzia Bileraren harira antolatu diren ekitaldi publikoetan azkena egingo da. Hain zuzen ere, Javier Gorgas Espainiako Astronomia Elkarteko buruak Cervantes izarrari eta haren exoplanetei buruzko hitzaldia emango du; duela gutxi jarri diote Cervantes izena planeta sistema horri, Nazioarteko Astronomia Elkarteak antolatutako sareko bozketa baten bidez. Hitzaldia hilaren 22an izango da, ostiralean, 19:00etan, Bidebarrieta Liburutegian (Bidebarrieta kalea, 4). Sarrera doakoa izango da, leku kopurua bete arte.