Eduki publikatzailea

Marcello Saija, Esteban Anchustegui eta Joseba Agirreazkuenaga, 'Autogoverno e autonomía' liburuaren egileak

«Europa politikoak mendeetako ikuspegia du; ez zen II. Mundu Gerraren osteko hitzarmen batetik sortu»

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/23

Irudia
Joseba Agirreazkuenaga, Marcello Saija eta Esteban Anchustegui

Euskal Herria eta Sizilia, bi eskualdeak Europan daude; hori kenduta, ordea, badirudi gainerakoan ez direla oso antzekoak. Haatik, hain zuzen ere Europakoak direlako garatu dituzte antzeko elementu ugari dituzten historia, erakundeak eta antolamendu politikoa. Gainera, eskualde biek autogobernua dute, eta eskumen esklusibo garrantzitsuak. Berriki aurkeztutako 'Autogoverno e autonomía. Baschi e italiani a confronto' liburuak bi errealitate horiek arakatzen ditu, hau da, autogobernua eratzeko bi modu kontrajarriren argi-ilunak.

UPV/EHUko Biography and Parlament ikertaldeko Filosofia Politikoko irakasle Esteban Anchusteguik eta Historian katedradun Joseba Agirreazkuenagak,biak Biography and Parlament ikertaldeko kideak, eta Universitá degli Studi di Palermoko Zientzia Politikaren eta Nazioarteko Harremanen arloko ikertzaile Marcello Saijak, elkarrizketa horretan, azaldu dute eskualdeen autogobernu esperientziak ez direla salbuespena Europan, araubidea baizik. Erakunde horiek, gainera, "indartu" egiten dute europar izatearen kontzientzia. "Balioa eman nahi diogu euren burua gobernatzen duten eskualde horien autogobernuari, non herritarrek politikak, kudeaketa eta abar kontrolatzen baitituzte. Eskualdeok parlamentuko ordezkarien bidez gauzatzen dituzte herritarren eskubideak, eta hurbiltasunetik europar izatearen kontzientzia dute".

Euskal Herriko autonomiaren eta Siziliakoaren arteko desberdintasunak zeintzuk dira?

Marcello Saija: Siziliako autonomiak 70 urte bete ditu 2016an. Eta autonomia horren inguruko analisia egin behar da, errukirik gabe. Siziliak eskumen esklusiboak ditu paper gainean (besteak beste, zergen arlokoa, nekazaritzakoa, turismokoa, osasunekoa...), Italiako gainerako eskualdeek ez bezalakoak. Eskumen esklusiboak ditugu, bai, baina ez ditugu aplikatzen. Agintariek, kasurako, nahiago izan dute zerga eskumenik ez aplikatu. Administrazioaren inguruko ustelkeriaren zama gobernu zentralak ordaindu behar du, nahiz eta kudeaketaren ardurarik ez duen; horrela, tokian tokiko politikariek ez dute zertan erantzukizunik hartu. Tamalgarriena da, ordea, Italiako eskualderik pobreena garela, baliabideetan aberatsak izan arren. Azken batean, tokian tokiko politikarientzat, erosoagoa izan da –eta da– esatea Siziliaren gaitzak Erromaren errua direla. Ildo horretatik, auzi asko argitu ahal izan ditugu Siziliako autonomia Euskal Herrikoarekin alderatuta. Izan ere, ohartu ginen guk arazo kultural bat genuela; hots, euskaldunek interes orokorraren onerako baliatzen dute autogobernua, eta siziliarrok, berriz, botere taldeei pribilegioak emateko erabiltzen dugu, gutxi batzuen intereserako.

Esteban Anchustegui: Funtsean, adierazten du Siziliako autonomiaren 70 urteek gehiago balio izan dutela Erromaren eta politikari siziliarren artean bezero harreman handiagoa ezartzeko, kudeaketaren erantzukizunean oinarrituz herritarrekin gehiago lan egiteko baino. Kontrara, ikusi dute guk, euskaldunok, gure eskumen guztiak hartu ditugula geure gain (eta gainera handitu nahi ditugula), kudeaketaren erantzule garela, onerako edo txarrerako. Zerga autonomia da horren adibide: zerga gehiago biltzen badugu, diru gehiago izango dugu zerbitzu publikoak kudeatzeko. Eta hori ez badugu behar bezala egiten, geu izango gara arriskuaren erantzule. Marcello Saijak bere buruari galdetzen dio gai izango ote liratekeen alde bakarreko arrisku hori euren gain hartzeko, edo nahiago duten kexatzea eta esatea Erroma edo ‘iparralde' aberatsa direla gaizki tratatzen dituena.

Autonomia = autogobernua?

Joseba Agirreazkuenaga: Liburuak egile bien ekarpenak jasotzen ditu, eta, horrez gain, aurrez aurre jartzen ditu autonomiaren eta autogobernuaren kontzeptuak. Badirudi gauza bera esan nahi dutela, baina, analisi politikoari dagokionez, kontzeptu desberdinak dira: autonomia, hain zuzen, norbaitek emandako zerbait bezala ulertu daiteke; autogobernuak, bestalde, esan nahi du norbaitek erantzukizun osoz hartzen duela bere gain gauza publikoen kudeaketa.

Marcello Saija: Erdi Aroko legelariek desberdindu egiten zituzten bi kontzeptuak. Haientzat, autogobernua bere burua gobernatzea erabaki duen herriari dagokio berez, eta autonomia, berriz, ordezkaritza bati.

Autogobernua duten eskualdeak bat al datoz Europarekin?

Esteban Anchustegui: Orain, Europaz hitz egitean iparralde aberatsaren eta hegoalde pobrearen arteko desberdintasunak, Brexit-a eta halakoen arrazoiak aztertzen diren honetan, Europako eskualdeen garrantzia nabarmendu beharra daukagu. Estatuen Europa alde batera utzi, eta eskualdeen Europa eskatu behar dugu gure biltzarretan, lanetan, masterretan… Ez badugu eskualdeen Europa bat osatzen, aberatsen eta pobreen artean zatituriko Europa egiteko arriskua izango dugu, estatu bakoitza bere erara lehiatzearen fruitua dena. Badago eskualdeei edo nazioei balioa ematean oinarritzen den europar nortasun bat: identitateek eta ordezkaritzek ordezkaturiko Europa, eskualdeek ordezkaturiko Europa. Balioa eman nahi diogu euren burua gobernatzen duten eskualde horien autogobernuari, non herritarrek politikak, kudeaketa eta abar kontrolatzen baitituzte. Eskualdeok parlamentuko ordezkarien bidez gauzatzen dituzte herritarren eskubideak, eta hurbiltasunetik europar izatearen kontzientzia dute. Akademiak zenbat eta gehiago ezagutu errealitateak, orduan eta gehiago indartuko dugu europar izatearen kontzientzia hori.

Joseba Agirreazkuenaga: Ahalmen legegileak dituzten europar eskualdeak CALREn ordezkatuta daude (Europako Batasuneko Eskualdeko Batzar Legegileen Konferentzia, ingelesezko siglen arabera: Conference of the Regional Legislative Assemblies of the European Union). Ez da desideratum bat; aitzitik, Europako errealitate bat da, non oraintxe bertan eskualdeko batzarretako 74 kide baitaude ordezkatuta (Europako Batasuneko 8 estatuetako kideak, Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Italia, Portugal eta Erresuma Batua, hurrenez hurren). Era berean, Europan eskumen legegileak dituzten 70 parlamentu baino gehiago daudela kontuan hartuta, Europaren mapa aldatu egiten da pixka bat. Akademikooi dagokigu errealitate horiek elkarrekin alderatzea, eta, hau bezalako lanei esker, Europa politikoaren gaineko irismen handiko ikuspegia lor dezakegu. Europa politikoak mendeetako ikuspegia du; ez da gurekin batera sortu, ez da II. Mundu Gerraren osteko hitzarmen batetik sortu --1957ko Erromako tratatua balioetsi egin behar da, hori bai, hobeto baita elkarlanean aritu guda egiten baino--. Zientzialari politikoek, eta are gehiago politikariek, uste dute europar proiektua egoeraren araberakoa dela; hau da, dena denbora tarte labur batera mugatzen dute. Guk, akademikook, irismen eta gogoeta handiko ikuspegiak txertatu behar ditugu, eta Behe Erdi Aroko, aro garaikideko eta beste hainbat sasoitako pentsaera politikoak aztertu.

Marcello Saija: Estatuen Europa hau berriz antolatu behar da. Izan ere, europarrek ez diote baliorik ematen, eta demokrazia defizita du. Horregatik, herrien nortasuna aldarrikatu eta eskualdeen zeregina indartzen badu besterik ezingo du aurrera egin.

 

Marcello Saijak, Esteban Anchusteguik eta Joseba Azkuenagak (ICHRPI-ko presidentea [International Commission for the History of Representative and Parliamentary Institutions], 1936an sortua), joan den apirilean, El autogobierno y la autonomía en la representación política de los Estados de Europa" izeneko workshopa egin zuten Palermon, Universitá degli Studi di Palermoko Politika Zientziaren eta Nazioarteko Harremanen Sailarekin eta Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitateko Biography & Parliament Research Group ikertaldearekin batera. Jardunaldian, autonomiaren eta autogobernuaren arteko desberdintasunez hitz egin zuten, haien ibilbide historikoa eta Europako estatuetako autonomiak aztertuta. Esperientzia horrexetatik eta han emandako hitzaldietatik sortu zen Autogoverno e autonomía liburua.

Lan hori, halaber, UPV/EHUk eta Universitá degli Studi di Palermok elkarrekin sinaturiko hitzarmenaren lehen emaitzetako bat da. Gainera, lankidetza horrek bide emango du ikasle eta irakasleek trukea egiteko, master arteko proiektuak lantzeko, doktorego programak abiatzeko... Asmoa da gai horien gaineko sentsibilizazioa handitzea eta Europako zenbait tokitan autogobernua ezartzearen alde lan egingo duen elite bat sortzea.

Autogoverno e autonomía liburuaren egileak: Baschi e siciliani a confronto: Saija, Marcelo; Anchustegui Igartua, Esteban; Armao, Gaetano; Agirreazkuenaga; Erkoreka, Mikel; Urquijo, Mikel; Belaustegui, Unai; Onaindia Martínez, Aritz; Giurintano, Claudia; Muscolino, Salvatore; Cordaro, Federica; Corselli, Manlio; Riolo, Claudio; Saija, Francesco.