Eduki publikatzailea

Itsas Ingurumena eta Baliabideak masterra, martxan

24 herrialdetako 35 ikaslek ozeanoetako poluzioa eta osasuna, aldaketa klimatikoa, arrantza-tokiak eta itsas bioteknologia ikasiko dituzte, besteak beste

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/30

Irudia

Itsas Ingurumena eta Baliabideei buruzko Erasmus Mundus europar masterraren 11. edizioa UPV/EHUn abiatuko da Research in Marine Environment and Resources (RiMER 2017) nazioarteko ikastaroaren lehenengo moduluarekin, urtarrilaren 30ean Donostiako Aquariumen inauguratuko baita (urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra) UPV/EHUk, AZTI-Tecnaliak eta Gipuzkoako Ozeanografia Fundazioak antolatuta. RiMER 2017 ikastaroan parte hartuko duten 35 ikasleak bost kontinenteetatik datoz.

Lehenengo modulu honetako 5 egunetan zehar, izen handiko 23 zientzialari eta ikertzailek ikasleen interesa biziberrituko dute alga kaltegarriak, espezie indabitzaileak, aldaketa klimatikoa, arrantzarako teknologia, arrantza baliabideak eta itsas biodibertsitatea bezalako gai ezberdinetan. Ostiraleko saioan tesi proiektuak aurkeztuko dituzte UPV/EHUren Itsas Ingurumen eta Baliabideei buruzko doktorego programako doktoregaiek, MER partzuergoaren barruan arlo honetan burutu diren azken ikerketen berri emanik.

RiMER 2017 bigarren modulu batez osatuko da Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) ekainaren 19an hasi eta 23an bukatuta, UPV/EHUren ikastegi honetan irakasten den masterreko hezkuntza programaren bigarren seihilekoari amaiera jarriko dion jarduera gisa, Itsas Ingurumena eta Baliabideei buruzko Erasmus Mundus masterrak bertan baitu egoitza, UPV/EHU koordinatzaile arituta (www.merconsortium.eu). Bigarren modulu honetan, aztertuko diren gaiak itsasertzaren gestioa, ozeanoen osasuna eta itsas bioteknologia izango dira, mundu osotik etorritako 24 ikertzailek irakatsita. Erasmus Mundus masterra Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen ikergunean (Plentziako Itsas Estazioa; PiE-UPV/EHU)

Otsailaren 6tik aurrera, ikasle horietako 30ek ikasketetan aurrera egingo dute 2018. urte amaieran masterreko titulu bateratua Southampton, Bordele, Lieja eta UPV/EHU unibertsitateek emana, Erasmus Mundus europar labela izanik. Ikasketak irailean hasi ziren Bordele edo Southampton-en, bertan ozeanografia eta itsas ingurumenerako hezkuntza orokorra irakasteko lehenengo seihilekoa amaitu dutelarik.

Orain UPV/EHUra etorriko dira, uztailera arte alderdi espezifikoagoei buruzko hezkuntza jaso, bereziki biologiari lotuak, bai PiE-UPV/EHUn, nola Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta AZTI-Tecnalian. Horrela, prest egongo dira masterreko hirugarren seihilekoan zehar Southampton edo Liejan egingo dituzten espezializazio ikasketak egiteko. Gerora, nork bere ikerlana egin beharko du 5-6 hilabetetan munduko edozein tokitan, MER partzuergoko irakasleek edo partzuergoarekin lankidetzan diharduten mundu osoko herrialde eta erakundeetako ikertzaile adituek gainbegiratuta. 2006 urtean hasi zenetik, 250 ikaslek baino gehiago, 50 herrialde baino gehiagoetatik etorrita, egin dute master hau. Orain, 2022 arteko jarraipena prestatzen ari gara, Erasmus+ master moduan.