Eduki publikatzailea

Maria Victoria Sánchez-Vives, Neurozientzietako doktorea

«Oso urrun gaude Matrixen errealitatetik»

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/24

Irudia
Maria Victoria Sánchez-Vives Neurozientzietako doktorea. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

María Victoria (Mavi) Sánchez-Vives Neurozientzietan doktorea da, eta gaur egun ICREAko ikerketa irakasle aritzen da August Pi i Sunyer Ikerketa Biomedikoen Institutuan (IDIBAPS). Sistemen Neurozientziako ikerketa taldearen arduraduna da han. EventLABeko zuzendarikide ere bada (Mel Slater errealitate birtualaren ikertzailearekin batera lan egiten du han), eta 2013. urteaz geroztik baita Frontiers in Systems Neuroscience aldizkariko editore burua ere.

Egunotan, Euskadira etorri da Achucarro Basque Center for Neurosciences-ek antolatutako ‘Realidad virtual y cerebro' hitzaldia ematera, eta teknologia horren azken aurrerapenei buruz hitz egin dugu harekin.

Zer lan ari zarete egiten errealitate birtualaren eta garunaren  arlo honetan?
Prozesuak ulertzeko abiapuntutzat dugu errealitate birtuala; inguru osoa kontrolatzeko tresna bat ematen digu ikertzaileoi: ikusmenari, entzumenari, ukimenari eta abarri dagokien informazioa. Izan ere, esperimentatzaileak erabat kontrolatzen du murgiltze ingurune birtual hori, eta, hala, garunak ematen digun informazioa azter dezakegu guk.

Neurozientziaren aplikazioak erabiltzen ditugu, adibidez. Tresna horien bitartez, hobeto uler dezakegu gure garunak nola irudikatzen duen gure gorputza. Horretarako, gorputz birtual bat sortzen dugu, eta pertsonak bere gorputz gisa senti dezan lortzen dugu. Horrela, zehaztu egin dezakegu irudikapena zenbateraino den egonkorra, plastikoa edo aldagarria eta gorputzaren zein aldaketa mota onartzen duen garunak arazorik gabe eta zein ez. Ikerketa hauei esker, gorputz birtualak garunaren jardueraren bitartez kontrolatzeko aplikazioak sor daitezke, baita errealitate birtuala errehabilitazio prozesuetan edo patologiako tratamenduetan erabiltzeko aplikazioak ere.

Ikerketa horietako batek aztergai izan du nola gure garunak bere gorputzeko ataltzat jo dezakeen errealitatearekin antzik ez duen gorputz adar bat. Egia al da?
Asko aztertu dugu alor hori. Esperimentu horretan, beso birtual bat luzatu genuen, eta ikusi genuen zenbateraino zen posible atal hori norberarena zela sentitzea, nahiz eta ohi baino luzeagoa izan edo, are, benetako besoa baino askoz ere luzeagoa izan. Ikusi genuen baietz, besoa hiru bider luzatuta ere posible zela zeure besoa delako sentsazioa izatea. Azterlanean erabilitako maniobra batean beso birtual hori lesionatzen saiatu ginen, eta egiaztatu genuen gizabanakoak, erantzun gisa, gorputz adarra kentzeko agindua ematen duela. Estres erantzun hori besoa zurea dela pentsatzen baduzu baino ez da ematen.

«Errealitate birtuala arlo guztietan aplika daiteke; esate baterako, hezkuntzan. Hala ere, ez horrenbeste haurrengan»

Zein izan daitezke errealitate birtualaren aplikaziorik azpimarragarrienak?
Errealitate birtuala arlo guztietan aplika daiteke; esate baterako, hezkuntzan. Hala ere, ez horrenbeste haurrengan (izan ere, azkarren merkaturatuko diren errealitate birtualeko gailuak 13 urtetik gorakoentzat dira), baizik eta ikaskuntzan, oro har. Etorkizunean, ohikoa izango da murgiltze handiagoko inguruneak edukitzea eta zurea ez den errealitate bat modu zuzenagoan ezagutzeko aukera izatea: berreraikitze historiko baten bidez garai bateko Erromara lekualdatzea, edo hegazkinak pilotatzeko eta larrialdi egoeretan erreakzionatzeko jardueretan entrenatzeko erabiltzea… Errealitate birtualak ohikoak ez diren arrisku eta larrialdi egoerei aurre egiteko aukera ematen du. Horrela, agian bizitzan behin gerta daitezkeen egoera garrantzitsuei aurre egiten ikas dezakezu. Ikerketan ere erabiliko dugu. Medikuntzan, adibidez, aski erabili da prozedura kirurgiko bat egiten ikasteko, baita osasun larrialdiei edo osasun arloan gutxitan gerta daitezkeen kasuei aurre egiteko ere.

Zein egoeratan daude orain aurrerapen horiek guztiak?
Jende ugarik ekin dio horrelako gauzak lantzeari. Oraingoz, eskaintza ez da oso zabala, nahiko berria baita, baina pixkanaka joango gara errealitate birtuala gure bizitzetan sartzen eta erabiltzen, ia-ia igarri ere egin gabe. Horixe gertatu zen sakelako telefonoekin ere: lehenbizi sakelakoak gure bizitzetan sartu genituen, gero telefono adimendunak, eta, orain, ezin gara horiek gabe bizi.

«Teknologia honetan sakelako telefonoekin baino gehiago murgiltzen garenez, erakarpen edo bakantze handiagoa sor dezake»

Nola eragingo digute aldaketa horiek guztiek?
Hemendik aurrera, errealitate birtuala gero eta gehiago erabiliko da etxean, ziur asko, eta gero eta ohikoago bihurtuko da. Egia da errealitate birtuala lehendik ere bazegoela eta alor hau 30 urtean aztertu izan dela, baina ekipamendua oso garestia eta astuna zen, eta ikerketa laborategietan baino ez zen erabiltzen. Orain agertu dira, lehen aldiz, gailu merkeak eta oso arinak… Hortaz, erabilera orokortu egingo da, eta masiboki ikusiko ditugu seguru asko entretenimenduaren arloan, baina baita beste arlo askotan ere. Erabilera oso positiboa izan dezakete, baina, egia da,  teknologia honetan beste gailu batzuekin (esate baterako, sakelako telefonoekin) baino gehiago murgiltzen garenez, erakarpen edo bakantze handiagoa sor dezake. Ikusi egin beharko dugu zenbateko arazoa ekar dezakeen, eta arazo horrekin nola jokatu.

Zein muga ditu errealitate birtualak? Ba al du egin ezin daitekeen zerbait?
Mugetako bat ukimena da, ukimenezko informazioa. Hau da, urpeko inguru birtual batean bazaude, ikusmenari dagokion informazio oso zehatza lor daiteke, eta soinua ere oso zehatza eta iradokitzailea izan daiteke; hala ere, ez duzu uraren sentsazioa nabarituko, ezingo duzu ura ukitu. Sukaldaritza birtualeko ikastaro bat egiten ari bazara, ezingo duzu bitsadera edo zartagina ukitu; zure eskuaren irudikapen bat izango duzu, eta arrautza bat hartu eta zartaginera bota ahal izango duzu, baina ezingo duzu ezer ukitu.

Hortaz, Matrixen errealitatea bezalakoak posible dira horrelako teknologia aurreratuen bitartez?
Oso-oso-oso urrun gaude Matrixetik. Gure belaunaldiek ez dugu Matrix bezalako unibertsorik ikusiko. Are gehiago, nik uste dut ez dela halakorik sortuko; izan ere, erabat murgilarazten zaituen errealitate birtual bat existitzen den arren eta bertan inguratzen zaituen guztia –hau da, entzumen eta ikusmenaren 360 graduak– errealitate birtual izan daitezkeen arren, inor ezin da munduan horrela mugitu; gela batean zaude, eserita edo zutik, eta guztiarekin egingo zenuke tupust. Errealitate areagotua, adibidez, ohikoagoa izango da. Errealitate areagotuak mundu errealari buruzko informazio birtuala ematen dizu betaurreko edo proiekzio batzuen bitartez, baina errealitate hori ez da hain bakartzailea. Biak garatuko dira, bai murgilarazten zaituen errealitate birtuala, bai areagotua, baina Matrixek beste osagai bat du: garunaren eta errealitate birtualaren arteko interfaze zuzena, zeinetan gorputza erabat erabilgaitz gelditzen baiten. Hori ez da datozen hamarkadetan gertatuko.