Eduki publikatzailea

Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/16

Gaur goizean, 10:30ak inguruan, hamar bat kaputxadun sartu dira Arabako Campuseko Letren Fakultatean eta hainbat kalte egin dituzte (kamerak hautsi, ate nagusietako baten kristala apurtu eta fakultateko ahots eta datu sarea hondatu, horrela fakultatea tarte batez inkomunikatuta utziz), eta izutu dituzte bertan zeuden langileak eta ikasleak.

Azken asteotan behin eta berriz gertatu den egoera honen aurrean, eta langileen eta ikasleen segurtasun fisikoa babestu nahian, UPV/EHUk Ertzaintzari deitu dio. Ertzainek zenbait lokal miatu dituzte, ikasle talde batek kudeatutako ikasgela batetik zenbait material konfiskatu dute (pankartak, pintura eta material piroteknikoa) eta egindako kalteen atestatua egin dute.

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoregoak berriz ere gaitzesten ditu ekintza hauek, elkarbizitza eta eguneroko lana asaldatzen baitituzte, eta bere elkartasuna adierazten die izutuak izan diren langile eta ikasleei. Unibertsitateko kolektibo guztiek argi eta garbi adierazi dutenez, unibertsitatekideok arbuiatu egiten ditugu halako jokabideak. Sumindu egiten gaituzte, eta aldi berean akuilatu ere bai, gure erakundearen pluraltasun, irekitasun eta bakezaletasuna irmo defendatzen jarraitzeko.

UPV/EHUk berriz ere adierazten du gure erakundea osatzen dugun milaka unibertsitatekideok eskubidea dugula askatasunez eta beldur barik jarduteko irakaskuntzan, ikerketan eta kudeaketan. Aldi berean, gogorarazi nahi du unibertsitatean era guztietako aldarrikapenak eta proposamenak egiteko tokia dagoela, betiere, bertako kide guztien eskubideak errespetatzen badira.

Errektorego taldeak irmo arbuiatzen ditu errepikatzen ari diren euskal unibertsitate publikoaren aurkako eraso hauek eta unibertsitateko kide guztiei dei egiten die kontzentrazioa egitera bihar, martxoak 17 (ostirala), eguerdiko 12:00etan, Arabako Campuseko Letren Fakultatean.