Eduki publikatzailea

Iñigo Urrutia irakaslea UPV/EHUko Aldezle hautatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2017/05/23

Irudia

Iñigo Urrutia Libarona UPV/EHUko Aldezle berria da. Gaur ospatutako Klaustroaren ezohiko bileran Aldezlea hautatzeko botazioa egin da, eta emaitza hauxe izan da: 108 aldeko boto, 13 zuri eta 3 abstentzio. Urrutia UPV/EHUko bigarren Aldezlea izango da. Karguan Oinarrizko Psikologiako Katedradun Itziar Etxebarria ordezkatuko du. Lehenengo Aldezle hori 2011ko abenduaren 15ean egindako bileran aukeratu zuen Klaustroak.

Aldezlea UPV/EHUko erakunde bat da, eginkizuntzat duena unibertsitateko kideen eskubideak eta askatasunak babestea, eta unibertsitateko organo eta zerbitzuekin izan ditzaketen arazoak eta gorabeherak konpontzea. Era berean, unibertsitate-kideen arteko auzietarako artekaritza egiteko instantzia ere bada. UPV/EHUren Estatutuek ezartzen dutenez, Gobernu Kontseiluak proposatu zuen, pasa den maiatzaren 11n, gehiengo osoz, Iñigo Urrutia Aldezle izateko hautagaitzat, Klaustroak aukera zezan. Agintaldia bost urtekoa izango da, eta berriro aukeratu ahal izango da. Aukeratua izateko, beharrezkoa da Klaustroko bileran dauden kideen bi herenek aldeko botoa ematea.

Iñigo Urrutia Libarona (Maruri-Jatabe, 1966) Zuzenbideko doktorea da, eta Administrazio Zuzenbideko irakasle agregatua UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Bere ibilbidean sakon aztertu ditu pertsonen eskubideak, baita eskubideon babesa, bermea eta garapena ere, eta oso ondo ezagutzen ditu administrazioaren jardunbidea eta prozedurak, bereziki, diskrezionalitatea kontrolatzeko bideak eta administrazioaren jardunaren legezkotasuna. Gestio karguak izan ditu unibertsitatean, eta, besteak beste, Bizkaiko Campuseko idazkaria izan da (2011-2017). Hain bat artikulu zientifiko idatzi ditu administrazio zuzenbidearen eta oinarrizko eskubideen inguruan, arreta berezia jarrita hezkuntzarako oinarrizko eskubideari, hizkuntza eskubideei eta gutxiengoen eskubideei, baita ekonomiako esku hartze publikoaren eta bioteknologia eta ingurumen zuzenbidearen inguruan ere. Hogeita bat libururen eta 56 kapituluren egile, egilekide edo editorea izan da.