Eduki publikatzailea

Baraja Miradas

Arte proiektu honek karta sorta bat diseinatu du, Haur eta Lehen Hezkuntzan erabiltzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/06/22

Irudia

40 artista eta irudigileren kolektibo batek karta sorta sortu du; sorta hori tresna didaktiko gisa erabili ahalko da Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetako umeen hezkuntzan. Fournier-ek editatutako karta sortaren diseinuan, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko eta Irakasleen Eskolako ikasle eta irakasleek parte hartu dute.

‘Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala Haur eta Lehen Hezkuntzan: Eskolaz kanpoko zein barneko bitartekaritza kritikoa' Nazioarteko IV. Kongresua Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Granadako Unibertsitateak antolatzen dute eta Gipuzkoako hiriburuko Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan izango da, ekainaren 29tik uztailaren 1era. Kongresuaren esparruan sartzen da ‘Baraja Miradas' proposamena. Hori da arte proiektu kolektibo baten izena; bertan, 40 artistak eta irudigilek parte hartzen dute, karta sortaren diseinuan. Parte hartzaileetako batzuk UPV/EHUKO Arte Ederren Fakultateko eta hiru campusetako Irakasleen Eskoletako ikasle eta irakasleak dira. Karta sorta Fournierrek editatu du eta Haur eta Lehen Hezkuntzako erabilera didaktikorako asmatu du talde editore batek; talde horretan UPV/EHUko irakasle zentroetako eta Granadako Unibertsitateko irakasleak daude.

Karta sortaren helburua da egunerokotasunaren ñabardurei erreparatzea eta, horretarako, "Michel de Certeauk ‘Egunerokotasunaren asmaketa'n planteatzen duen bezala, ohiko bizitza antzemateko, hari behatzeko eta hura kontatzeko beste modu bat bilatzea, diziplinaren eta pasibotasunaren mende dagoen begirada tradizionala gaindituz", azaldu du Miriam Peña Zabalak, proiektuaren arduradunak eta UPV/EHUko Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpenaren Didaktika Saileko irakasleak. Karta sortaren bidez, egunerokotasunari behatu nahi zaio, bere xehetasunak ezagutzeko, berezitasunak, ñabardurak, bitxikeriak, edertasuna, poetika".

Horretarako, jolasa proposatzen da. Karten atzealdean Magumak diseinatutako ikono baten irudia ikusten da, zooma balitz bezala, egunerokotasunaren "mikro" begirada dakarrena; Maguma irudigile espainiarra da, eta proiektu honetan parte hartu du. Ikono hori berrogei egile parte hartzaileek irudikatu eta interpretatu dute. Egile horiek ikonoa karta bakoitzaren gainaldean sartu dute eta, horrela, berrogei "makro" begirada erakusten dituzte, testuinguru zabalago batean; bertan, ikonoa testuinguru konplexuagoan eta osoagoan ageri da irudikatuta.

Kartak bi dimentsiotan erabiltzea proposatzen da. Alde batetik, horien gainaldea libreki erabiltzea, istorioen, interpretazioen eta identifikatzaileen eragile gisa. Karta horien ausazko erabilerak eta sekuentzialak eta horren ondorioz egiten den irudikapenen irakurketak eta interpretazioak potentzialtasunez beteriko narrazio zentzua ematen diete. Bestetik, konexioak ezartzen dira kartaren bi aldeen artean. "Zer dago kartaren atzealdean" galderaren bidez, umea jolas daiteke kartaren atzealdeko "mikro" begiradaren eta karta bakoitzaren gainaldeko "makro" begiradaren arteko harremanak asmatzera eta ezagutzera.

Kongresua eta erakusketa

‘Artea, Ilustrazioa eta Kultura Bisuala Haur eta Lehen Hezkuntzan: Eskolaz kanpoko zein barneko bitartekaritza kritikoa' Nazioarteko Kongresuaren helburua da topagunea sortzea eta, bertan, hainbat diziplinatako adituek –hezitzaileak, arte espezialistak eta arte hezkuntzako espezialistak, irudien munduen eta kultura bisualaren analisiko espezialistak, diseinuaren eremuko profesionalak, irudigintzako, literaturako eta umearen identitatearen eraikuntzako profesionalak– irudien eta haurren munduarekin lotutako ezagutzak eta esperientziak elkarrekin trukatzea. Zehazki, edizio honen bidez, haurrek arteen ingurunearen eta kultura bisualaren gaineko arreta handiagoa izateak (eta alderantziz) dakarren hezkuntza bitartekaritzari buruzko alderdiak aztertu nahi dira.

Gainera, Kongresuan, bi tailer eskainiko dira. Lehenengoa, karta sortak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasgeletan izan ditzakeen erabilerekin lotuta, eta, bigarrena, Magumak emanikoa, ikasgelan erabilera errazekoak diren formatu eta estanpazio teknikei buruzkoa.

Halaber, ‘Maguma eta 40 begirada' izeneko erakusketa ere antolatu da, Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzailearen txokoan. Bertan, ekainaren 28tik irailaren 17ra bitartean, egunerokotasunaren 40 begirada horiek ikusi ahalko dira, ‘Baraja Miradas' kartetan irudikatutakoak. Erakusketa, Magumaren obrarekin batera egongo da; bertan, lehen aldiz erakutsiko da ‘God of Money' bere azken liburuko piezen sormen prozesua.