Eduki publikatzailea

6.000 pertsonak hartu dute parte Bizkaia Zientzia Plazako jardueretan

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/26

Irudia

Zientziak jendetza mugitzen du. Bizkaia Zientzia Plazaren (BZP) lehenengo edizioa, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako zientzia-dibulgazioko jaialdia irailak 24an bukatu zen, hamar egun luzez etengabe jardun ondoren. Azokak 6000 bisitari hartu ditu, eta erreferente bihurtu da dibulgazio zientifikoaren arloan.

Bere lehenengo urtean, BZPk, zeina irailaren 14 eta 24 bitartean izan den Bilboko Euskalduna Jauregian, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, eta lurralde historikoaren hainbat udalerritan, zazpi ekitaldiz egon da osatuta. Haietan, hainbat formatu eta erregistrotan (hitzaldiak, ikuskizunak, tailerrak eta haurrentzako jarduerak) aztertu da zientzia jarduera.

"10 egunetan zehar, Bizkaia epizentroa bihurtu dugu beste inon egin ez den ekitaldi honi esker", azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari den Juan Ignacio Pérezek.

"Bizkaia Zientzia Plazan garatu diren ekintzek aurrerapausu handia dakarte zientziaren dibulgazioan. Gainera, hizlari zein ekimenen mailak lurralde historikoa zientzia ezagutzaren punta-puntan jarri dute, eta hau, giltzarri izango da Bizkaiko etorkizunean lehentasunezko sektoreak izango direnak indartzeko", azpimarratu du Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiko zuzendariak.

Naukas Bilbao, harrapatzen zaituen zientzia

BZPren lehenengo edizioak Naukas Bilbao sendotu du Espainia mailako dibulgazio zientifikoko erreferente gisa. Ekitaldiak agertoki apartera igarotzeko erronkarekin, Bilboko Euskalduna Jauregiko Auditoriora hain zuzen ere, eman zion hasiera aurtengo edizioari. VII. edizioak 2000 pertsona bildu ditu ondoz ondorengo bi saioetan, hau da, aurreko urteetako Naukas Bilbaora hurbildu zirenen kopurua hirukoiztu da aurten.

Haur eta gazteek zientziaz gozatzen dute

Haur eta gazteei zuzendutako jarduerak ere garrantzitsuak izan dira BZPn. Irailak 17an, 800 pertsonak hartu zuten parte Naukas Kids eta Scenio esparruaren barruan programatutako tailer eta ikuskizunetan. Goizean, Euskalduna Jauregiko instalazioetan jarritako zenbait laborategietan txikienek hainbat kontzeptu ikasi zituzten, itsasontzien flotagarritasuna edo askotariko objekturen dentsitatea esaterako, eta baita euren hatz-marka ateratzen ere.

Aldi berean, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan Scenioren lehenengo edizioa egin zen, sormen handiko zientzia erakusketa, ilustrazio zientifiko, komiki tailer, zientziari loturiko bideo-jokoak edo Youtubeko zuzeneko programa baten bidez.

Zientzia etorkizuneko ogibide gisa

Ia 400 pertsonak eman zuten izena UPV/EHUren Bizkaia aretoan Science+ kongresurako, zeina irailak 18tik 20ra ospatu zen, astelehenetik asteazkenera, zientzia-karreretako ikasleak eta sektoreko profesionalak, zientzia arloan dauden aukera profesional desberdinak erakusteko, Europako testuinguruan gehienbat.

Zientziak eta bertsolaritzak itxi dute BZP

"Jakinduriek mundue erreko dau!"-ren hirugarren edizioak 500 bat bertsolaritza- eta zientzia-zale bildu zituen lau arratsaldez BZPren lehenengo edizioari bukaera emateko. Irailaren 21ean abiatu zen ekimena Ondarroan, eta irailaren 24an bukatu zen Bilbon, Algortatik eta Igorretik igaro ondoren. Robotikan, mikrobiologian edo genetikan adituek puri-purian dauden zientziako gaiak aztertu zituzten Kike Amonarriz aurkezlearen eskutik. Eta Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Sustrai Colina edo Miren Amuriza bertsolari handiek, besteak beste, errima eta umore ona jarri zioten ekitaldiari.

"Formatu oso egokia da zientzia eta bertsolaritza zientzia edo bertsolaritza ongi ezagutu zertan ez duten pertsonei modu dinamiko eta atseginean hurbiltzeko", dio Unai Iturriaga bertsolariak.

BZPren jarduera laburbiltzen duten bideoak hurrengo estekan ikus daitezke.