Eduki publikatzailea

Pertsonentzako lurraldeak

Arkitekturan, Filosofian eta Diseinuan adituak diren lau emakumek diote paisaiak hainbat begiradatan oinarrituta birpentsatu eta landu behar direla, emakumeen eta gizonen beharrak kontuan hartzeko

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/13

Irudia

Zer esan nahi du paisaiaren kudeaketan genero ikuspegitik lan egiteak? Galdera horrexek gidatu du UPV/EHUren Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak Ondarearen Europako 2017ko Jardunaldien harira antolatu duen ekitaldia. Lau ardatz izan dituzte aztergai topaketan: ekofeminismoa; komunitateak hiri politiken diseinuan egiten duen lana; generoa eta garapen iraunkorrerako habitata; eta genero ikuspegian oinarritutako diseinua. Ekitaldia amaitzean, bisitan joan dira Getxoko Punta Begoña Galerietara, nortasun kolektiboaren sorlekura.

Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak antolatutako Jardunaldia baliagarria izan da lurraldea nola antolatzen den hausnartzeko; izan ere, lurraldea antolatzeko orduan, sarritan ez dira aintzat hartzen emakumeen eta gizonen ezaugarriak eta behar espezifikoak. Alde horretatik, Adriana Ciocolettok, Col·lectiu Punt 6 taldeko arkitektoak, adierazi du paisaia genero ikuspegian oinarrituta kudeatuz gero espazioa birpentsa daitekeela pertsonengan zentratzeko.

«Pertsonengan zentratutako hiriak nahi ditugu»

"Kontua ez da emakumeekin eta emakumeentzat lan egitea; kontua da askotariko begiradekin lan egitea, generotik harago jotzea, pertsonok hirigunean eta landagunean ditugun premiei erreparatzeko. Espazioek eguneroko bizimoduaren euskarri izan behar dute, eta, euskarri horretan, zaintzak izan behar du gizarteko ardatza, eta kutsu sexistako zaintzaren kontzeptutik aldendu behar dugu".

Beste begirada bat txertatzea da kontua. Horixe proposatu du Griselda Fleslerrek ere, Buenos Aireseko Diseinu eta Hirigintza Fakultateko Diseinuaren eta Genero Ikasketen arloko espezialistak: "XIX. mendean finkatutako binarismoak hautsi behar dira: natura/kultura, gizona/emakumea, publikoa/pribatua. Naturaltzat hartzen diren arauak dira, baina mugak ezartzen dituzte. Eta, nahiz eta erosoa ez izan, arauok berrikusi behar ditugu, eta hirigintzari dagokionez ere auzitan jarri.

«Naturaltzat dauzkagun arauak hirigintzan ere zalantzan jarri behar ditugu»

Baina ez hori bakarrik; garrantzitsua da, halaber, ‘emakumeak' existitzen ez den plural bat dela azpimarratzea. Emakumeari begiratu egin behar zaio, eta bereizi egin behar da zeharkako beste kontzeptu batzuei dagokienez; adibidez, klase sozialei dagokienez. Ez dago maila berean, esate baterako, beste emakume baten etxera garbiketa lanak egitera joaten den emakumea. Bi emakume oso bestelakoak dira, egoera eta errealitate oso desberdinak dituztenak, eta biak ezin dira aterki beraren babespean jarri".

Bestalde, Amaia Albénizek, UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko arkitektoak, Dunak Taldearen bitartez hirigintzaren eta genero ikuspegiaren alorreko udal aholkulari gisa izan duen esperientzia azaldu du. Albénizek lurralde antolamenduaren ikuspegitik aztertzen du paisaia, bertan bizi diren pertsonen bizitzaren eta memoriaren kontakizuna balitz bezala. "Paisaia leku eta harreman ikusezinen kontakizuna da. Eguneroko bizimoduak protagonismoa hartzen du, eta lekuak jendeak topo egiteko eta lurraldearekin eta naturarekin harremanetan sartzeko espazioa dira.

«Eguneroko bizimoduarekin duen lotura aintzat hartu gabe eraldatzen dugu paisaia»

Pentsa dezagun garai bateko garbitegietan: han, emakumeek harreman sozialak egiten zituzten, baina garbitegia bera urarekin topo egiteko leku bihurtu zen, lurraldearekin harremanetan egoteko modu bat. Orain, ordea, lurraldearekiko lotura galdu egiten da, eta gure paisaia lotura hori kontuan hartu gabe eraldatzen dugu".

Paisaia, iraunkortasuna eta generoa konektatzea da Angélica Velascok definitu duen ekofeminismoaren helburua. Filosofiako doktorea eta Valladolideko Unibertsitateko Genero Ikasketen Katedrako idazkaria honela mintzatu da: "Ekofeminismoa Griselda Fleslerrek aipatu duen dualismoa apurtzeko beste era bat da.

«Hirigintzak eragina du paisaian, pertsonengan eta izaki bizidun guztiengan»

Gure ustez, eraldaketak ez du gertatu behar soilik pertsonei eta espazioei dagokienez, baizik eta baita naturarekin eta izaki bizidun guztiekin ere. Alde horretatik, garrantzitsua da harreman horiek berriz aztertzea".

Paisaia generoaren arabera eraldatzeari buruz gogoeta egiteko jardunaldi honetan, lau adituak bat etorri dira: arkitektura espazio berriak diseinatuz gero, beste era batera bizi ahal izango gara, harreman berriak eraiki ahal izango ditugu eta esperientzia berriak probatuko ditugu. Azken batean, beste ikuspegi batzuk hartuta, desberdinkeria gaindituko dugu, eta herritar guztien, pertsona guztien bizi kalitatea hobetuko dugu.