Protocolo de actuación de la UPV/EHU ante la activación de la alerta sanitaria por el COVID-19 (SARS-cov-2)

Euskal Herriko Unibertsitateko protokoloa COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaren osasun alertarako

Protokolo hau etengabe eguneratuko da arazoaren eboluzioaren eta informazio berriaren arabera.

1. Helburua

1.1. Protokolo honetan jasotzen dira Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) prestatu dituen neurriak eta jarraibideak COVID-19 (SARS-CoV-2) birusak eragindako osasun alerta dela eta.

1.2. Protokolo hau etengabe eguneratuko da gaixotasunaren eboluzioaren eta informazio berriaren arabera eta agintariek ematen dituzten jarraibideekin bat etorriz.

2. Organo eskudunak

2.1. Errektorea da UPV/EHUko organo eskudun bakarra protokolo honetako neurrien aplikazioa agintzeko, kontuan hartuz betiere osasun agintariek (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Espainiako Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak) eta beste agintari batzuek ematen dituzten jarraibideak..

2.2. Krisi Batzorde bat eratu da errektoreari laguntzeko protokolo honetako neurriak hartzen eta haiei jarraipena egiten. Hauek dira batzordearen osakideak:

  • Errektorea. Bera izango da batzordeko burua.
  • Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa
  • Kimika Fakultateko dekanoa
  • Farmazia Fakultateko dekanoa
  • Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria
  • Bizkaiko Campuseko errektoreordea;
  • Gipuzkoako Campuseko errektoreordea;
  • Arabako Campuseko errektoreordea;
  • Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea;
  • Ikerketaren arloko errektoreordea;
  • Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea;
  • Berrikuntzaren, Gizarte Erantzukizunaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea;
  • Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea;
  • Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea;
  • gerentea;
  • errektorearen kabineteko burua; eta
  • Idazkaritza Nagusiko abokatu aholkularia.

Lantzen diren aztergaien arabera, beste kargudun eta langile batzuei egingo zaie gonbita bileretara joateko.

2.3. UPV/EHUko errektorea edo kasu bakoitzean berak izendatzen duen pertsona izango da UPV/EHUko solaskidea protokolo honetatik sortzen diren neurriei dagokienez, bai unibertsitatearen barruan (unibertsitateko kideekin eta gobernu organoekin) eta bai kanpoan (hedabideekin).

3. Printzipioak

Unibertsitateak hartuko ditu agintari eskudunek kasu bakoitzean gomendatzen dituzten neurriak, honako printzipio eta aurreikuspenen arabera:

  • Men egingo zaie beti osasun agintarien eta larrialdietako agintari eta langileen jarraibideei.
  • Neurriak hartuko eta aplikatuko dira proportzionaltasunaren eta pertsonenganako begirune handienaren printzipioei eutsiz, lehentasuna emanez prebentzio printzipioari.
  • Ahalegina egingo da alarmarik ez sortzeko eta informazio zehatz, bateratu eta gardena emateko, UPV/EHUko webgunean jarritako atal berezi baten bitartez (www.ehu.eus/coronavirus;), zeina etengabe eguneratuko den, eta posta elektronikoko helbide honen bitartez coronavirus@ehu.eus.

4. Unibertsitateko kideen artean COVID-19 (SARS-CoV-2) kasuren bat antzemanez gero egin beharrekoak

4.1. Prebentzio Zerbitzuko osasun arloa izango da solaskidea osasun agintariekin komunikatzeko. Antzemandako kasuen berri emango dio errektoreari eta protokolo honen arabera jokatuko du.

 4.2. Unibertsitateko kideren bat gaixotasunaz kutsatzen bada, edo bakartuta edo berrogeialdian jartzen badute, ahal izanez gero, horren berri eman beharko dio lehenbailehen unibertsitateari, honako helbide elektroniko hauetara idatziz: medikua@ehu.eus.

4.3. Prebentzio Zerbitzuko osasun arlora azaltzen bada pertsonaren bat COVID-19 (SARS-CoV-2) birusaz kutsatuta egon daitekeela susmatzen dena, esango zaio etxera joateko eta jaramon egiteko osasun arloan bertan emango zaizkion jarraibideei, eta horren berri emango zaie lehenbailehen Osasun Sailari eta errektoreari. 

4.4. UPV/EHUk behar diren gestioak egingo ditu Osasun Sailarekin. Gero behar diren gestioak egingo ditu Gizarte Segurantzarekin, mutuarekin edota aseguru etxeekin, hala badagokio, eta kasu bakoitzean bete beharreko prozedura beteko du.

4.5. UPV/EHUn egonaldi bat egiten ari diren ikasleak, AZPko langileak edo IRIak COVID-19 (SARS-CoV-2) birusarekin kutsatzen badira, UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetako Bulegoak haien unibertsitate edo erakundeari jakinaraziko dio, eta laguntza egokia emango zaie pertsona horiei. Betiere, jakitun jarriko da Prebentzio Zerbitzuko osasun arloa.

4.6. Alertak kudeatzeko datu pertsonalak eman behar badira, aplikatu beharreko legeen arabera egingo da, eta horren berri emango zaio UPV/EHUko Datuak Babesteko ordezkariari: dpd@ehu.eus.

5. Osasun alerta indarrean dagoen bitartean hartu beharreko neurriak

COVID-19 (SARS-CoV-2) birusagatik piztutako osasun alerta indarrean dagoen bitartean honako neurri hauek aplikatuko dira:

5.1. AZPkoen eta IRIen joan-etorriak

5.1.1.     Espainiako Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, osasun alerta indarrean dagoen bitartean, UPV/EHUko langileak unibertsitateko lanagatik arrisku eremuetara joan behar badira, eskari arrazoitua aurkeztu beharko dute, saileko zuzendariaren edo nagusiaren onespenarekin, eta ezinbestekoa izango dute errektoreak (edo hark eskuordetza hori ematen dion pertsonak) baimen esplizitu eta idatzia ematea. UPV/EHUko webgunean arrisku eremuei buruzko informazio eguneratua egongo da, osasun agintarien gomendioen arabera.

http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-salud/inicio/

https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/home.htm

5.1.2. Arrisku eremuetan dauden baina bakartuta edo berrogeialdian ez dauden langileek men egin beharko diete dauden herrialdeko osasun agintarien eta dauden erakundeko agintarien gomendioei. UPV/EHUk behar duten laguntza emango die.

5.1.3. Langileen ardura izango da beren joan-etorrietarako behar dituzten baimen administratiboak lortzea eta kasuan kasuko jakinarazpenak egitea. Sailetako zuzendariak ahaleginduko dira beren irakasle-ikertzaileek beren joan-etorri guztien jakinarazpenak egin ditzaten, eta eguneratuta izango dute beren sailetan baimendutako joan-etorri guztien zerrenda, eta haien berri emango diote IRIen arloko Errektoreordetzari helbide elektroniko honen bitartez: infopdi@ehu.eus.

5.1.4. Ikastegietako administratzaileen eta zerbitzuetako buruen ardura izango da unibertsitatetik kanpora, bereziki atzerrira, doazen administrazio eta zerbitzuetako langileen zerrenda egitea eta eguneratuta izatea. Joan-etorrien berri emango diote Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Zerbitzuari helbide elektroniko honen bitartez: infopas@ehu.eus.

5.2. Ikastegietan programatutako jarduerak.

Irakaskuntza-jarduera presentziala eteteko edo instalazioetan unibertsitate-jarduera eteteko agindua jasotzen denean behar bezala jokatze aldera, COVID-19 birusaren osasun alerta indarrean dagoen bitartean, ikastegiek jakinarazi beharko diete campuseko errektoreordetzei ikasketez kanpoko zein jarduera dauzkaten programaturik beren lokaletan.

5.3 UPV/EHUk iragarrita dauzkan lehiaketek indarrean jarraituko dute aurreikusitako egutegiaren arabera. Bide telematikoz egiten direnak ere baliodunak izango dira –eta, izan ere, modalitate horri emango zaio lehentasuna–, eta modu  birtualean bertaratutako kideak kontuan hartuko dira quorumerako. Hori guztia bat dator 40/2015 Legearen 17. artikuluarekin, non arautzen diren kide anitzeko organoen urrutiko deialdiak eta bilerak.

Ikastegiek horretarako behar diren laguntza eta baliabide teknikoak jarri beharko dituzte.

UPV/EHUko kideek parte hartu behar badute beste unibertsitate batzuek iragarritako lehiaketetan, gomendatzen zaie fisikoki ez bertaratzea eta bileretan modu birtualean parte hartzea. Deialdia egin duten unibertsitateek adieraziko dute zein bide telematiko erabili behar den horretarako. Ikastegiek horretarako behar diren laguntza eta baliabide teknikoak jarri beharko dituzte.

5.4. Doktorego tesiei dagokienez, aplikatuko da UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2020ko martxoaren 10eko Erabakia, COVID-19 birusaren epidemiari eusteko errefortzu neurrien eragina jasan duten doktorego tesien defentsaren ingurukoa.

5.5. MALen defentsari dagokionez, arautegiak aukera ematen du bideokonferentziaz egiteko, ikastegiak baimena emanez gero. GRALei dagokienez, Graduko Batzordearen erabakiz, martxoaren 13az geroztik onartzen da defentsa bideokonferentziaz edo bestelako bide digitalez egitea, ikastegiak zehazten dituen baldintzetan.

5.6. Beste neurri batzuk

Agintari eskudunen jarraibide eta gomendioei eutsiz eta Prebentzio Zerbitzuak haiek betetzeko emango dituenei kasu eginez, errektoreak behar diren neurri guztiak hartuko ditu eta neurriok UPV/EHUko webgunean argitaratuko dira.

6. Jarduera akademikoak etetea

6.1. Agintari eskudunek hala gomendatzen badute, errektoreak erabakiko du jarduera akademikoak erabat edo neurri batean etetea.

6.2. Erabakia unibertsitatearen webgunean argitaratuko da. Halaber, honako hauek jarriko dira erabakiaren jakitun:

  • osasun agintari eskudunak;
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila;
  • erabakiak eragiten dien UPV/EHUko ikastegietako dekano eta zuzendariei eta zerbitzuetako buruak;
  • sailetako zuzendariak;
  • ikerguneetako zuzendariak;
  • Ikasleen Kontseilua;
  • langileen ordezkariak;
  • UPV/EHUko instalazioetan eskola ematen duten UPV/EHUko ikastegi atxikiak;
  • Mugikortasun hitzarmen baten bidez UPV/EHUn ikasleak dauzkaten unibertsitateak;
  • Erabakiak eragin diezaiekeen EHUtaldeko entitateetako zuzendariak.
  • ebaluazio agentziak;
  • Gizarte Kontseilua;
  • Prebentziorako Zerbitzua.

6.3. Jarduera akademikoak etenez gero, honako instalazio eta zerbitzu hauek itxiko dira:

  • irakaskuntzan erabiltzen diren ikasgela eta laborategiak, landa praktikak eta doktoregoko ikasketei dagozkienak barne.
  • Ikasteko gelak eta informatika gelak;
  • UPV/EHUko lankidetza bekak eta UPV/EHUko instalazioetan egiten diren praktikak;
  • UPV/EHUko espazioetan programatutako ikastaro eta jarduerak; 
  • hitzarmen baten ondorioz UPV/EHUko espazioetan egitekoak ziren jarduerak, eta baimenez edo alokairuz UPV/EHUko espazioetan egitekoak zirenak ere, betiere agintari eskudunen gomendioei jarraituz.

UPV/EHUko instalazioetatik kanpo egiten diren praktikak mantenduko dira ala ez kanpoko erakundearen arabera.

Bertan behera geratuko dira ikasteko gelen zerbitzua UPV/EHUko biblioteketan, bai eta liburu mailegua ere, IRI eta AZPkoentzat izan ezik.

Ikasteko gela eta informatika gela guztiak itxiko badira ere, IRIek erabili behar badituzte irakaskuntza birtualerako materialak prestatzeko, baimena emango zaie, baina ezin izango da ikaslerik sartu.

6.4. IRIek eta AZPkoek beren betebeharrak betetzen eta zerbitzua ematen jarraitu beharko dute, jendearentzat ixten diren ataletakoek barne, ikasleak eskolara ez joan arren.

6.5. Ikastegi bakoitzeko IRIek ikasgelaz kanpoko irakaskuntza plan bat jarriko dute abian, eta behar diren egokitzapenak egingo dituzte irakasgaiak landu eta ebaluatuko direla bermatzeko, ikasleak ezin izango baitira unibertsitateko instalazioetara sartu. Ikasgelaz kanpoko irakaskuntza planei jarraipena egitea ikastegien, sailen eta IRIen ardura izango da, eta indarrean eta koordinaziopean egongo da aurrez aurreko irakaskuntza etenda dagoen bitartean.

6.6. IRIek areagotu egingo dute ikasleen tutoretza lana baliabide birtualen bidez. Ezin izango da inolaz ere aurrez aurreko bilerarik edo tutoretza saiorik egin ikasleekin unibertsitateko instalazioetan.

6.7. Ikasleak informatuta egon beharko dira eta eskatzen zaizkien zereginak egin beharko dituzte irakasleek esandako baliabide teknologikoak eta komunikazio tresnak erabiliz.

6.8. Etenaldia amaiturik, unibertsitateak, ahal den guztietan, berriz programatuko ditu bertan behera geratutako jarduera akademiko guztiak. Edozelan ere, ikasleei ebaluazio eskubidea bermatuko zaie.

6.9. Ahal dela, berriro programatuko dira etengatik bertan behera geratutako kanpoko jarduerak.

6.10. Ikastegien ardura izango da unibertsitatearen espazioetan jarduerak antolatuta zeuzkaten pertsona edo erakundeei jakinaraztea unibertsitateak bertan behera utzi dituela, eta horren berri emango diete, halaber, campusetako errektoreordetzei.

6.11. Unibertsitatean zerbitzuen emakida dutenei Gerentziak emango die jarduera akademikoen etenaren eta horrek dakarrenaren berri.

6.12. Garbiketa, mantentze, segurtasun, lorezaintza eta bestelako zerbitzuen enpresa kontratistei Gerentziak emango die jarduera akademikoen etenaren eta horrek dakarrenaren berri.

7. Unibertsitate-jarduera etetea

7.1. Agintari eskudunek hala gomendatuz gero, errektoreak erabakiko du UPV/EHUko unibertsitate-jarduera erabat edo partzialki etetea.

7.2. Unibertsitate-jarduera eteteko erabakia unibertsitatearen webgunean argitaratuko da. Honako hauek jarriko dira, halaber, erabakiaren jakitun:

  • osasun agintari eskudunak;
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila;
  • Espainiako Unibertsitate Ministerioa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa eta Ikerketaren Estatuko Agentzia;
  • Europako Batzordea;
  • ebaluazio agentziak;
  • UPV/EHUrekin ikasleen, AZPkoen edo IRIen mugikortasunerako hitzarmena daukaten unibertsitateak;
  • Erabakiak eragiten dien UPV/EHUko ikastegietako dekano eta zuzendariei eta zerbitzuetako buruak.
  • sailetako zuzendariak;
  • ikerguneetako zuzendariak;
  • Ikasleen Kontseilua;
  • langileen ordezkariak;
  • Gizarte Kontseilua;
  • Prebentzio Zerbitzua;
  • UPV/EHUko instalazioetan eskola ematen duten UPV/EHUko ikastegi atxikiak;
  • EHUtaldea eratzen duten entitateetako zuzendariak.

7.3. Etenaldiak berekin ekarriko du unibertsitateko instalazioetan egiten diren jarduera guztiak etetea: probak, oposizioak, tesi defentsak etab.

7.4. IRIek areagotuko dute ikasleentzako laguntza eta tutoretza lana eCampuseko ikasgela birtualen bidez eta urruneko komunikaziorako dauden baliabide guztiak erabiliz. Ezin izango da inolaz ere bilerarik edo tutoretza saiorik egin ikasleekin unibertsitateko instalazioetan.

7.5. Unibertsitateko jarduera etenez gero, errektoreak egun baliogabetzat joko ditu itxialdiaren egunak erabaki baten bitartez.

7.6. Etenaldia amaiturik, unibertsitateak, ahal den guztietan, berriz programatuko ditu etenagatik bertan behera geratutako jarduera akademiko guztiak.

7.7. Unibertsitate-jarduera eteteak instalazioetara sartzeko debekua dakar, protokolo honen arabera baimendutako langileentzat izan ezik.

7.8. Unibertsitateak aurreikusita dauka zeintzuk izango diren, unibertsitate-jarduera etenez gero, langileak bertaratzea beharrezkoa izango den zerbitzu kritikoak.  Gerentziak eta IRIen Errektoreordetzak lehendabizi langileen ordezkariei jakinaraziko dizkiete aurreikusitako neurriak,  eta haien berri emango diete interesdunei. Edozelan ere, bermatuko dituzte pertsona horien segurtasuna eta osasuna, eta haien esku jarriko dituzte beharrezkoak diren ekipoak eta neurriak (informazioa eta prestakuntza, garraioa, babes ekipoak etab.).

7.9. Gerentziak eta IRIen Errektoreordetzak jakinaraziko diete langileen ordezkariei jardueraren etenaldian zehar printzipioz zein atalek eta zein pertsonak egin dezaketen lan urrunetik, beharrezkoak diren programa eta aplikazio informatikoekin, eta horren berri emango diete interesdunei. Edozelan ere, bermatuko dute pertsona horien segurtasuna eta osasuna, eta haien esku jarriko dituzte beharrezkoak diren ekipoak eta neurriak (informazioa eta prestakuntza, ekipoak etab.).

7.10. Ikastegien ardura izango da jardueraren etenaldiaren berri ematea unibertsitatearen espazioetan jarduerak antolatuta zeuzkaten pertsona edo erakundeei, eta horren jakitun jarriko dituzte, halaber, campusetako errektoreordetzak.

7.11. Unibertsitatean zerbitzuen emakida dutenei (kafetegiei etab.) gerentziak emango die jardueraren etenaldiaren berri.

7.12. Garbiketa, mantentze, segurtasun, lorezaintza eta bestelako zerbitzuen enpresa kontratistei Gerentziak emango die jardueraren etenaldiaren berri.

8. Ikastetxe Nagusia

UPV/EHUko ikastetxe nagusiak bere protokoloa egingo du osasun agintarien jarraibideen arabera.

9. Protokoloa eguneratzea

Protokolo hau etengabe eguneratuko da arazoaren eboluzioaren eta informazio berriaren arabera. Aldaketak UPV/EHUren webgunean argitaratuko dira.

10.Protokoloa argitaratzea

Protokolo hau 2020ko martxoaren 10ean onartu du Zuzendaritza Kontseiluak eta haren berri eman zaio Gobernu Kontseiluko Batzorde Iraunkorrari. UPV/EHUko webgunean argitaratuko da eta indarrean egongo da COVID-19 (SARS-CoV-2) birusak eragindako osasun alerta aktibatuta dagoen bitartean.

Esteka: COVID-19 koronabirusa prebenitzeko neurriez informazio zorrotz eta argia emateko, Euskal Herriko Unibertsitateak leiho bat jarri du web atarian, non prebentzioari buruzko informazio eguneratua argitaratuko den etengabe:

https://www.ehu.eus/eu/covid-19