UPV/EHUk Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu du

Francisca de Aculodi, Maria Goyri eta Micaela Portilla sariak banatu dira

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/06

Martxoaren 6 honetan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolan, ekitaldi instituzionala egin da Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta bertan izan da Iñaki Goirizelaia Ordorika errektorea. Ekitaldian zenbait sari banatu dira: gradu amaierako eta master amaierako lanetan genero ikuspegia txertatzeagatiko sariak (Francisca de Aculodi saria eta Maria Goyri saria, hurrenez hurren) eta ikerketa feministei edo genero arlokoei buruzko tesi onenaren saria (Micaela Portilla saria).

UPV/EHUko errektoreaz gain, ekitaldiko buru izan dira honako hauek ere: Maite Zelaia Garagarza, Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren Arloko errektorea; Elena Agirre Basurko, Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolako zuzendaria; Teresa Nuño Angos, Berdintasunerako zuzendaria; Mª Pilar Aristizabal Llorente, Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakaslea; eta Pilar Hernández Castaño, Ikastegiko lehenengo promozioko maistra, egungo kokapenean denetik.

Honako hauei eman zaizkie gradu amaierako lanetan genero ikuspegia txertatzeagatiko sariak (Francisca de Aculodi saria):
- Giza eta Lege Zientziak atala, euskarako modalitatea: Izaro Zinkunegi Barandiaran, Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua. Lana: Emakumeak eta bertsolaritza. Gaiak, bertsolarien paperak eta bertsoak genero ikuspuntutik. Gaztelaniako modalitatea: Cristina Rodríguez Espina, Gizarte Langintzako Gradua. Lana: Reconstruyendo proyectos migratorios, generando espacios de encuentro: Claves para la intervención social con mujeres-madres latinoamericanas.
- Arteak eta Giza Zientziak atala: Adela Flamarique Unanue, Artearen Historiako Gradua. Lana: La mujer, el arte y el exilio: La subversión en la obra de Leonora Carrington y Remedios Varo.
- Osasun Zientziak atala: Estibaliz Aldekoa Martínez, Psikologiako Gradukoa. Lana: Parekoen taldeen bitartez GIB daukaten emakumeen auto-errealizazioa sustatzeko Proiektua.

Master amaierako lanetan genero ikuspegia txertatzeagatiko saria (Maria Goyri saria), berriz, Irune Robles Egozkueri eman diote ("Gizarte Zientzietako Ikerketa Eredu eta Arloak" masterra), Representaciones sobre cuidar/curar de las mujeres baserritarras de Bizkaia lanagatik.

Atal horretan, María Zapata Hidalgok ere accesita lortu du ("Ikerketa feministak eta generoari buruzkoak" masterra), gaztelaniako modalitatean, Depresión y procesos de recuperación: agencia, género y prácticas corporales lanagatik; euskarako modalitateko accesita, berriz Amets Jordan Arrietak lortu du (master bera), Luma, camp cultura eta euskal identitate lumadunak lanagatik.

Bestalde, ikerketa feministei edo genero arlokoei buruzko tesi onenaren saria (Micaela Portilla Vitoria saria) Aritza Sáenz del Castillo Velascori eman diote, La participación de las mujeres en el mercado laboral vitoriano (1950-1975) lanagatik.

Sariak banatu ondoren, etorkizuneko irakasleek omenaldia egin diete Gasteizko Irakasleen Eskolako lehenengo emakumezko ikasleei eta irakasle aitzindariei, lore sorta eta besarkada bana emanda. Belaunaldien arteko besarkada horrekin, irakasleen lanaren garrantzia ikusarazi nahi izan da.

Amaitzeko, Virginia Imaz Quijerak hartu du hitza, eta clown erara laburbildu eta azaldu du ekitaldia, Clownclusiones de Oihulari Clown ikuskizunaren bidez.