Basque Yourself First International Summer School

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/29

Carmen Agoués-Iñaki Goirizelaia-Mari Jose Olaziregi (ezk-esk)

Gaur goizean aurkeztu dute, Miramar Jauregian, Basque Yourself International Summer School egitasmoaren lehen edizioa, hau da, UPV/EHUren Udako Ikastaroen egitarauko ikastaro berria. Aurkezpen ekitaldian izan dira UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Udako Ikastaroen zuzendari Carmen Agoués, eta jardueraren koordinatzaile akademiko eta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzako zuzendari Mari Jose Olarizegi.

Basque Yourself International Summer School ikastaroa ekainaren 26tik uztailaren 15era bitartean egingo da, Donostian. Izena ematen duten partaideek goi mailako prestakuntza akademikoa jasoko dute mundu osoan prestigio handia duten profesionalen eskutik, eta, horrez gain, erabat murgilduko dira euskal kulturan eta hizkuntzan. Antolatzaileek prentsaurrekoan adierazi dutenez, "proposamen berria eta erakargarria da; honekin, Eman ta zabal zazu euskal unibertsitate publikoaren leloari jarraikiz, gure mugarri akademikoak ikusarazi eta euskal kulturarako murgilketa bat eskaini nahi dugu".

Edonork eman dezake izena baina bereziki euskal diasporako zein nazioarteko unibertsitarioek, betiere Euskal Herriko kulturaren eta nortasunaren gaineko interesa badute. Ikastaroan 12 ECTS kredituko programa askotarikoa eta osatua eskainiko da: besteak beste, eskolak eta mintegiak, euskara ikastaro bat, kultur eta jolas jarduerak, txangoak (Euskal Kostaldeko Geoparkera, sanferminetara, Bilboko Guggenheim Museora eta Albaola Euskal Itsas Faktoriara, esaterako), erakusketetarako bisitaldiak eta hiriko gastronomia elkarte batean jateko aukera. Ikastaroa ingelesez emango da, eta 1.800 euro ordaindu beharko da matrikula egiteko (ekainaren 1era arte egongo da formalizatzeko). Unibertsitate kideak koordinatzaile bat izango du berekin une oro, eta, eskatzen badu, buddy edo ikasle boluntario batek jarraibideak emango dizkio egonaldiaren lehen egunetan.

Lehen egunean, ekainaren 26an, ikastaroko partaideek gainerako kideak ezagutu ahal izango dituzte jai giroan, antolatzaileek ongietorria emateko egingo duten Welcoming Party edo Ongietorri Ekitaldian. Hurrengo hiru asteetan, ikaskideak eskolak eta mintegiak hartuko dituzte izen handiko irakasleen eskutik: William Douglass, Carsten Sinner, Oscar Alvarez, Bernardo Atxaga, Montserrat Guibernau, Brad Loewen, Kepa Junkera, Sergio Escribano...

Askotariko gaiak jorratuko dituzte ikastaroan: euskal musika, literatura eta dantza, zinemaren munduko euskaldunak, itzulpengintzari eta hizkuntza gutxituei buruzko ikerketak, Maineko bakailao arrantza, Ipar Amerikako euskal diaspora…

Ikasle matrikulatuek, halaber, aukera izango dute Udako Ikastaroen eskaintza zabaleko beste lau mintegi egiteko; aurten, besteak beste, giza zientziei, gizarte zientziei eta zientzia esperimentalei buruzko goi mailako biltzarrak eskainiko dira.

Bestalde, ikastaroaren programatik kanpo, antolatzaileek ikasleen esku jarriko dute hiriko askotariko eskaintza kultural eta ludiko zabala: surfa, gaztelania ikastaroa, pintxo dastaketa… Kultur murgilaldi horri esker, ikasle bisitariek hurbilagotik ezagutuko dute gure errealitatea.

Basque Yourself First International Summer School ikastaroari buruzko informazio gehiago:

https://www.ehu.eus/es/web/basque-yourself/home

Irekita dago izena emateko epea (leku kopurua mugatua da).

 

Aurkezpenaren bideoa

 

Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU