Pazientearen heriotzak larrialdietako osasun langileengan duen inpaktu emozionala

Ikerlan batek aztergai du ospitalez kanpoko larrialdietako langileek zer emozio izaten dituzten eta egoerari nola aurre egiten dioten paziente bati suspertzeko maniobrak egin eta hiltzen denean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/16

Osasun larrialdietako langileen lanak eragin handia du alderdi emozionalean. Zenbait kasutan, gainera, pazientearen heriotza traumatikoa izan daiteke hura suspertzen jardun dutenentzat. Horixe azaltzen du UPV/EHUko ikerketa talde batek egindako azterlanak; Irrintzi Fernandez-Aedo UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Sendoa Ballesteros-Peña UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle zein Osakidetzaren Bilbo-Basurtuko (Bizkaia) ESI Ospitaleko erizaina dira talde horretako buruak.  SEEIUC Erizaintza Intentsiboko eta Unitate Koronarioetako Espainiako Sozietateak ateratzen duen Enfermería Intensiva zientzia aldizkarian kaleratu dute ‘Estudio cualitativo sobre las experiencias y emociones de los técnicos y enfermeras de emergencias extrahospitalarias tras la realización de maniobras de reanimación cardiopulmonar con resultado de muerte' izeneko artikulua.

Euskal Herrian, urtero, osasun langileek bihotz-biriketako geldialdia izan duten 850 bat pertsona artatzen dituzte ospitaleko guneetatik kanpo; % 80 artatze lekuan bertan hiltzen dira, osasun langileek suspertzeko ahaleginak egin arren. Osasun langileek hartu behar dute bizi euskarriko maniobrak hasi edo amaitzeko erabakia, euren esperientzia eta trebetasun profesionalean oinarrituta. Pazienteen heriotzak, kasurik gehienetan, inpaktu handia izaten du osasun larrialdien zerbitzuan aritzen diren langileengan. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertaldearen azterlanak erakusten du inpaktu emozional horrek askotariko faktoreak dituela oinarri: besteak beste, langileek pazientearekin duten harreman pertsonala, egoeraren gaineko enpatia, eta pazientea gaztea edo adin txikikoa izatea. "Sortzen diren emozio eta sentsazioak tristuraren eta lasaitasunaren arteko nahastea dira: tristura, pazientearen bizia salbatu ezin izan delako, eta lasaitasuna, ahal izan den guztia egin delako ziurtasuna dagoelako", esan du Sendoa Ballesteros-Peña irakasleak.
Halaber, ikerlanak egiaztatu duenez, osasun langileek, pazientearen heriotzak edo beste gertaera traumatiko batek eragindako emozio negatiboei aurre egiteko, paseatu edo meditatu egiten dute; gainera, konfiantza harreman estua duten lankideen babesa jasotzen dute, eta, neurri txikiagoan, senideena ere bai. Ildo horretatik, nahiz eta enpresa batzuek langileentzako laguntza psikologikoko zerbitzua duten, inkesta bete duten osasun langileek ez dute erabiltzen zerbitzu hori, baina, hori bai, ontzat jotzen dute. Datu hori ez dator bat "New Yorkeko larrialdi zerbitzuko paramedikuek adierazitakoekin, hango langileen % 75ek erabili izan baitituzte enpresek ematen dituzten adimen mentaleko zerbitzuak; halere, haiek bat datoz lankideekin hitz egitea dela emozioei aurre egiteko erabiltzen den estrategia nagusia".

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileen lanak agerian uzten du larrialdietako osasun langileek uste dutela prestakuntza handiagoa behar dutela senideei berri txarrak emateko gaitasunak lortzeko, haien hasierako erreakzioak zehazten baitu berriak jakinarazteko modua. "Elkarrizketatutako langileek adierazi dutenez, oro har uste dute berriak ez direla behar bezala jakinarazten praktikan, eta sarritan berriak ematea saihesten dute; horren ondorioz, albistea ez da jakinarazten harik eta mediku bat bertaratu eta ardura hori bere gain hartzen duen arte", azpimarratu du Ballesteros-Peñak.

Informazio gehigarria

Sendoa Ballesteros-Peña (Bilbo, 1981) Erizaintzan graduatua da, Osasun Publikoaren arloko masterra du eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Basurtuko Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko erizain asistentziala da, eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza I sailan irakasle elkartua. Gainera, Bizkaiko Erizaintza Zientzien Akademiako kide osoa da.

Irrintzi Fernández-Aedo (Bilbo, 1981) Erizaintzan diplomatua da, Farmazian lizentziatua eta doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza I sailan irakasle atxikia da.

Erreferentzia bibliografikoa

Fernández-Aedo I, et al Estudio cualitativo sobre las experiencias y emociones de los técnicos y enfermeras de emergencias extrahospitalarias tras la realización de maniobras de reanimación cardiopulmonar con resultado de muerte Enfermería Intensiva DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.enfi.2016.10.003