«Gaztelugatxek erabat konektatzen du 'Game of Thrones'en unibertsoarekin»

Telesailaren arte zuzendari Christina Moore arduratu da zazpigarren denboraldian agertuko diren Euskal Herriko eszenarioez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/17

‘Game of Thrones' telesail arrakastatsuaren arte zuzendaritzaren arduradun Christina Moore-ren hitzaldia egin zen aretoa, Zientzia eta Teknologia Fakultateko paraninfoa, lepo bete zen atzo. Moore harrituta agertu zen hainbeste lagun zain zituela-eta, baita pixka bat urduri ere.

Christina Moore. Fotografía: UPV/EHU

Hitzaldian, Lannister eta Stark familiek, Daenerys Targaryen khaleesiak, dragoiek eta basatiek, besteak beste, protagonizatzen duten telesaileko alegiazko mundua nola sortzen den azaldu zuen, bera baita dekoratu ikusgarri horien erantzuleetako bat. Hala, munduan barrena barreiatuta dauden dekoratu ikusgarri horiek sortzeko (jauregiak, kaleak, anfiteatroak…) egin behar den talde lana; hots, artisauena, arotzena, lorezainena, buztinlariena... erakutsi zien hara hurbildutakoei. Halaber, Moorek esan zuen filmazioak hartzen dituen herrialdeetako museoak bisitatzea gustatzen zaiola, eta han dauden artelanak "inspirazio" izaten dituela dekoratuetarako. 

 

 

 

Charla de la directora artística de "Juego de Tronos" from UPV/EHU on Vimeo.

Christina Moore Europan eta Afrikan egiten ari diren filmazioen arte zuzendaritzaren arduraduna da; hori horrela, berak, besteak beste, erabaki ditu zazpigarren denboraldian agertuko diren Euskal Herriko kostaldeko  kokalekuetako eszenarioak, hots, Zumaia, Barrika eta Gaztelugatxe. Londreseko arte zuzendariak euskal kostaldearen edertasuna nabarmendu zuen, eta Gaztelugatxeren irudi bat jarri zuenean, telesailaren alegiazko unibertsoarekin "erabat konektatzen" duela adierazi zuen.

Ikasleen galderei erantzunez, esan zuen ‘Game of Thrones' bezalako produkzioetan lan egiteko "prestakuntza, espezializazioa, pasioa eta zorte apur bat" izan behar dela.  "Lehen aukera emango dizun hori aurkitzea oso garrantzitsua da", azpimarratu zien hara hurbildutakoei.

Arkitektura eta ikus-entzunezko ikasketak ditu Moore-ek, eta karrera zabala ere arte zuzendari moduan, eta gainera hainbat aitortza jaso ditu, besteak beste, Emmy saria. Halaber, film-zuzendari garrantzitsuekin egin du lan: Ang Lee, David Mamet, James Ivory edo Michael Radford. Londreseko arte zuzendaria UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea sailak ekarri du campusera.